José Ignacio San Martín da Ingeniaritza Eskolako zuzendari berria
José Ignacio San Martín Díaz (Bakedano, Nafarroa, 1958), UPV/EHUko Industria Ingeniaritzan Doktorea, Eibarko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan zuzendari aukeratu dute eta, beraz, orain arte zuzendaria izan den Angel Franco ordezkatuko du.
Zuzendari izendatu berriak harreman zuzena izan du Eibarko Unibertsitate Eskolarekin eta, zehatzago Ingeniaritza Elektrikoa Sailarekin. Ikerketa alorrari dagokionean, berriz, Inmaculada Zamora Belver irakasleak zuzentzen duen GISEL (Sistema Elektrikoaren Ikerketa Taldea) taldeko kide da. Gainera, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak sustatutako hainbat proiektutan parte hartu du eta horietako batzuk zuzendu ditu. Sorkuntza Banatuko Teknologiak, Energia Berriztagarriak eta Mikrosorkuntza gaiekin erlazionatutako proiektuak izan dira, oro har. Eta hainbat liburu, artikulu eta txosten argitaratu ditu.
Zuzendariarekin batera beharrean jardungo duen lantaldea Victor Aperribay Maiztegi (Antolakuntza Akademikorako zuzendariordea), Oihana Aristondo Etxeberria (kanpo Harremanetarako zuzendariordea), Eneritz Onaindia Gerrikabeitia (Kalitate eta Ebaluazio zuzendariordea) eta José María Arrieta Albizu (Idazkari Akademikoa). Zuzendaritza talde berriaren helburu nagusia Energia Berriztagarrien Gradua sendotzea izango da.