Jimmy Barnatan (musikaria): “Benetako debozioa dago blues eta soularen inguruan”

Jimmy Barnatan (musikaria): “Benetako debozioa dago blues eta soularen inguruan”
2017/04/21 10:11
eta kitto!
Portalean meza berezia jasoko du domekan. Saioa 19:30etan hasiko da eta ‘Jimmy Barnatan & The Cocooners’ izango dira ekitaldiaren gidariak. Tartean, gospel giroa izango duten blues doinuak ‘The Cocoonettes’ emakume korista taldearekin. Barnatanek txikitan Harmlemen jasotako musika hartu eta gau magiko eta dibertigarria eskainiko die Portalean batuko diren debotoei.

 

-‘Bourbon church’ diskoa aurkeztera zatoz Coliseora. Aste Santuan elizara joan ez direnentzat aukera berria?

(Barreak) Bai, tira, gure eliza nahiko ezberdina da. Gure elizara (teorikoa) 12:00etako mezetara sartuko zinateke, baina ez eguerdikoetarako, gaueko 12:0etarako baizik. gurean kaliza sakabanatuagoa egongo da, ez da jauna hartzera joan beharko eta, seguru aski, ez da mezetan ipintzen duten ardo gogaikarri gozo hori banatuko, ‘bourbona’ baizik.

-Zuretzat ez da berria elizaren kontu hau, umea zinenean Harlemko gospel mezetara joana baitzara.

Nire amama New Yorken bizi izan zen urte askotan eta umea nintzenean Harlemen izan nintzen gospel mezak ikusten, turismoa egiten nuen bitartean. Hala ere, gehiago murgiltzen hasi nintzen bertan eskaintzen zen ikuskizunarengatik. Izan ere, ni judutarra naiz, beraz, ez nintzen bertara joaten kontu erlijiosoengatik. Predikari horiek ikustean, inoiz ikusi ditudan ‘frontman’ onenak, gospelaren munduan gehiago murgildu nintzen eta bakarrik joaten hasi nintzen. Koroak abesten zituen kantuak ezagutzen joan nintzen eta, behin, elizako atean zeuden laguntzaileetako batek esan zidan ondo abesten nuela eta ea hurrengo domekan koroarekin abestea nahi nuen. Abestu nuen eta, meza amaitu ostean, musikari batek esan zidan ea eurekin ‘Jam session’ batera joan nahi nuen ‘Arthur’s tavern’-era (7. etorbidea ‘Groove street’-ekin). “Noski joango naizela!”, esan nien, eta berak esan zidan: “eliza ezagutu duzu, orain egia ezagutuko duzu”. Horrela hasi zen bluesarekin dudan idilioa.

-Esan daiteke, beraz, zure ibilbide musikala eliza batean hasi zela.

Bai, guztiz ikaragarria! Baina berehala taberna batera pasatu ginen. Horregatik, uste dut ‘Bourbon church’-en genesia izan zela.

-Coliseoa Harlemko eliza batean bihurtuko duzu?

Hori ez da gure asmoa. Harlemko elizak oso ondo daude bertako sermoi amaigabeak eta hain ondo txirikordatutako musika entzuteko. Asko merezi dute, zoragarriak dira eta ia sinistera heltzen zara, baina gure eliza ilunagoa da, gaueko deserrotuentzat, gure herrian rock&rolla entzuten dutenentzat (tamalez multzo txikia dena), bluesa eta soula entzuten dutenentzat... azken finean, eliza horietan tokirik ez dutenenentzat egin dugu gurea.

-Blues eta rock&rollaren sinesleentzat egingo duzue ikuskizuna?

Zentzu honetan gure eliza besteen antzekoa da. Denak dira ongi etorriak gure etxera (barreak). Denon artean eraikitzen dugulako gure etxea. Lirika atzean lagata, blues eta soularen publikoari buruz berbetan, badakigu ez dela publiko ‘mainstreama’, ez da multzo handia, baina gauza zoragarri bat dauka, oso fidela eta hermetikoa dela. Zentzu batean, erlijio batzuen fededunak diren moduan. Erlijio batez berba egin ahal izango nuke, genero honekiko benetako debozioa dagoelako.

-Ez da zure lehen aldia Eibarren. Gogoratzen duzu aurretik Coliseoan eskainitako ikuskizuna?

Zoragarria izan zen! Publikoa hurbila eta beroa izan ohi da gurekin. Egia da, baita ere, jendearekin kontaktua izaten laguntzeko ikuskizuna eskaintzen saiatzen garela. Publikoa eta gu integratuta egotea ahalbidetuko duen kontzertua eskaintzea da gure nahia.

-Eibarko publiko fidela zain izango duzu.

Gau magiko eta dibertigarria izatea espero dut. Domeka gau bat izan behar den modukoa izaten saiatuko gara.