JON MARTINEZ, 'JONMAR': “Eszenatokira igotzen naizenean beste mundu batean sartzen naiz”

Eibarko 22 urteko Jon Martinez 'Jonmar' abeslariak Ztanda saioaren hirugarren edizioan parte hartuko du. Ingeniaria izanik ere, musikarekiko pasioak eraman du ETB1eko talent show-era, eta aitortu du oholtzan sentitzen duen “subidoia” dela gehien erakartzen duena.
2026/05/14 13:34
Irati Alvarez Malaxetxebarria

(ELKARRIZKETAREN BIDOEA LANTZEN ARI GARA. LASTER IZANGO DUZUE IKUSGAI).

Jon Martinez, artistikoki Jonmar izenez ezagunagoa, Eibarko gazte abeslaria da eta “Ztanda” saioko hirugarren denboraldiko lehiakideetako bat. 22 urte ditu, ingeniaria da ogibidez, baina musikak gero eta leku handiagoa hartu du bere bizitzan. Korutik txarangara, eta handik telebistako oholtzara egin du jauzia. Lehenengo galan Izarorekin batera “Behe klasekoa” abestia interpretatu ostean, oso harrera beroa jaso du publikoaren aldetik. Telebistaren mundua “beste dimentsio” bat dela dio, eta argi dauka: musika ez da hobby hutsa beretzat.

Hasteko eta behin, Jonmar, aurkeztu zeure burua.
Jon Martinez naiz, eibartarra, eta 22 urte ditut. Ingeniaritza ikasi dut eta horretan egiten dut lan, baina benetan gustatzen zaidana musika da.

Egia esan, 16 urte bete arte ez nuen musikarik egiten. Urte hartan atzerrira joan nintzen ikastera, eta han izan nuen musikarekin lehenengo harremana. Asko gustatu zitzaidan, eta Euskal Herrira itzuli nintzenean koru batean sartu nintzen. Ondoren, perkusioa ikasten hasi nintzen, eta horri esker Ustekabe txarangan sartu nintzen. Horrela iritsi naiz gaur egun nagoen lekura.

Zein instrumentu jotzen dituzu txarangan?
Ustekaben txindatak jotzen ditut, baita bonboa eta kaxa ere —uzten didatenean behintzat—. Oro har, perkusioarekin ibiltzen naiz. Gainera, tronboia ikasten hasi naiz Beñat Etxaberekin, txarangako beste kide batekin.

Etorkizunean pianoa edo gitarra jotzen ere ikasi nahiko nuke. Azkenean, abeslari batek bere musika sortzeko instrumenturen bat behar duela uste dut. Baina tira, pixkanaka-pixkanaka; gauza askotan nabil aldi berean.

Abeslari gisa aurkeztu zara “Ztanda” telebista saiora. Nolatan erabaki zenuen parte hartzea?
Nahiko saltsazalea naiz (barreak). Programaren lehenengo edizioaren berri izan nuenean, “talent show” berria izango zela entzun, eta izena ematea erabaki nuen. Une hartan ez ninduten aukeratu, baina produkziokoek esan zidaten nire ahotsak eta abesteko moduak arreta eman zietela. Horregatik, nire kontaktua gordeta utzi zuten.

Iaz ezin izan nuen parte hartu Erasmus programan nengoelako, baina aurten berriro idatzi zidaten. Casting-a egin nuen eta, azkenean, hartu egin ninduten.

Iturria: ETB ON

Nolako giroa dago saio barruan?
Topikoa dirudi, baina benetan familia bat bihurtu gara. Uste dut casting oso ona egin dutela eta profil oso ezberdin baina aldi berean oso bateragarriak elkartu dituztela.

Artista handiak daude bertan, eta oso talde polita osatu dugu. Gala bakarra grabatu dugu oraingoz, baina dagoeneko badakit betirako maitatuko dudan jendea ezagutu dudala.

Programan adituekin lan egiteko aukera ere baduzue, ezta?
Bai. “Ztanda”n ahots irakasle bat eta dantza irakasle bat ditugu, eta nolabait gure gidariak dira. Abestu eta dantzatu egiten diegu, eta haiek aholkuak ematen dizkigute: nola interpretatu, zer hobetu, ahotsa nola zaindu…

Nik, adibidez, efektu bokalak egitea gustuko dut, baina irakasleek esaten didate kontrol handiagoarekin egiteko. Azkenean, nik nire logelan abesten dut eta niretzat dena ondo dago, baina kanpotik datorren ikuspegi profesional hori oso baliagarria da hobetzeko.

Lehenengo galan Izarorekin batera “Behe klasekoa” abestu zenuen. Nolakoa izan zen esperientzia?
Abestia tokatu zitzaigula jakin nuenean sekulako poza hartu nuen, asko gustatzen zaidalako. Gainera, Olaia Intziartek gure bideoan iruzkin bat utzi zuen, eta horrek ilusio handia egin zidan.

Zer nolako harrera jaso duzu publikoaren eta gertukoen aldetik?
Oso ona, egia esan. Jende askok idatzi dit ez zekiela abesten nuenik esateko, eta asko gustatu zaiela esan didate. Oso maitatua sentitu naiz, eta lehenengo gala honen ondoren jasotako erantzunak ilusio handia egin dit.

Bigarren galari begira, aurrerapenik eman daiteke?
Esango nuke ia esklusiba dela, baina Betagarriren “Euri tanta bakoitzean” abestuko dut Ikerrekin batera. Ahots ikaragarria dauka, beraz oso pozik nago egingo dugunarekin.

Zer espero duzu datozen saioetarako?
Uste dut ahotsaren aldetik badudala nolabaiteko kontrola. Orain gehien landu behar dudana eszenatokian egoten ikastea da: gorputz-adierazpena, presentzia, lasaitasuna… Bide oso polita dudala uste dut aurretik.

Irabazteko gai ikusten duzu zeure burua?
Gizona, noski baietz! Eibartarra naiz, azken batean. Ztanda-n egon diren beste eibartarrek bezala, urrutira iritsi beharko dut… ez dezagun herria hutsik utzi! (barreak)

Zein da zure helburua lehiaketan?
Galaz gala aurrera egitea. Baina, batez ere, nire lagunek eta familiak egiten dudanarekin gozatzea eta harro sentitzea nahi dut. Hori lortzen badut, ni pozik egongo naiz.

Ztanda askorentzat musika munduan jauzi egiteko aukera izaten da. Zuk ere hala bizi duzu?
Bai, guztiz. Barruan talentu handiko jendea ezagutu dut: gitarra jotzaileak, pianojoleak, abeslari ikaragarriak… Eta sentitzen dut hemendik gauza politak sor daitezkeela.

Nik etorkizunean nire musika sortu nahi dut, eta hemen babes handia sentitu dut. Uste dut etorkizunean elkarren artean proiektuak egiteko aukera izango dugula.

Baduzu etorkizuneko proiekturen bati buruzko spoiler txikirik?
Orbaina taldean abesten dut, eta duela urte batzuk Izengabeak lehiaketan parte hartu genuen. Bertan Bad Bunnyren abesti baten euskarazko rock bertsioa egin genuen.

Niri musika urbanoa eta elektronikoa asko gustatzen zaizkit, batez ere nire logelan sortu dezakedan musika hori. Beraz, etorkizunean hortik joango dira nire proiektuak.

Amaitzeko, zer mezu zabaldu nahiko zenuke?
Eibartar guztiei esango nieke telebista piztu eta “Ztanda” ikusteko. Ostiralero izango gara ETB1en, 21:00etan.

Eta, bide batez, oso harro egoteko: Eibarren dagoen talentua ez da edonon aurkitzen.