Joseba Casasola, argazkilaria: “Fantasia eta efektu bereziak ikaragarri gustatzen zaizkit”

Joseba Casasola, argazkilaria: “Fantasia eta efektu bereziak ikaragarri gustatzen zaizkit”
2016/01/15 14:09
eta kitto!

Gaur arratsaldean, 19:00etan zabalduko du "Argia + Itzalak + Fantasia" izenburuko erakusketa Joseba Casasolak Topalekuan, Arrate Kultur Elkartearen erakusketa-aretoan, sormen eta fantasiaz gainezka egiten duten hogei bat argazkirekin. Argazkilari eibartarrarentzat lehen erakusketa izango dena urtarrilaren 24ra arte egongo da ikusgai, astelehenetik barixakura 19:00etatik 21:00etara eta zapatu eta domeketan, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara.


- Nolako erakusketa prestatu duzu Topalekurako?
Orain dela hamar bat urte ekin nion ezkontzetarako argazkiak egiteari, baina aspalditik nuen eguneroko behar horretatik aldentzen den zerbait egiteko gogoa eta, azken hilabeteotan horretarako aukera izan dudanez, lan horren emaitzarekin prestatu dut erakusketa. Urtebete eman dut batetik bestera argazkiak egiten, modelo moduan jardun duen lagun batekin batera, margo fluoreszentearekin eta bestelakoekin esperimentatzen, fantasia kutsua duten irudiak lortzeko. Lan handia egin dugu, baina oso esperientzia polita izan da. Efektu berezien inguruko ikasketak egin nituen eta hori da benetan erakartzen nauena. Kontua da argazkilari moduan beharrean aurrera egiteko dirua ematen duten lanak egin behar direla eta nik ezkontzetako argazkiekin horretarako bidea aurkitu dut eta horrelako argazkiak egiten ere asko disfrutatzen dut.

- Argazkiak ordenagailuan lantzeko arazorik ez daukazu, ezta?
Bat ere ez. Argazkiak egiteko orduan ideia, materiala eta beste kontu guztiak garrantzitsuak dira eta, gainera, askotan jendeak ikusten ez duen aurrelan bat egoten da atzetik. Argazki bakarra egiteko hiru ordu eman ditzaket, baina ordenagailuan argazki bakarra lantzen egunak eta egunak ematen ditut, gustora gainera. Bestalde, ez da gauza bera argazki eskas bat hartu eta hori hobetzeko ordenagailuan lantzea edo berez ona den argazki bati ukituak ematea, zuk ikusi nahi duzun hori lortzeko.

- Nolatan ez duzu orain arte erakusketarik egin?
Egia esateko, ezkontzetan-eta argazkiak ateratzen ibiltzeak lana ematen du, eguneroko beharrari denbora asko eskaini behar zaio eta benetan erakutsi nahi nuen lan berezirik ez nuen. Baina, lehen laburmetraia 16 urterekin egin nuenetik urte mordoa igaro dira eta, azkenean, lagunek animatuta erakusketa prestatu dut proiektu berezi honen emaitza jendeari erakusteko.casasola 1casasola 2