Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzua berriz jarri dute martxan
Udako etenaldiaren ondoren, urritik aurrera Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzua jarri dute martxan berriz, Eibarko Udalak sustatutako Eibar Mogidu ekimenaren barruan. Horren helburua sedentarismoa murriztea eta eibartar guztiei bizitza aktiboagoa eta osasungarriagoa izaten laguntzea da.
Zerbitzua guztiz doakoa da eta jarduera fisikoaren urritasuna duten kolektibo sedentarioenetan jartzen du arreta. “Izan ere, jarduera fisiko gutxi egiteak zuzenean eragiten du haien osasunean”, ekimenaren sustatzaileen berbetan.
Ekimenaren inguruan informazioa jasotzeko mogidu@eibarkirola.eus helbidera idatzi edo 688 724 174 telefonora deitu daiteke. Bestela, orientazio zerbitzua Astelena frontoiko bulegoan eskainiko du martitzenetan (11:00etatik 17:00etara) eta eguenetan (09:30etik 13:30era).
70 parte-hartzaile iaz
Joan den ikasturtean 70 lagun artatu zituzten guztira (45 emakume eta 25 gizon), eta gehienak Lehen Mailako Arretako Osasun Zentroetatik bideratu ziren. “Garrantzitsua da azpimarratzea artatutakoen % 52,86 pertsona ez-aktiboak izatetik pertsona aktiboak izatera igaro zirela jarduera fisikoari buruzko nazioarteko galdetegiaren arabera (IPAQ), % 21,43 Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatutako jarduera fisikoaren mailan mantendu zen, eta % 25,71k ez zuen jarduerarik gabeko egoera iraultzea lortu. Datu horiek erakusten dute garrantzitsua dela tokiko erakunde eta elkarteen arteko lankidetza (sare komunitarioa)”, sustatzaileen hitzetan.
Honez guztiaz gain, esku-hartze komunitarioaren beste adibide bat Osakidetzako Osasun Komunitarioko Sareak erorketak prebenitzeko sustatu zituen tailerrak izan ziren. Bertan, Udaleko Kirol Sailak eta Gizarte Zerbitzuek parte hartu zuten, bai eta herriko beste agente batzuek ere. Tailerrak Untzagako Jubilatuen Zentroan eta Beheko Tokian egin ziren; parte-hartzea handia izan zen eta harrera ona izan zuten. Erorikoak osasun publikoko arazo garrantzitsu bat dira, batez ere adinekoen kasuan.
Ibilixan eta Mugigela programak
Ikasturte honetan zehar Ibilixan programa (ibilaldi osasungarriak) ere martxan egongo da, eta baita Mugigela programa ere. Ibilixanen jarduera barixakuetan izango da, Parte-hartzaileak hamabostean behin. Anbulatorioko parketik irtengo dira, 10:00etan, era ordubete eta laurden inguruko ibilaldia egingo dute.
Ibilixanen hurrengo irteerak urrian 18an, azaroaren 15ean eta 29an, eta abenduaren 13an egingo dira.
(Argazkia: Patxi Galarraga)