Jende gutxiago Arraten, euriaren eraginez
Asteburuan ospatu diren Arrateko jaietan azken urteetan baino jende gutxiago batu da, batez ere zapatuan bota zuen euriaren eraginez. Hala ere, atzo eguerdirako atertu zuen eta, tarteka ikusten zen eguzkiak animatuta, jaia ospatzera igo ziren eibartarrek ederto eman zuten Arrate Eguna eta egitarauak jasotako guztiak egin ziren azkenean. Zapatuan Jaixak Herrixak Herrixandakok antolatutako herri-bazkarian gazte mordoa elkartu ziren eta, txosnetako aterpeak babestuta, jai giroan bazkaldu zuten. Horrekin batera, herri kirolek bete zuten bezperako goiza. Arrateko santutegiko arkupeetan egindako erakustaldian Ernesto Ezpeleta Bihurri, Hodei Ezpeleta eta Alex Txikon aizkolariek jardun zuten, Ostolaza eta Aimar harrijasotzaileekin batera.
Arratsaldeko etenaldia eta gero, gauean jarraitu zuen jaiak. Kantabria jatetxean …eta kitto! Euskara Elkartearen eskutik egin zen bertso afarian, urtero lez jendetza batu zen eta jantokia bete zuten 200 lagunek Lizaso, Egaña, Lujanbio eta Zubeldiaren bertsoekin ondo baino hobeto eman zuten afalostea. Eta gau osoan euria bota arren, Cobra, Kaotiko eta Anai Arrebak taldeek kontzertua eman zuten, bustitzeko beldurrik izan ez zutenen gozamenerako.
Eta Arrate eguna euripean hasi zuten 10.00etan Kittonbolia! zabaldu zutenek. Hala ere, meza nagusia amaituta, Amabirjiñaren prozesioa hasi behar zenean, atertu eta egun osoan ez zuen berriz euririk bota. Horri esker, egitarauko ekitaldi guztiak egiteko arazorik ez zen izan, nahiz eta ohikoa baino jende gutxiago gerturatu. Eguerdian, zelaian presoen aldeko elkarretaratzea amaitu eta jarraian, Kezkak Arrateko Amaren dantzak eskaini zituen zelaian, Usartzako txistulariek eta Jainaga eta Narbaiza trikitilariek lagunduta. Jarraian bertsolariek saioa eskaini zuten eta, arratsaldean, Asola Berri elkarteak antolatutako Arrateko Amaren Hiru Txirlo Sariak ekion zion egitarauari. Dantza solte txapelketak hamar bikote batu zituen taula gainean eta, egunari agur esateko, Drindots taldeak dantzaldia eskaini zuen iluntzera arte. Datorren asteburuan jaiaren errepikapena ospatuko da, Kofradia eta baserritar jubilatuen egunean.