JON PLAZAOLA: “Beste lan batzuetan aritu arren, inoiz ez dut nahi izan bakarrizketei lotzen ninduen hari hori eten”

Tu Tum Platz! izeneko bakarrizketa eskainiko du Hezkuntza Esparruan, irailaren 27an, 20:30ean
JON PLAZAOLA: “Beste lan batzuetan aritu arren, inoiz ez dut nahi izan bakarrizketei lotzen ninduen hari hori eten”
2025/09/19 13:07
eta kitto!

Joan den zapatuan Julen Axpek eman zion hasiera Komedia Fest umore jaialdiari eta bost bakarrizketa gehiago izango ditugu hemendik azaroaren 22ra bitartean. Izen handiko umoregileak arituko dira Hezkuntza Esparruko eszenatokian eta datorren astean (irailaren 27an, 20:30ean) euskarazko ikuskizun bakarraz gozatzeko aukera izango dugu, Jon Plazaolaren eskutik. Sarreretan deskontua edukitzeko KF2025ETAKITTO kodea erabili dezakezue.

Telebistako umore saioetan eta telesail ospetsuetan ikusteaz gain, eszenatoki batean sarritan aritu da Jon Plazaola bakarrizketari gisa. Oraingoan, Tu-Tum Platz! ikuskizuna dakarkigu, ia bi hamarkada atzera egin eta ‘stand up’ formatuko bakarrizketa egiten hasi zeneko sasoiak gogoratzeko. Dioten bezala, ordubete izango dugu jakiteko ardo ona bezala urteen poderioz hobera egin duen ala ardo txarra bezala ozpindu egin den.

 

Martxan jarri berri den umore jaialdian arituko zara Eibarren. Zer iruditzen zaizu horrelako ekimenak sortzea?

Guztiz positiboa! Umoreak edozein herritan tartea izatea demaseko albistea da beti. Horrek esan nahi du jendeak umorea eskatzen duela, umorea gustatzen zaiola, barre egiteko beharra duela eta horretarako gaude gu, barre eginarazten saiatzeko behintzat. Nirea izango da euskarazko saio bakarra, baina ea hurrengo batean gehiago garen. Euskarazko umoregileak gero eta gehiago gara. Euskarazko bakarrizketek badaukate nolabaiteko loraldi bat, jende asko dago eta horrek poza ematen dit.

Euskal umoregileen loraldia aipatu duzu eta horren erakusgarri zen EiTB-n Aitziber Garmendiak eta biok zenuten Barre Librea programa, baina gero, egunerokoan, nolako aukerak izaten dituzue ikuskizunak eskaini ahal izateko?

Nik neuk ez dut kexarik zentzu horretan. Lehen egindako lanek eta azken urteotan egindakoak bidea erraztu dit, nolabait esateko. Tu-Tum Platz!-ekin ehun funtziotik gora egin ditut bi urtetan, demaseko marka da, eta oso pozik nago horregatik, zoratzen. Udazkenean bakarrizketa berria estreinatuko dut, AA Aita, beraz, segi dezala bolada onak. Barre Librea aipatuta, jende asko joan zen bertara lehen aldiz bere materiala estreinatzera eta gero izen horiek karteletan ikusi ditut. Horrek ilusioa egiten dit. Gainera, Aitziber eta bioi ere eskerrak eman dizkigute aukera emateagatik. Aukerak eman behar zaizkio jendeari. Jendeak plazak sortu ditu, probaleku asko dago, gero eta toki gehiagotan programatzen da euskaraz, eta ea denek aukera duten show propioa sortzeko, ea zirkuitua sortzen den eta bertan denontzako tokia dagoen.

Sektorean bidea egiten hasi zinenean, aukera gehiago edo gutxiago zegoen?

Nire egoera orain aipatu ditudan pertsona horien antzekoa zen. Bazegoen zirkuitu bat eta izen handiko jendea zebilen bertan. Euskaraz oso-oso gutxi zegoen. Kike Amonarrizekin pare bat aldiz aritu nintzen eta beste aktore batzuekin saiakerak egon ziren, baina guztiz ezberdina zen. 18-20 urte nituenean edozein izkinatan jartzen ginen bakarrizketak eskaintzera, edozein baldintzatan eta edozein egitarautan ahal zen moduan sartuta, bertsolariekin batera. Esperientzia horiek guztiek nire nortasuna eraiki dute eta oso positiboak izan dira. Atzera begira, barre egiten dut eta ilusio handiz gogoratzen ditut sasoi horiek. Matxetea hartu eta bidea egitea tokatu zitzaigun. Sasoi hartan egindako lanak beste batzuei bidea erraztu edo erakutsi badie, demasa da.

Erreferentea zara askorentzat, baina zein erreferente zenituen zuk?

Euskarazko umoregileen artean Kike Amonarriz zen erreferentea. Txiskola eta horrelako programak ikusten hazi ginen, Kikek egindako bakarrizketa saiakerak ikusi nituen eta bidea zegoela ikusi nuen. Euskarazko fikzioan zebiltzan denak izan ziren erreferente: Ane Gabarain, Elena Irureta, Jose Ramon Soroiz… Euskarazko fikzio asko genuen, marrazki bizidunak euskaraz kontsumitzen genituen eta hori guztia eraikitzen jarraitu behar dugu beste batzuek erreferente euskaldunak izan ditzaten. Beste mota batzuetako erreferenteak ere izan ditugu. Sasoi hartan, batez ere, telebista nazionaletik jasotzen genituenak: Gila, Eugenio, Faemino y Cansado… Orduan, ikusten genuen posible zela eurek egiten zutena gure hizkuntzan egitea.

Aktore lanetan urteak eman ondoren, Tu-Tum Platz! ikuskizunarekin bakarrizketara itzuli zinen. Falta igartzen zenuen?

Bakarrizketetan, izenak erakusten duen moduan, bakarrik zaude publikoaren aurrean eta horrek bestelako adrenalina edo ekaitz puntu bat ematen dizu. Behin hori sentituta zaila da barrutik grina hori kentzea. Beste lan batzuetan aritu arren, inoiz ez dut nahi izan bakarrizketei lotzen ninduen hari hori eten. Tu-Tum Platz!-era esperantza eta zalantza askorekin bueltatu nintzen. Izan ere, hainbeste urte eta gero bueltatzea, eta agian lehenengo aldiz horrelako show propio batekin… Ikusi nahi nuen ea sasoian nengoen, jendeak nola erantzuten zuen, eta tira, ikusi da balantzea positiboa izan dela.