Usartzak kalejira egingo du Santa Zezilia egunean
Txistulariek Eibarko hainbat kale zeharkatuko dituzte azaroaren 22an, 11:15etik 13:15era. Ibilbidearen zati batean, Musika Eskolako txistu ikasleekin elkartuko dira.
2026/11/18
13:17
Irati Alvarez Malaxetxebarria
Usartza Txistulari Taldeak kalejira egingo du azaroaren 22an, Santa Zezilia egunean, musikaren zaindariaren omenez. Goizeko 11:15etik 13:15era, Eibarko kaleak musikaz girotuko dituzte.
Kalejira Ipuruako Jubilatuen Etxean hasiko dute, eta Romualdo Galdos, Argatza lorategiak, Indalezio Ojanguren, Ipurua eta Sostoatarren kaleak zeharkatuko dituzte. Ondoren, Juan Gisasola kaletik jaitsiko dira Untzaga plazara. Han, Eibarko Musika Eskolako txistu ikasleekin elkartuko dira, eta kalejira elkarrekin jarraituko dute herrigunean barrena: Bidebarrieta, San Agustin, Errebal eta Untzaga inguruan.
Ibilbidea amaitutakoan, bazkaria egingo dute Santa Zezilia eguna ospatzeko.

