Euskal kulturaren aniztasuna erakutsiko du 61. Durangoko Azokak, 1.098 nobedade eta 311 ekitaldirekin

Abenduaren 4tik 8ra egingo da azoka, 174 partaide eta 286 erakusmahairekin. Sortzaileen lana eta euskarazko kultur eskaintza askotarikoa izango dira protagonista.
Euskal kulturaren aniztasuna erakutsiko du 61. Durangoko Azokak, 1.098 nobedade eta 311 ekitaldirekin
2026/11/19 11:00
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Euskal kulturaren aberastasuna eta aniztasuna erakusteko prest dago 61. Durangoko Azoka. Abenduaren 4tik 8ra egingo da aurtengo edizioa, eta guztira 1.098 kultur nobedade eta 311 ekitaldi eskainiko ditu. Landako Gunean 174 partaide eta 286 erakusmahai bilduko dira.

Aurten argitaratutako nobedadeen artean 681 liburu, musikarekin lotutako 177 lan, 57 aldizkari eta beste 156 argitalpen izango dira, hala nola jolasak, laminak eta papertegiko produktuak. Gerediaga Elkarteak euskarazko sorkuntza sustatzeko eta erakusteko topagune gisa aurkeztu du azoka, sortzaileei eta haien lanei protagonismoa emanez.

Egitaraua azokako guneetan banatuko da. Talaian 58 aurkezpen eta mahai-inguru egingo dituzte; Ahotsenean, berriz, 62 liburu eta 43 disko aurkeztuko dituzte bost egunetan. Irudienean euskaraz ekoitzitako 47 ikus-entzunezko lan eskainiko dituzte, eta Szenatokiak antzerkia eta arte eszenikoak bilduko ditu. Saguganbaran haur eta gaztetxoentzako jarduerak izango dira, eta Kabiak teknologia berriek gizartean eta euskaran dituzten eraginak aztertuko ditu.

Azokak iluntzeko eta gaueko eskaintza ere izango du aurten. Besteak beste, Beire, Txopet, Mikosis, TOC eta Peiremans taldeek joko dute, eta abenduaren 7an Musika Berria jaialdia egingo da, Verde Prato, Silitia eta Malakias taldeekin.

Azkenik, abenduaren 4an Ikasle Goiza egingo dute, eta hilaren 5ean Gazte Eztanda ospatuko dute, gazteei zuzendutako jarduerekin. Azokak egunero 10:30etik 20:00etara zabalduko ditu ateak, azken egunean izan ezik: abenduaren 8an 18:00etan itxiko dute.