Jaietan ere solidario izateko aukera

Jaietan ere solidario izateko aukera
2014/09/05 00:00
eta kitto!

Arrate bezpera domeka izan arren, jaia egun bat aurretik hasi nahi duenak horretarako aukera izango du. Izan ere,  zapatu gauerako DJ jaialdi berezia antolatu dute Munchmeyer gaitza dutenei laguntzen dien Bizimina plataformakoek: Bizimina Mendi Elektro Jaia. 22.00etatik aurrera zelaia musikaz betetzeko asmoa daukate: Pantaka (Zarata System), Piper (Zarata System), Oxide aka Manu, Gurru, Bolitxe eta beste batzuk zelaia girotzen ibiliko dira eta, bien bitartean, plataformako kideek txosnan ogitartekoak eta edariak saltzen egongo dira. Azken urteotan egindakoaren bidetik, horiek saltzen batzen duten dirua elkarteak gaixoei laguntzeko garatzen dituen jardueretan erabiliko dute.
Parrilada Arrate egunean
Eta jaia aprobetxatuta, Eibarko EAJ-PNVk ekimen solidarioa antolatu du Arrate egunerako, ELA gaixotasuna dutenei laguntzeaz arduratzen den ADELA Euskal Herria erakundeari laguntza emateko asmoz. Eva Juez bozeramaile jeltzaleak azaldu duenez, "parrilada solidarioa eguerdiko 12.00tan ospatuko da Arrateko zelaian. Karlos Ibarrondo parrilero profesionalak egindako Euskal Baserriko Lumagorri Eusko Labeldun oilasko izter pintxoak eskainiko dira 2 euroren truke, eta nahi duenak ere sagardo kupela edota ura edan ahal izango du".
Azaldu dutenez, "uda honetan berba asko egin da ELA gaixotasunari buruz martxan jarri den sentsibilizazio kanpainaren inguruan, baina badirudi erakundeek ez dutela espero bezalako babes ekonomikorik jaso. Horregatik, Eibarko EAJ-PNVk ekimen solidario honen bitartez erakundeari lagundu nahi dio".
Ekimen solidarioa abian ipini ahal izateko lantaldea osatu dute: "Alderdikide eta burukideek parte hartu eta lan egingo dute barraren beste aldean eta, horrez gain itsulapikoak ere ipiniko dira nahi duenak ekarpenak egin ditzan. Irabazi guztiak, gaixoen bizi kalitatea hobetzeaz eta laguntza eskaintzeaz arduratzen den, ADELA Euskal Herria erakundearentzat izango dira". Jeltzaleek eibartar guztiak ekimenarekin bat egitera animatu nahi dituzte, "gaixo dauden guztiei laguntza eman eta babesa erakusteko".