Jendea euskeraz berba egitera animatzeko txapak eta poltsak
Asteburuan hainbat ekimen garatuko dituzte Ostalariak eta Dendariak Berbetan programaren barruan, San Andres jaietan zein gabonetan, urteak dituen 365 egunetan bezala, herriko denda eta tabernetan jendea euskera erabiltzera animatzeko. Laster ikusiko dituzue “Atean ez gelditu, euskaraz aritu!” goiburua idatzita duten pegatinak Eibarko dendetan erositako opari-paketeak apaintzen. Ekimenarekin dendariak ez ezik bezeroak ere euskera erabiltzea nahi dutela diote arduradunek, "euskerak bizitzan egunero topatzen ditugun egoera guztietarako balio duelako, baita erosketak egiteko ere, animatu eta euskera oparitu!". Eta, horrekin batera, tabernetan ere euskera gehiago erabiltzea lortzeko asmoarekin, hainbat tabernari ikusiko dituzue Euskeraz Eskatu dioen txapa soinean dutela. Eta gaur kalean bazabiltzate, Euskaraz Primeran! idatzita duen poltsa etxera eramateko aukera izango duzue "herrian zehar horrelakoak banatzen ibiliko gara eta. Horrela, poltsa erabiltzen duzuen bakoitzean euskerak erosketarako ere balio duela gogoan izango duzue. Erabili euskera, euskera biziko bada geuk erabiltzen dugulako izango da-eta!".