Jaurlaritzak ia %44 jaitsi du …eta kitto! aldizkariaren diru-laguntza
Astelehenean jaso zuen komunikabideen alorraren aurtengo diru-laguntzen esleipena …eta kitto! Euskara Elkarteak. Esku artean duzuen aldizkariak 26.402 euro gutxiago jasoko du 2012an Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak banatzen duen diru-poltsatik.
Tokiko hedabideoi dagokigun diru-poltsak %18ko jaitsiera izan du, baina …eta kitto!ren jaitsiera %43,67koa izango da; dirutan, jaitsiera handiena da gure aldizkariak izango duena. Inoiz izan dugun jaitsierarik nabarmenena, 2006. urteaz geroztik ez zuen Eusko Jaurlaritzatik hain kopuru txikia jasotzen aldizkariak eta eragin zuzena du elkarteko Batzar Nagusiak onartutako aurrekontuan.
Zuzendaritzak jakinarazi duenez, jaitsiera horren aurrean beharrezkoak izango diren errekurtso, bilera eta azalpenak eskatuko ditu eta guztien berri emango da.