Jokin Bergara, Eskolarteko Bertso Txapelketako Gipuzkoako txapelduna: “Bertsotan egitea hizkuntzarekin jolasteko modua da, ez besterik”
- Gipuzkoako txapelduna 15 urtetik 18ra artekoan. Ezustea izan da zuretzat?
Guztiz. Zalantzak izan nituen aurkezteko ere, baina azkenean animatu nintzen, galtzeko ezer ez nuela pentsatuz.
- Zelan joan zen Andoaingoa? Zaila izan zen irabaztea?
14 urtetik beherakoenekin hasi zen ekitaldia eta gero sartu ginen gu jokoan. Gu geunden argipean eta publikoa ilunean zegoen, ez hain gertu gure mesederako. Oinak emanda jardun genuen, gero ofizioka; eta esango nuke txapeldunordearekin jardun nuen azken horretan lortu nuela txapela.
- Aguraingorako zein asmorekin zoaz?
Berdin: ez dut ezer galtzeko eta ikastera joango naiz, esperientzia hartzera. Gustatuko litzaidake egun polita egokitzea eta jendea ezagutzearekin nahikoa dut.
- Zelako lana egin beharko duzue final horretan?
Zortziko nagusian bina bertso bota beharko ditugu eta zortziko txikian hiruna. Hamar lagunetik seira pasatuko gara galbahea egin ondoren eta gero kartzelako gaiarekin amaituko dugu.
- Zenbat urte daramatzazu bertsotan egiten?
Orain dela hiru urte Hankamotxak Eibarko bertso-taldearekin hasi nintzen, lehenengo idatzizko bertsoekin jardunez. Bertsotan egitea hizkuntzarekin jolastea modukoa da eta hori dut benetan gustoko.
- Zein bertso-mota gustatzen zaizu gehien? Zein gutxien?
Eroso sentitzen naiz orokorrean. Estuen, akaso, puntuari erantzuterakoan, hor oinak emanda datozelako.
- Bestela, plazara irten zara?
Behin bakarrik, gaztetxean, San Andres jaietan.
- Bertsolaririk gustokoena?
Guztiok buruan ditugun horiek: Maialen, Andoni, Amets... Eurak dira eredu.
- Bertsolari zaharrik ez?
Bertsoa asko aldatu da eta sasoi batekoak ez ditut hain gertu ikusten: Basarrik Jainkoari kantatzen zion bitartean,
Maialenek langabezia izango du jorratzeko. Azken hauekin identifikatuago sentitzen naiz.