"Jira bueltan" jolas-tailerrak martxan herriko zazpi ikastetxeetako jangeletan
Dagoeneko martxan dira HH eta LHko zazpi ikastetxeetan jangelan bazkaltzen gelditzen diren HH5 eta LH1 mailetako umeei eta beraien jantokiko hezitzaileei zuzendutako jolas-tailerrak.
Tailer hauek Udaleko Euskara Arloak antolatzen ditu eskolan eta familian euskaraz jolastea sustatzeko helburuarekin.
Eibarko Haur Hezkuntzako zazpi ikastetxeetan Badihardugu elkarteak prestatutako "Jira bueltan" bilduman jasotako kantak eta jolasak landuko dituzte Astixako begiraleek jangeletako hezitzaileekin eta bertan gelditzen diren HH5 eta LH1 mailetako umeekin. Guztira 390 umek eta 30 hezitzailek hartuko dute parte taldeka, 12:15etatik 14:00etarako tartean, bazkalaurrean edo bazkalostean. 32 talde izango dira, eta bakoitzak 45 minutuko bi saio izango ditu jolasak ikasi eta praktikan jartzeko.
Tailerraren amaieran ume bakoitzari ikasitako jolasen bildumatxoa emango zaio etxera eraman eta familian ere jolas dezaten.
Tailer hauek helburu bikoitza dute; alde batetik, ikastetxeetako gune informaletan (patioa, jangela…) ikasleen arteko euskararen erabilera sustatzea, eta bestetik, gure aurreko belaunaldiei jasotako kanta eta jolasak berreskuratu eta biziberritzea.
Helburu horiek Euskararen Plan Estrategikoan jasotakoak dira.