Jaixak Herrixak Herrixandako, biziberrituta eta ilusioz beteta

Eibarko jai batzordeak prozesu parte-hartzailea garatu du, etorkizuneko jardunaz hausnartuz aurrera begira jartzeko
2025/04/11 11:09
eta kitto!

Geldialditxo bat egin, barnera begira jarri eta hausnarketa-prozesua egin du Jaixak Herrixak Herrixandako (JHH) jai batzordeak. Hainbat urte daramatza martxan taldeak eta belaunaldi berriek eman diote jarraipena denbora honetan, sasoian sasoikora egokituz, jaiotzatik izan dituzten helburu eta filosofiari eutsiz eta berrituz. Orain, ilusioaren deiadarra egin dute JHH biziberritzeko.

 

JHH plataformako Helene Otaduy eta Maddi Berriozabal izan ditugu solaskide jai batzordearen prozesu parte-hartzailea sakonago ezagutzeko eta JJH-k hartu duen bidea jakiteko. Hain zuzen ere, astelehen arratsaldean elkartu ginen, San Juan jaietako egitaraua prestatzeko bilera zuten momentu berean, hausnarketarako tartea hartu arren, JHH-k buru-belarri jarraitzen duelako herriarentzat jai herrikoiak eskaintzeko lanean.

Otaduyk azaldu digunez, “pandemiaren ondoren belaunaldi aldaketa eman zen JHH-ren barruan eta profil berria duen jendea iritsi zen taldera. Beraz, beharrak asetzeko edo aurretik zeuden behar ez asetuei erantzuna emateko premia zegoela ikusi genuen. Aldaketarako nahia zegoela ikusi genuen, baina baita motibazioa eta gogoa ere. JHH-ri beste buelta bat eta balioa eman nahi genion”.

Ez hori bakarrik. Azken urteetan gero eta egitarau anbiziotsuagoak eta jendetsuagoak antolatu dituzte. “Oso motibatuta gaude, baina “JHH-ren dinamikan jende berdina edo gutxiago ari zela ikusi dugu, desoreka dagoela”, Berriozabalen berbetan. Gauzak horrela, JHH-k prozesuaren inguruko txostenean azaldu duenez, “gero eta zailagoa da jai herrikoi, feminista, euskaldun eta parte-hartzaileak antolatzea”. Beraz, horri aurre egiteko, prozesu ireki eta parte-hartzailea sustatu zuten. “Talderako profil berriko jendea etorri zen eta ondo dago jende berria egotea, pentsatzeko modu berriak... Gu geu ere errutinan erori gaitezke eta beti gauza berak egiten jarraitu dezakegu. Dena dela, beti egon garenok ere parte hartu dugu prozesuan eta horrek balioa du. Izan ere, gure egiteko moduak birplanteatzen ari gara”, Berriozabalen ustez.

 

Hausnarketarako lau saio

Prozesua 2023ko azaroan abiatu zuten eta, bertan, JHH-ren etorkizuneko jardunaz hausnartu zuten, testuinguruan kokatuz eta sortu nahi duten jai eredu euskaldun, parte-hartzaile, herrikoi eta feminista praktikara eramanez. Horretarako, zenbait saio egin zituzten.

Lehenengo saioan JHH-en testuinguruaren inguruko hausnarketa egin zuten. “Barrura begira jarri ginen gure beharrak identifikatzeko eta zer aldaketa mota lortu nahi genuen zehazten joateko”, Otaduyk dioenez. Besteak beste, Eibarko Udalaren jai ereduaz mintzatu ziren. “Zaharkituta dago eta oso errepikakorra da”, JHH-ren berbetan. “Udalaren eskaintzak ez ditu gazteon beharrak asetzen eta ez diote inongo garrantzirik ematen hizkuntzari, parte-hartzeari, espazio seguruak sortzeari, eta abar. Horren aurrean, JHH-ren jarduna beharrezkoa da”. Horrez gain, JHH-ren anbizioa eta auzolanaren gainbehera, eta JHH-ren barne-antolakuntza ere aztertu zituzten.

Bigarren saioan, JHH-ren balio nagusiak definitzen eta ezaugarritzen saiatu ziren, eta plataformaren abizenen inguruan hausnartu eta definitu egin zituzten. JHH herrikoia, feminista, parte-hartzailea eta euskalduna da, eta hemendik aurrerako ekintzak antolatzeko filtroa izango dira, eurek ezarri nahi duten jai eredua bermatuz. Hain zuzen ere, hori izan zen hirugarren saioaren muina, teoriatik praktikara eta ekintza zuzenetara nola egin jakiteko. Dena dela, abizen horiez gain beste balio batzuk landu beharra ikusi zuten (adinartekotasuna, kulturartekotasuna, LGTB komunitatea...), etorkizunean gehitu daitezkeelarik.

Laugarren eta azken saioan, JHH-ren antolaketaz jardun zuten. Jaien antolaketa integraletik, herriko talde ezberdinen koordinazio espazio izatera igaro nahi du JHH-k. “Hau da, JHH-ren lana koordinazioa izatea eta ez jai guztiak goitik behera antolatzea”, azaltzen du Berriozabalek. Izan ere, antolaketa eredu berria pentsatzeko orduan herritarren parte-hartzearen eta eraginkortasunaren arteko oreka bilatu nahi izan dute. “JHH-ren egituraren eta jaien antolaketaren oinarria herriko elkarte, eragile eta norbanako taldeek osatzeko apustua egiten dugu”, dio plataformak. Eta gero, JHH-ren erabakigune eta espazio nagusia asanblada izango litzateke.

Teoria praktikara eraman

Hausnarketa prozesuaren ondorioz JHH berrindartuta irtengo dela espero dute eta, bizi-bizirik dagoen plataforma izanik, gauza berriak egiten jarraituko dute hemendik aurrera ere, beti daudelako egoera eta behar berrietara egokitzeko asmoz eta, nola ez, ondo irteten ez diren gauzei buelta emateko gogoz. “Adibidez, belaunaldien arteko harremanaz egin genuen berba saioetako batean eta adin ezberdinetako jendearengana heltzea da markatu dugun helburuetako bat”, diosku Otaduyk.

Hausnarketa prozesuan ateratako ondorioen adibide garrantzitsua biharko antolatu duten ‘Ostirala iritsi da’ ikuskizuna da. “Eguneko egitaraua indartu nahi dugu, gauekora bakarrik ez mugatu, eta urtean zehar ekintza ezberdinak egin nahi ditugu, jai jakinetara mugatu barik”, esan digu Berriozabalek. Horrela, Porrotx eta Marimotots pailazoen saio bikoitza (16:00etan eta 18:00etan) eskainiko dute bihar, Coliseo antzokian. Oraindik sarrerak salgai daude eta jaixakherrixakherrixandako@ gmail.com helbidera idatzita eskuratu daitezke aldez aurretik. San Juan jaiak ere ate joka ditugu, eta dagoeneko hiru bilera egin dituzte egitaraua prestatzeko. “Aurtengo Sanjuanak esanguratsuak izango dira, prozesuaren ondorioz zehaztu dugun antolaketa berriaren emaitzak ikusiko ditugulako, besteak beste”, diosku Berriozabalek. Bilera hauek irekiak izaten dira eta Instagram bidez ematen dute horien berri.