Jarduera fisikoaren orientaziorako beste puntu bat jarri du Eibarko Udalak, «Eibar Mogidu» ekimenaren baitan
2018ko azaroan, Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua eratu zen, «Eibar Mogidu» izenarekin. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, jarduerarik eza hilkortasunaren laugarren arrisku-faktorea da mundu mailan, hipertentsioaren, obesitatearen eta tabakismoaren atzetik. Herritarren osasuna eta ongizate orokorra hobetzeko helburuarekin sortu zen ekimen hau, aktibo ez dauden eta sedentarioak diren pertsonei jarduera fisikoa egunerokoan txertatzen laguntzeko.
Prozesua jarduera fisikoko bi orientazio-puntuetako edozeinetan hasten da; lehenik, kontsulta bat egiten da lehen mailako arretako profesional batekin, eta handik Astelena pilotalekuan dagoen bulegora bideratzen da pertsona. Zerbitzua doakoa da, eta jarduera fisikoan aditua den pertsona baten laguntza eskaintzen du, modu indibidualizatuan eta erabiltzaile bakoitzaren aukeretara egokituta. Erabiltzaileak udalerrian dauden aukerei buruzko aholkularitza jasotzen du, eta baita laguntza eta jarraipena ere, eguneroko bizitzan ariketa fisikoko ohitura berriak txertatzeko aukera izan dezan. Horrela, erabiltzaile bakoitzaren jarduera fisikoaren maila ebaluatzen da, kasuan kasuko testuinguru pertsonala eta soziala kontuan hartuta; jarduerak eta ariketa fisikoak bere patologietan eta bizi-kalitatean dituen ondorioak erakusten zaizkio; patologien arabera egokiena den jarduera-motari buruzko orientazioa ematen zaio; herrian erabilgarri dauden baliabide materialen eta giza baliabideen berri ematen zaio; helburuen eta behar pertsonalen arabera jarraitu beharreko plana adosten da; behar izanez gero jarduera egiten laguntzen zaio, eta, azkenik, bilakaeraren jarraipena egiten da.
Zerbitzua hobetzeko, eta ikusita bertara jotzen zuten pertsona askok ez zutela jarduera fisikoa egiteko ez ohiturarik ez kulturarik —eta horrek zaildu egiten zuen talderen batera bideratzea edo jarduera fisikoa egitea gomendatzea—, 2019an «Mugigela» programa jarri zen martxan. Doako jarduera bat da, Ipuruako kiroldegian egiten dena, non astean behin eta hilabete batez, erabiltzaileei agindutako ariketak egiten erakusten eta laguntzen zaien ohitura osasungarriagoak hartzen joan daitezen.
Jarduera fisikoaren eta osasunaren batzordea
2024an Eibarko Udalak Kirolaren, Jarduera fiskoaren eta Osasunaren Mahaia eratuko du, eta bertan sartuko da Jarduera fisikoaren eta osasunaren batzordea. Horrela, izaera ofiziala emango zaie «Eibar Mogidu» ekimenaren barruan tokiko hainbat elkarterekin (AECC, Untzagako Jubilatuen Etxea, Pagatxa, Kore gimnasioa, etab.) egin diren bilerei, haien ikuspegia ezagutu, informazioa partekatu eta proposamenak trukatzeko. Asmoa da proiektua herriko eragile gehiagok ezagutzea eta ekimenarekin bat egitea.