Joseba Larratxe ilustratzailearen kartelak iragarriko du Itzulia Basque Country 2024

Apirilaren 1etik 6ra jokatuko da Eibarren amaituko den Itzulia
Joseba Larratxe ilustratzailearen kartelak iragarriko du Itzulia Basque Country 2024
2024/03/04 12:43
eta kitto!

Gaur Arte Ederren Bilboko Museoan aurkeztu dute Itzulia Basque Countryaren 63. edizioa iragarriko duen kartela. Orain dela sei urtetik lan literarioen ilustrazioa kategorian Euskadi Literatura Sariaren irabazleak diseinatzen du Itzuliaren kartela. Joseba Larratxe egilearekin izan dira ekitaldian Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Julian Eraso Itzulia Basque Countryren antolatzaile den OCETA Euskadiko Txirrindularitza Erakundearen presidentea eta Miguel Zugaza Arte Ederren Bilboko Museoko zuzendaria.

Larratxek berak azaldu duenez, honakoa islatu nahi izan du irudian: “Batetik, txirrindularien esfortzu aurpegiak, izerditan, ahoa zabalik edo hortzak estuturik, mendian gora. Bultzada horrekin erlazionatu dut beti txirrindularitza. Bestetik, euskal zaletuen irudia, Euskal Herriko eta atzerriko portuetan, errepide bazterra ikurrinez betetzen. Izan ere, zaleak dira euskal txirrindularitzaz gehien goraipatzen dena. Ondoren, txirrindulariaren betaurrekoetan zaletuen isla erakutsiz bi irudi horiek bakar batean elkartu nitzakeela konturatu nintzen. Modu horretan, txirrindulariaren azalean jartzen gara eta berak ikusten duena ikusten dugu”. Egileak gaineratu duenez “ikurrina kartelean txertatu eta dituen kolore biziak ongi integratzeko modua topatu nuen: irudi osoa ikurrinaren hiru koloreekin konposatzea”.

Itzulia Basque Country-k 100 urte beteko ditu aurten. Apirilaren 1etik 6ra bitartean jokatuko da, Irunen hasi eta Eibarren amaituko den edizioan. Guztira sei etapa izango ditu: Irun-Irun, Irun-Kanbo, Ezpeleta-Altsasu, Etxarri Aranatz- Legutio, Gasteiz-Amorebieta Etxano eta Eibar-Eibar.