Jose Luis Irigoien, argazkilaria: “Gaur egun milioika eta milioika irudi egiten dira, baina zenbat argazki?”
Bilbon “kasualitatez” jaio eta Santurtzin hazi arren, Eibar goitik behera ezagutzen du Jose Luis Irigoienek. Gure herriak inoiz izan duen argazkilari garrantzitsuenetakoa da eta, mundu osoan zehar irudiak harrapatzen ibili den arren, herriko txoko asko ere irudikatu ditu. Horren erakusle da gaur bertan, 19:00etan, Arrate Kultur Elkartearen Topalekuan, zabalduko duen erakusketa.
Otsailaren 21era arte egongo da zabalik Irigoienen ‘Eibar, laino guztien gainetik edo... azpitik’ erakusketa. Lainoak ardatz hartuta, guztira 38 argazki aurkeztuko ditu, inoiz argitaratu gabeak. Bere enegarren erakusketa izango da, bizitza eskaini baitio argazkilaritzari. Milaka argazki egin ditu bere ibilbidean zehar eta bere ondarea Euskadiko Artxibo Historikoari emango dio laster. Horrela, Mirafloresen duen etxe-estudioa hustuko du, baina oraindik geratzen zaio gauza berriak sortzeko gogoa. Bertan elkartu gara berarekin.
Nola sortu duzu argazkilaritzaren tenplu hau?
1962an hasi nintzen argazkigintzan. Lehenengo urteetan lehiaketetan parte hartzeko argazkiak egin nituen eta gero, gai edo bidaia bat ardatz hartuta, bildumak egiten hasi nintzen erakusketak egiteko. Gaur egun, 4.500 argazki baino gehiago ditut erakusketak egiteko prest. Bilduma bakoitzean gutxienez 30 argazki daude eta kasu batzuetan (esate baterako Vietnamen, Indian eta sahararren errefuxiatu zelaietan egindakoak) ehundik gora.
Zure lanetan ikusten da gai ezberdinak lantzen dituzula: bidaiak, biluziak, erretratuak...
Eta teknika bereziak ere landu izan ditut. Erakusketaren batean teknika bereziekin egindako argazkiak erakusten ditudanean, galdetzen didate ea Photoshopekin egin ditudan, baina ez, kimikarekin sortutako argazkiak dira. Gertatzen dena da teknika horiek egin ahal izateko behar diren produktuak desagertu egin direla. Argazkilaritza digitalak aurrera egin du eta analogikoa momentu batean ia-ia desagertu egin zen. Nik argazkiak zuri-beltzean egiten jarraitzen nuen, laborategian, baina ‘cibachrome’, ‘colorvid’ eta horrelako teknikak egiteko produktuak desagertu egin ziren. Oso teknika bereziak dira. Kolore fantastikoak lortzen dira horien bitartez.

Orduan, zuk ere argazkiak guztiz digitalean egitera egin zenuen jauzia?
Gehienetan digitalean ari naiz, baina batzuetan laborategira joaten naiz.
Zertan ari zara erosoen? Zer gustatzen zaizu gehien?
Laborategia, zuk egiten duzulako dena. Analogikoan makinak neutroak dira, baina digitalean tresnek (Photoshopek, adibidez) gauza pila bat egiten dituzte. Erabiltzen jakin behar dituzu, baina makinek gauza asko egiten dituzte eta laborategian ez, norberaren eskuak edo trebeziak du garrantzia. Photoshopa erabiltzen dut, baina gauzak lehen egiten nituen bezala egiteko. Esate baterako, argazkiak mozteko, iluntzeko, argitzeko... Hori kimikoan egiten nuen eta gauza bera egiten dut digitalean. Photoshopekin ez dut ‘argazkilaritza faltsua’ egiten, edo gaur egun adimen artifizialarekin egiten dena. Badakit nola egin, baina hori ez da niretzat, ez da nire estiloa.
Zein esango zenuke dela zure estiloa?
Nire zuri-beltzeko argazkiak nahiko ilunak izaten dira eta baita gogorrak ere, hau da, kontraste handikoak. Ezagutzen nauenak normalean ondo identifikatzen ditu nire argazkiak.
Nolako aldea igartzen duzu hasierako eta gaur egungo argazkien artean?
Hasierako argazkietan oso oinarrizko gauzak egiten nekizkien eta asko nabaritzen da aldea. Ondo positibatzen, errebelatzen eta, batez ere, argazkiak ondo egiten ikasi nuen. Hasieran ez nekien ‘herenen erregela’ zer zen ere. Santurtzin ‘Bihotz gaztea’ taldea sortu genuen eta gutako batek bazekien zerbait, eta harekin ikasi nuen errebelatzen, eta abar. Eskuetan eduki nuen lehen argazkilaritza-liburua frantsesez zen.
Ikastea hain zaila izanda, zer zuen argazkilaritzak hainbeste engantxatzeko?
Ez dakit, agian da zuk zeuk egiten duzula guztia. Argazkilaritza analogikoa nahiko artisau-lana da, zuk zeuk egiten duzulako dena.

Gogoratzen duzu zein izan zen zure lehen argazki-kamera?
Bai, gordeta daukat! Yashica Minister II modeloa. Bigarren eskukoa erosi nuen eta sasoi hartan, 1962an, 2.000 pezeta balio zituen. Pila bat!
Zenbat makina izan dituzu?
Ufff... Eduki ditudan kamera analogiko guztiak gordeta ditut eta batzuk erabiltzen ditut oraindik. Bestalde, digitalak ere baditut: Nikon d700, bi Fuji, Sony bat... Gero, plaka-kamera bat dut estudioan.
Telefono mugikorrarekin argazkiak egiten dituzu?
Mendira banoa eta gauzaren bat polita iruditzen bazait, mugikorra erabiltzen dut, baina gauza handirik egin gabe. Gainera, telefonoak dena egiten du.
Gaur egun, argazkilari askok sare sozialak erabiltzen dituzte euren lanak erakusteko. Zuk ere erabiltzen dituzu?
Bai, Facebook batez ere. Instagramen ere baditut bilduma batzuk, baina ez zait gustatzen, Facebook hobeto. Jarraitzaile pila bat daukat.
Zurea erakusteaz gain, beste argazkilariek zer egiten duten ikusteko ere balio dute sareek.
Bai, eta gauza interesgarriak ikusten ditut. Beste asko ostera... Argazkilaritza ikastaroak ematen ditudanean, ikasleei esaten diet ikastera etortzen direla, baina gauza batzuk ikasi arren ez direla argazkilari irtengo, argazkilariak izateko asko ikasi behar delako. Oso prozesu luzea da. Gaur egun milioika irudi egiten dira, baina zenbat argazki? Telefonoarekin edo kamerarekin argazkiak bota eta bota gabiltza, baina zergatik egiten ditugu argazki horiek? Zertarako? Argazki asko eta asko galdu egingo dira, jendeak ez baitaki zenbat argazki dituen hortik zehar.
Zure argazkiak, ostera, Euskadiko Artxibo Historikoari emango dizkiozu.
Bai, hori da. Alde batetik, pena ematen dit; baina bestetik, ondo dago, ondo gordeko eta zainduko dituztelako. Nahiko zaharra naiz eta egunen batean hil egingo naiz, eta zer gertatuko da honekin guztiarekin? Azkenean dena botata edo desagertuta geratuko litzateke. Orain, Artxiboaren esku geldituko da guztia eta norbaitek argazki edo bildumaren bat erakusketa baterako erabili nahi badu, erabili ahal izango du.

Eibarren nolako argazkilaritza ekosistema dugu?
Santurtzitik etorri nintzenean, Eibarko Klub Deportiboan bazegoen argazkilaritza taldea, baina bi pertsona besterik ez zeuden. Ia desagertuta zegoen. Urtean lehiaketa bat prestatzen zuten, San Juan Saria uste dut, eta 1983an irabazi egin nuen. Ikastaro bat emateko proposatu zidaten eta horrela hasi nintzen eurekin. Lehenengo ikastaro horretako pare bat lagunek jarraitzen dute oraindik Deporreko taldean. Argazkilaritza analogikoa zegoen sasoi hartan eta Klub Deportiboan laborategi txiki bat genuen. Ikastaroak eta irteerak egiten jarraitu genuen, eta oso talde garrantzitsua bihurtu da. Esate baterako 2009an Espainiako Argazkilaritza Konfederazioak saria eman zigun elkarteen sailean. Harrezkero, taldean joanetorriak egon dira, baina ulertzen dut. Lehen, Deporren laborategia edukitzea handia zen, zaila zelako norberak etxean laborategia edukitzea, baina argazkilaritza digitalarekin, jendeak etxean egiten ditu lan horiek. Bestalde, Interneten ikastaroak eta horrelakoak daude eta jendeak pentsatzen du horrekin nahikoa dela, baina nik ezetz pentsatzen dut. Taldean asko ikasten da, baina jendea ez da etortzen, eta jende gaztea are gutxiago.
Argazkilaritza taldean zer egiten duzue?
Ikastaroak, irteerak, Argazkilaritza Maiatzean ekimena... Gainera, astean behin elkartzen gara Deporren, martitzenetan, eta egutegian ditugun ekintzak prestatzeaz gain, autoreak begiratzen ditugu, euren lanak aztertu, informazioa partekatzen dugu, gauzak nola egiten ditugun azaltzen diogu elkarri... Eskuzabal jokatzen dugu.
Hainbeste argazki egin ondoren, inoiz ez duzu galdu pasioa?
Ez, inoiz ez. Argazki guztiak ondo pentsatuta daude eta, bat egiteko, agian egunak itxaron behar dituzu, probatu, berriz itzuli... Hori asko gustatzen zait. Ezin diot argazkiak egiteari utzi. Orain erakusketa hau zabalduko dut, baina badut beste serie bat martxan. Udan, Debako hondartzan egindako argazkiak dira. Hondartza zirko bat da.