Jose Antonio Azpilikueta: “Dibujantia naiz kontatzaillia baiño gehixago”
- Aurkeztu bihar dozun errekopilaziñuak zenbat urte hartzen dittu?
Hamarkadia: bilduma 2002ttik 2013ra arte doia. Aurretik beste bi egin dittut: 1994ko Errekopilaziñua, Orraittiokan eta SuperMendikuteren 40 bat jasotzen zittuana, eta SuperMendikuteren X. urteurrenekua, 2002xan.
- Izango dittuzu laguntzailliak tirak egitteko gaixak proposauko deutsuzenak, ezta?
Handik eta hamendik hartzen dittut gaixak. Javi Zabaleta “Katillu”, Roberto Bergara... halakuak izan dittut lagun lan horretan. Gero, txistiak euskeraz pentsatzen badittut be, askotan amari galdetu izan detsat berak zelan esango leukian gauza bat edo beste, ekibalente egokixena aurkitzeko. Etxekuekin eta ingurukuekin hartzen dittut erreferentzixak.
- Zenbat denpora kentzen detsu asteroko tirak egittia?
Astero barixakuan egitten dittut, behin baiño gehixagotan gabeko ordu bixak arte egon izan banaiz be. Lehortiak be bisitatzen nau batzuetan eta, halakuetan, buruari buelta asko emon bihar. Ni, gaiñera, gehixago naiz dibujantia kontatzaillia baiño.
- “Politikamente korrektua” izaten ahalegintzen zara? Bateronbat minduko dozun beldurrik bai?
Ez bereziki, baiña autozentsura moduko bat daukagu beti. Gustora egitten dittut eta, horregaittik, ahalegintzen naiz garratzik ez sartzen; karga intelektualik be hobe ez sartzia halakuetan. Jendiaren irribarria billatzen dot, ez eskandalua sortzia herrixan. Txistia. gaiñera, ez da zure iritzixarekin bat etorri bihar: hau ez da editoriala.
- Aldaketak aurreikusten dozuz SuperMendikuten? Personaje barririk?
Eroso nago gau egunguekin. Egixa da gure belaunaldixa ez dala agertzen. Sasoi batian komodin moduan nerabillen txakurra be baztertu egin dot azken aldixan. Loibak be urten diranian izenik gabe etara dittut... Aldaketetan sartzeko, oin daukadan baiño denpora gehixago biharko neuke. Eibarko historixako zeozer egittia pentsau dot batzuetan, baiña...
- Jentia kejatu jatzu noizbaitten? Zoriondu?
Gehixagotan zoriondu kejatu baiño. Izan dira txistia ulertu ez dabenak, umoriak be bere edadia dakalako. Gauzak ahalik eta motzenian egin biharrak, jeroglifikuen tokia be emoten detsa tiriari, zeozer ezkutuarena topatziarena. Chumy Chumezek berak be eskela eta komikixa parekatzen zittuan, balore bera emoteraiño: umore beltzaren maisua izan zan. Blog bat be ipiñi neban martxan, baiña bidian geratu da.
- Pintau egitten dozu, baitta unibersidadian klasiak emon. Denbora asko kentzen detsue?
Boloniaren asunto horrekin gauzak txarrera juan dira guretako eta unibersidadian izandako aldaketiak iñolako bentajarik ez dakar irakasliontzat. Halanda be, neri klasia emotia beti gustau jata eta pozik nago, askotan ikasliak marzianotzat hartuko nabela jakiñ arren, nik euren moduan! Batxillergo Artistikua biharrezkua ez danez, Arte Ederretan gero eta jende desbardiñagua dago.
- Badozu gustoko dibujanterik? Baten bat jarraitzen dozu?
Bat baiño gehixago. Charles Schultz, esaterako. Baitta Liniers argentinarra, El Diario de Buenos Airesen “Macanudo” tiriaren egillia. Quino bera. Dibujante gehixenak dittut gustoko, pelotarixak bezala.
- Tren estaziñoko aurpegixak egitteko zelan moldatu ziñan? Pozik egindakuarekin?
Bi urtetan egon nintzan pintatzen, Evarista haserretzeraiño (SuperMendikuteko protagonistia). Sistema guztiz `organikua´ erabilli neban biharra egitteko eta danetik sartu neban, kerixak engantxau eta hartzen dozuzen moduan. 107 aurpegi dagoz guztira.
- Oingo liburuaren hitzaurria Bernardo Atxagak egin detsu. Zelan izan da hori?
Kasualidade hutsa! Gernikako bonbardaketaren urteurrena zala-eta kaleratutako liburuan Atxagaren ipoiña zeguan eta, haren amak Eibarren hainbat urte emon zittuala-eta, SuperMendikuteko Evaristak Atxagak gitxienez Nobela merezi ebala esaten eban. Bere eskuetara heldu eta asko gustau jakon. Hitzaurria eskatu netsanian, berihala prestau zan. Hor esaten dau ez daguala Eibarrek bezala herrixari buruzko tiria dakan hiribururik.