Jende guztiari irekitako aurkezpena egingo dute Deportiboko Mendikoek hilaren 12an Topalekuan
Ekimen horren helburua da, Batzordekoen esanetan, "kluba ezagutzen ez dutenei eta kuriositatea dutenei kluba gerturatzea, irteerek izan ditzaketen zailtasun mailarekin zalantzak dituztenei hori argitzea eta, baita, azken aldian joan ez baina berriro halako irteeretan parte hartu nahi dutenei ere asmo horretan laguntzea". Ez hori bakarrik, "kluba gauza delako lagun-taldearekin osatutako ingurunea sortzeko horrelako plamak egiterakoan lagun mendizalerik ez dutenentzat edo, baita, Eibarren bizitzen denbora gutxi daramaten eta zaletasuna partekatzea bilatzen dutenentzat ere". Aurrekoez aparte, "kirola modu jasangarrian eginez, banakako joan-etorriak eta ondoriozko kutsadurak saihesten ditugu, bakoitzaren poltsikorako dituen abantailak ahaztu gabe".
Aurten 25 izango dira irteerak, euretako 19 egun bakarrekoak, beti ere zapatuan. Beste seirak 2, 3, 4 edo 5 egunekoak dira. Berritasunen artean daude urtean zehar sei etapetan egingo den Herri Txiki Zeharkaldia eta gauez egingo den txangoa. Herri Txikin Gipuzkoa eta Nafarroako probintziek lotzen dituzten herri txikiak bisitatuko dira. Prestatutako ibilbidea klubak sortutakoa da, originala, eta datorren zapatuan estreinatuko dute, hilaren 14an, Aritxulegiko babeslekutik Arantzara joateko, tartean Bianditzeko (840 metro) eta Izuko (829 m.) gainak eginez. Gaueko txangoak, bestalde, naturan beste modu batean egotea ahalbidetuko digu: "Iluntasunean ikustera egokitzeak edo izarrek eskaintzen duten argitasuna esperientzia guztiz aberatsak izango dira".
Egun batzuetako kapituluan, Aste Santukoa izango da berezia. Bost egun horietan Oñama eta Alto Sil hartzen dituen Leongo zonaldean egingo dute, dimentsio handiko mendiak, paisaia berezia eta hartza arrearen habitataren barruan. Jakina, urtero bezala, irteerak izango dira baita Iparraldera, Pirinioetara, Riañora… ere.
Atsotitzak dioen bezala: "Bakarrik ibiltzean, azkarrago joango zara; lagunarekin, urrutiago helduko".