Jone Lahidalga, Eibarko Koro Gaztea: "Mutilekin joko gehiago emango luke Koroak"
- Noiz eta zergatik animatu zinen Eibarko Koro Gaztean parte hartzera?
Orain dela hiruzpalau urte sartu nintzen Eibarko Koro Gaztean. Musika eta abestea betidanik gustatu zaizkit, baina Koroan sartu aurretik ez nuen sekula parte hartu abesbatza edo antzerakoren batean. Baina nik Koroan parte hartzeko izena eman baino pixka bat lehenago, Euskal Telebistako "Oh Happy Day" lehiaketarengatik herriko gazteen artean oso ezaguna egin zen abesbatza eta, beste barik, lagun batekin batera parte hartzera animatu nintzen eta oraindik ere hemen nago, pozik.
- Zeintzuk osatzen duzue Eibarko Koro Gaztea gaur egun?
Ba une honetan hamalau neska gaude Koroan, gazteenak 15 urte dauzka eta nagusienak 21 urte eta gure irakasle eta zuzendaria Elena Martin da.
- Astean zenbaten egiten dituzue entseguak?
Astean hiru egunetan batzen gara Musika Eskolan (Portaleko 4. solairuan): martitzen eta eguenetan 20.45etatik 21.45etara ensaiatzen dugu eta barixakuetan 16.00etatik 18.00etara. Martitzen eta eguenetako entseguetan normalean ahotsa lantzen dugu eta barixakuetan, berriz, ahotsa lantzeaz gain abestientzat koreografiak-eta prestatzen ditugu.
- Musika jakin behar da Koroko kide izateko?
Berez, Koroan sartzeko ez da zertan musika jakin, gutariko batzuk solfeoa ikasita zuten lehenagotik, baina beste batzuk musika sekula ikasi barik sartu dira Koroan. Nahikoa da abestea gustoko izatea, ez da besterik behar.
- Urtean zehar zeintzuk dira Koro Gazteak eskaintzen dituen emanaldirik garrantzitsuenak?
Ikasturtean zehar sor daitezkeen kontzertuak albo batera lagata, urtero urtero kontzertu bi ematen ditugu: Gabonak inguruan izaten da horietako bat eta bestea, berriz, ikasturte amaieran eskaintzen dugu. Bestela, inoiz ezkontzaren batean abesteko deitzen digute. Horrez gain, iaz Aste Santuko oporrak aprobetxatuta Bartzelonara joan ginen abestera eta aurten esperientzia errepikatu eta Pazko Astean berriz Bartzelonan izango gara kontzertua ematen.
- Nolako abestiak kantatzen dituzue?
Gurea ez da koro lirikoa. Oso errepertorio zabala daukagu: pop, rock, gospel… erritmoko abestiekin batera euskal kantu ezagunak abesten ditugu, gehienetan jendearentzat oso ezagunak diren kantak.
- Lehen mutil batzuk ere bazeuden taldean, baina gaur egun Koroan bakarrik neskak zaudete. Zergatik?
Pentsatzen dugu gure adinean mutilek nahiago izaten dutela kirolen batean jardutea Koroan abestea baino. Koroan sartzera animatuko liratekeen bakar batzuk ezagutzen ditugu, baina beste mutilik ez dagoenez ez dira animatzen izena ematera. Euren artean berba egitera eta lotsatu barik Korora etortzera animatuko nituzke. Orain, bakarrik neskek abesten dugunez, ahots zurien abesbatza gara, baina mutilak etorriz gero Koroak joko gehiago emango luke.