Joxe Aranberri omendu dute Txistorra Egunaren 22. edizioan

Eguraldi euritsu eta kaskarra izan arren, jendetza elkartu zen Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatutako ekimenean
Joxe Aranberri omendu dute Txistorra Egunaren 22. edizioan
Joxe Aranberri larunbateko omendua, familiarekin (Argazkia: Yanire Sagredo Hernaez)
2026/11/23 10:32
Ekhi Belar Errasti

Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatutako Txistorra Egunak jendetza bildu zuen joan den larunbatean, eguraldi euritsu eta kaskarra izan arren. Eguneko unerik berezienetako bat Joxe Aranberri omentzeko ekitaldia izan zen. Horrela, elkartearen mendeurrenaren urtean, urte gehien daramatzan zuzendaritzako kideari egin zioten aitortza.

Jende ugari bildu zen karpan jardunaldi osoan zehar. Egitaraua 11:30ean hasi zen, Debako gaiteroek giroa alaituta. Ondoren Joxe Aranberri omendu zuten, Eibarko Txirrindulari Elkarteko arima eta urte gehien daramatzan zuzendaritzako kidea. Ekitaldia bereziki hunkigarria izan zen, Aranberrik ez baitzekien bera izango zela aurtengo omendua. Elkarteak sekretuan gorde zuen, familiaren laguntzarekin.

 

Hainbat zozketa

Arratsaldeko 15:00etan etenaldia egin zuten, eta 18:30ean ekin zioten berriro jardunaldiari. 21:00etan hainbat sariren zozketa egin zuten eta beheko irudian dituzue zenbaki irabazleak.

Elkarteak eskerrak eman dizkie Eibarko Udalari, Oberena harategiari eta eguna antolatzen lagundu duten enpresa zein norbanako guztiei.

Zozketako sariren bat egokitu zaienek azaroaren 25etik abenduaren 4ra jaso ahal izango dituzte opariak, Eibarko Txirrindulari Elkartearen bulegoan, Pagaegi kaleko 3. zenbakian, beheko solairuan. Ordutegia 19:00etatik 20:00etara izango da.