JAZ-Zubiaurre enpresak 100 urteko ibilbidea ospatzeko ekitaldia egin du gaur
Bertan egon dira, besteak beste, Imanol Pradales Lehendakaria, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, eta Jon Iraola alkatea. Halaber, eremu politiko eta enpresarialeko tokiko eta lurraldeko agintari nabarmenak bildu ditu ekitaldiak. Han izan dira Isabel Busto Adegiko presidentea, Tamara Yagüe Confebaskeko presidentea, eta Antonio Garamendi CEOEko presidentea, beste hainbatekin batera. Eduardo Zubiarre JAZ-Zubiaurreko zuzendari nagusiarekin batera lantegian bisita egin ondoren, ordezkari politikoek egin dute berba. Denek azpimarratu dute enpresaren ikuspegia eta erresilientzia, bere artisau-hasieretatik hasi eta gaur egun merkatuko lidergo globala lortu arte. Esan dutenez, gure lurraldean 100 urte betetzera ailegatu diren enpresa gutxi daude: JAZ-Zubiaurre mendea bete duten Euskal Herriko erakundeen zerrendan 36.a da. Enpresak lortutako mugarriaren garrantzia ere azpimarratu dute, baita enpresaren egokitzeko gaitasuna eta etorkizuneko ikuspegia, “Eibarren sortu zen tailer txikia, gaur egun sektoreko erreferente nazionala izatera iritsi arte”.
Eduardo Zubiaurre zuzendari nagusiak adierazi duenez, “gure lehen mendeurrena ospatzeak harrotasunez betetzen gaitu eta gure proiektua hazteko erabakiz inbertitzera bultzatzen gaitu. Gure ibilbidean aurretik egon diren pertsonen ekarpena aitortzen eta eskertzen dugu, eta balioa eta ongizatea sortuko duen enpresa lehiakorra eraikitzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu. Etorkizunari begira, gainazalen tratamendu mekanikoaren sektorean nazioarteko erreferente izaten jarraitzea dugu helburu”.
Jon Iraola alkateak Eibarko enpresak lortutakoaren garrantzia azpimarratu du: “Alkate gisa, ezin dut nabarmendu gabe utzi enpresak Eibarko garapen ekonomiko eta sozialean izan duen garrantzia. Sorreratik, enpleguaren, berrikuntzaren eta lan ondo egindakoaren adibide izan da”.
Eider Mendoza diputatu nagusiak, bestetik, lan-talde osoa zoriondu du, industriak egiten duen ekarpenaren garrantzia nabarmenduz, “aukera eta ongizatea sortuz. JAZ-Zubiaurre gure industriaren bokazio internazionalaren eta nazioartean aitortua izatea lortu duten bertuteen erakusle bikaina da: garapen teknologikoa, aldaketa sakonak ezartzeko ausardia, etekinak berriro inbertituz bere gaitasunak sendotzea, fidagarritasuna... Familia-enpresa hau, dagoeneko laugarren belaunaldira iritsi dena, bere jarduera-arlo guztietan etengabe berrikuntzak txertatzeagatik nabarmendu da, baita energia berriztagarrietan egindako apustuagatik ere”.
Imanol Pradales Lehendakariak egin du azken interbentzioa: “Badakigu zailtasunak eta ziurgabetasun globalaren baldintzak daudela, baina hazteko eta enplegua sortzeko itxaropen positiboari eusten diogu, baita industria-sektorean ere, hori baita euskal ekonomiaren motorra. Gure ongizatearen motorra. Gaur, JAZ-Zubiaurre enpresaren mendeurrena ospatzeko ekitaldi honek eboluzio positibo hau sostengatzen duten arrazoiak azaltzeko aukera ematen digu. Ehun urtetik gorako enpresa batean gaude; lantegi txiki bat, duela ehun urte, egokitzen, hazten eta lehiakortasunari eusten jakin duena sortzaileen ikuspegiari, ekintzailetzarako gaitasunari, inbertsioari eta arriskua hartzeari esker. Eskerrik asko proiektu komun baten alde eta talde-lanaren alde egin duten enpresaburuei eta langileei. Eta, jakina, baita kalitatea hobetzearen, prestakuntzaren eta karrera profesionalaren, merkatu berrietara zabaltzearen eta berritzearen aldeko apustuari esker ere”.
Hedapen-planen inguruan ere aritu dira: enpresak Eibarko lantegian ekoizpena %30 baino gehiago handitzeko lanean dihardu eta, era berean, AEBetako filialeko biltegia handitzeko asmoa du, bertan bere ekoizpenaren erdia baino gehiago merkaturatzen baitu.
Domingo Zubiaurrek 1924an sortutako artisau-tailerra
Armen leuntzaile dinastia batetik zetorren Domingo Zubiaurrek sortu zuen lantegia, 1924an. Ondoren, bere seme Javierren ekimenez, artisau-tailerra izatetik nazioarteko bokazioa zuen enpresa izatera pasatu zen, “sektoreko erreferente global bihurtu arte”. Zubiaurrek azaldu duenez, “70 pertsonatik gorako plantillan dagoen laugarren belaunaldiko kideekin, konpainiak etorkizunari aurre egiten dio berrikuntzan eta hedapenean oinarritutako plan anbizioitsu batekin, bereziki AEBetan eta Europan. Horretarako, hiru milioi euro baino gehiago inbertituko ditu, bere manufaktura eta logistika gaitasunak sendotzeko eta irtenbideen eskaintza zabaltzeko, 2025 ean 12 milioi euroko salmenta-zenbakia lortzeko helburuarekin”.
JAZ-Zubiaurre S.A. 1924az geroztik gainazalak tratatzeko tresnen eta metalezko hariak eta nylon urratzailea dituzten eskuilen ekoizpenean eta merkaturatzean aditua den enpresa da. Zubiarrek eman dituen datuen arabera, “berrikuntza eta garapenean 3 milioi euroko inbertsioarekin, enpresak 2025ean 12 milioi euroko salmentak lortzea espero du”. Bere produktuak fidagarriak eta berritzaileak dira, eta merkatu nazionalean lidergo posizioa sendotu dute 65 herrialdetara esportatzeaz gain, Estatu Batuetan presentzia nabarmena duelarik. Bertan bere filialaren JAZ USA Inc. bidez dihardu.