JONE BENGOA: “Umoretik aritzea errazagoa eta dibertigarriagoa da”
Ilustrazioei umore puntua jartzen hasi eta bakarrizketak egiten amaitu du Jone Bengoak, besteak beste. Besteak beste diogu, beste zenbait saltsatan ari delako sartuta, baina denetan sormena du lagun. Sormena eta lagunak, kuadrillakoekin ere badabilelako gauzatxoak egiten.
Ilustratzaileaz gain, ilustrea ere izan da. Gogoratzen duzue aratosteetan brontzezko figurez mozorrotu zen kuadrilla? Ba ikusi nork daraman Sanblasa. Kuadrillako batzuekin jarri du martxan ‘Bi ta piku’ proiektua eta bere gauzekin ere denda du sarean: www.mereketenge.com. Eta hori gutxi balitz, ETB-n hasiberri den Linbo saioan gidoilari dabil.
Hainbeste gauzen artean, eta Instagrameko profilean esaten duzunari jarraituz, badakizu zertan zabiltzan?
Nik neuk ez dakit eta jendeak ere ez daki zertan nabilen. Bizitzan aldaketa asko eduki ditut azken aldian eta bai, galduta nago. 30 urte beteko ditut laster, krisi konstantean… Ez dakit zertan nabilen, baina banabil.
Zure Instagrameko kontuan behera eginez gero, ilustrazioekin egiten dugu topo. Horiek ez ziren hain umoretsuak, aldarrikapenetik zuten gehiago. Zergatik hasi zinen lan horiek plazaratzen?
Sare sozialak modan jartzen hasi zirenean ez nuen nire argazkirik jartzeko gogorik. Beraz, marrazkiak jartzen hasi nintzen, eta horrela, nire Instagrameko kontu pertsonala ez zen oso pertsonala. Zenbait mezu edota nire ezinegonak bidaltzeko plataforma bezala erabiltzen hasi nintzen, eta modu ona izan da.
Guk emaitza ikusten dugu eta, orain, zure lan bat ikusita zuk egindakoa dela jakin dezakegu. Baina nolako lana dago atzetik estiloa eta abar zehazteko orduan?
Gertatzen zaidana da orokorrean buelta asko emate dizkiedala gauzei. Beraz, saiatzen naiz buelta larregirik ez ematen. Estiloa eta horiek guztiak planteatzen hasten banaiz, azkenean ez dut ezer egingo. Beraz, nahiago dut egin eta kitto.
Azken aldian partekatzen dituzun binetetan irudiek nahiko sinpleak dirudite, zuri-beltzean. Baina tira, askotan esan ohi da gauza bat sinplea dela irudikatzea izaten dela zailena?
Irudiak sinpleak dira, baina ulergarriak izateko eta denok identifikatuta ahal izateko oinarri bat eduki behar duzu, irudian agertzen dena pertsona bat, aulki bat edo dena delakoa ikusteko behintzat. Badago lanketa, bizitza guztian egon naizelako marrazten, baina orain momentuan irteten dena egiten dut.
Ia hasieratik ikusi izan da umorearekiko eta hitz-jokoekiko duzun joera. Pauso naturala izan da?
Bizitzan gauzak nola hartu izan ditudan jarrerarekin bat egiten du joera horrek. Orain dela hamar urte gauzak askoz ere serioago hartzen nituen, edo pisu gehiagorekin, eta gero gauzak beste modu batean edo filosofia gehiagorekin hartzen joan naiz. Hau da, gaiak umoretik jorratzen, errazagoa eta dibertigarriagoa delako, eta nahiago dudalako. Gainera, umoreak ez dio garrantzirik kentzen igorritako mezuari eta mezuak irisgarriagoak dira.
Ilustrazioak eta binetak gauza ezberdinak dira. Nola uztartzen dituzu?
Bi arloak gustatzen zaizkit, bietan kontatzen dudalako istorio bat. Agian pasarte edo txiste batzuek testuarekin bakarrik funtzionatuko lukete, baina irudiak istorio bat kontatzen du. Oso erraz harrapatzen eta kontsumitzen den zerbait egitea gustatzen zait, azkartasun hori. Harira etortzen saiatzen naiz.
Zaila izango da ba hain elementu gutxirekin istorio bat kontatzea, mezu bat igortzea, pentsaraztea, barrea eragitea…
Bai, eta sinpletasunak horretan laguntzen du. Horregatik gustatzen zait gauzak are eta sinpleagoak egitea eta ahalik eta elementu gutxien erabiltzea. Errazago ulertzen delako eta ez garelako galtzen asko eskaintzen ez duten xehetasunetan.
Ilustrazioetatik eszenatokietara. Nola eman zenuen bakarrizketak egiteko pausoa?
Orain ez dakit zergatik egiten dudan hori, horretarako bai behar dudala kamiseta (barreak). Stand up-a beti gustatu izan zait eta, krisi existentzial honetan, “zergatik ez?” esan nuen. Horretan zebilen jendea ezagutu nuen eta sentitu nintzen, ez zekitelako ondo egiten, kostatzen zitzaielako eta horrela. Probatzera animatu nintzen, zerbait idatzi nuen eta, beste batek interpretatu beharrean, nik egitea erabaki nuen. Eszenatokia ez da toki erosoa niretzat, baina paniko eszeniko hori gainditu nahian nabil.
Zer moduzkoa izan da orain arteko esperientzia?
Dibertigarria eta arraroa. Batzuetan hurrengo egunean demaseko krisi edo biharamun emozionala edukitzen dut, eta beste batzuetan oso pozik amaitzen dut. Askotan ez dut gogoratzen eszenatokian zer gertatu den ere.