Jaixak Herrixak Herrixandakok elkarretaratzea egingo du hilaren 7an Udalari haserrea erakusteko

Jaixak Herrixak Herrixandakok elkarretaratzea egingo du hilaren 7an Udalari haserrea erakusteko
2021/09/01 23:00
eta kitto!
Orain dela pare bat egun Jaixak Herrixak Herrixandako plataformak Arrateko Jaietarako prestatutako egitarauaren berri izan genuen. Handik ordu batzuetara, ordea, bertan behera laga zuten prestatutakoa eta horren zergatia zein zen jakiteko Eibarko Udalari galdetzeko aipatzen zuten sare sozialen bitartez zabaldu zuten mezuan.

Jaixak Herrixak Herrixandakok esandakoari kasu eginez, Udalarekin harremanetan jarri ginen gertatutakoaren inguruan esateko zutena jakiteko, eta esan zigutenez, harriduraz hartu zuten plataformak aurkeztutako egitaraua eta, era berean, harrituta zeuden gero programa bertan behera geratzen zela ikusita. Udaletik esan zigutenez, kultura batzordeak pentsatzen du ez dela momentu aproposa horrelako ekitaldiak egiteko eta ez dute begi onez ikusten ezer egitea bizi dugun egoeran. Abuztua aurretik horrela zuten adostuta herriko kultura eragileekin, ez zela jai-ekitaldirik egingo, eta horregatik harritu ziren Jaixakek antolatutako egitarauarekin.

Udalaren bertsioa ezagutu ondoren, Jaixak Herrixak Herrixandakoren ikuspuntua jakin nahi izan dugu eta, sare sozialetan mezua zabaldu badute ere, euren bertsioa zein den azaldu digute. Euren berbetan, Sanjuanak amaitu ziren egunetik lanean ibili dira Arrateko Jaiak posible egiteko eta, beste herri batzuetako ereduei jarraituz, gaur egun bizi dugun egoerara egokituz, segurtasun neurriak kontuan hartuz eta protokoloak sortuz, “modu berriak sortu ditugu (terraza herrikoia, kontzertuak eserita, aforo mugatuak…) alternatibak eskaintzen jarraitzeko”, diotenez.

Arraten, ordea, ez da jaietako egitaraurik izango. “Eibarko Udalarentzat guk egindako lan guztia ez da nahikoa izan; ezezkoa jaso dugu bueltan”, diotenez; eta zera gehitzen dute: “kontzertuak eta kaleko zinea seguruagoak dira Udalak sinatzen dituenean Jaixak Herrixak Herrixandakok sinatzen dituenean baino?”.

 

Laguntza eza eta oztopoak

Jaixak Herrixak Herrixandako taldekoek diote aipatzekoa dela Udalak eurekiko erakusten duten komunikazio falta. “Urteroko bideari jarraituz eta jakinda abuztuan oporretan izango zirela, Sanjuanak amaitu eta berehala Arrateko jaietara begira lanean jarri ginen eta eurekin kontaktuan jartzen. Mesedez eskatu genien uztailerako dena lotuta lagatzeko, bestela guretzat ezinezkoa delako egitaraua ganoraz osatzea, baina ez ziguten kasurik egin eta uda osoan ez dugu ez dei, ez mezu, ez posta-elektronikorik jaso. Eduki dugun kontaktu bakarra etxera heldu zaigun mezu bat izan da, dena ukatzen zigutela zioen mezua. Ez dira saiatu erdibideko zerbait bilatzen edo adostasun batera heltzen, zuzenean ezetz eta kitto”, esan digute Jaixakekoek.

Plataformakoen iritziz, “horrekin erakusten dena da era horretako ekitaldiak ondo daudela Udalak antolatzen baditu bakarrik, guri aukerarik ere ematen ez digutelako. Horren adibide dira iazko eta aurtengo udetan Udalak Untzagan eta txosnagunean antolatu dituen kontzertuak. Iaz Sanjuanetarako Eibarko musika talde batzuk ekarri nahi izan genituen, baina ez ziguten laga. Ostera, ezezko hori eman eta gero, eurek talde horrek kontratatu zituzten udan zehar Untzagan antolatu zituzten kontzertuetarako. Aurten ere kontzertuak eta antzerkiak antolatu dituzte txosnagunean, guk jarraitu behar genituen segurtasun-neurri berak jarraituz eta toki berean. Gure kasuan, COVID-19a dela eta, ezinezkoa izan zen; euren kasuan ez, ordea”.

Jaixakek dioenez, “inongo laguntzarik ez emateaz gain, Udala behin eta berriz dabil gure edozein proiektu oztopatzen. Sanjuanetan, adibidez, arazo handiak izan genituen mahaiekin. Brigadakoek laguntzea posible izango zen galdetu genuenean, oporretan zeudela erantzun ziguten, eta gero egunean bertan lanean ikusi genituen, Udalak antolatutako ekintzetan, noski”.

Zera gehitzen dute gainera: “Alde ekonomikoari dagokionez, aipatzekoa da sasoi gogorrak dihardutela izaten autogestioan oinarritzen diren proiektuentzat, txosnak direlako gure diru-iturri nagusia. Horrek gure lana zailtzen duen arren, herriari alternatiba eskaintzen saiatzen gara etengabe, baina hortan ere Udalak ez du laguntzen. Diru-laguntzak eskatzen saiatu gara eta oztopoak izan ditugu beti. Pandemia hasi zenetik ez dugu laguntzarik jaso, are gutxiago laguntza ekonomikoa. Zer egin du aurten Udalak kulturara bideratuta zuen aurrekontuarekin?”.

Plataformak argi laga nahi du “herritarren osasuna bermatzea” euren lehentasuna dela, baina diotenez, “batzuei COVID-19aren aitzakia primeran etorri zaie proiektu hau oztopatzen jarraitzeko eta jai herrikoi, euskaldun, parte-hartzaile eta feministak debekatzeko”. Euren ustez behin baino gehiagotan erakutsi dute posible dela, aisialdia eta kultura seguruak direla, eta alternatibak sortzeko gai direla.

 

Kabreo-kanpaina

Jaixakekoek diote jai herrikoien alde lanean jarraituko dutela. “Horretarako, kabreo-kanpaina jarri genuen martxan: haserre gaudelako, Udalak egin dituen gauzek zentzurik ez dutelako eta herriak beste erantzun bat merezi duelako. Udalarekin behin eta berriz gertatu zaiguna herriari erakutsita, herritarrak haserretzea lortu nahi genuen, eta haserre hori erabiltzea Udalari erakusteko jaio herrikoi, euskaldun, parte-hartzaile eta feministak merezi ditugula. Horren parte izan zen Arrateko Jaietako egitaraua bertan behera lagatze hori”, aipatu digute.

Aipatutako guztiagatik eta Udalari haserrea adierazteko, hilaren 7an, martitzenean, 19:00etan, Untzagan elkarretaratzea egiteko deia egin du Jaixak Herrixak Herrixandakok.

 

jaixak herrixak herrixandako arrate oharra