Joseba Lozano, idazlea: “Gizakiaren alderik onenak eta ilunenak azaleratzen ditu ‘Larrutik ordaindua’ eleberriak”

Joseba Lozano, idazlea: “Gizakiaren alderik onenak eta ilunenak azaleratzen ditu ‘Larrutik ordaindua’ eleberriak”
2019/05/17 10:01
eta kitto!
Harixa emoten’ egitasmoko parte-hartzaileek ‘Larrutik ordaindua’ eleberria hartuko dute hizpide Joseba Lozano idazlearekin hilaren 21ean, martitzena, 19:00etan liburutegian. Lozanok Parisko Komunaren sasoian gertatutako hilketa batzuren inguruan kokatu du nobela historikoa eta nobela beltza uztartzen dituen lan hau.

 

- Nobela beltza eta historikoa nahasi dituzu eleberrian. Zein da emaitza?

Hori irakurleek esan behar dute. ‘Larrutik ordainduak’ iraultza bat kontatzen du, baina, iraultza horren erdian. Herritar batzuen gorpuak agertzen hasten dira Parisko kaleetan, eta ikerketa bat jartzen da abian hiltzailea harrapatzeko. Zuk esan duzun bezala, eleberri honek bi genero uztartzen ditu: nobela historikoa eta thrillerra edo nobela beltza. Beste era batera esanda: Larrutik ordaindua thriller bat da nobela historiko baten barruan. Intrigaz, misterioz eta abenturaz betetako liburu bat da Larrutik ordaindua, zinematografiko samarra, erraz irakurtzen den horietakoa, erritmo bizikoa, erakargarria, irakurleak  bere burua harrapatuta sentitzeko modukoa.

- Errealitatea eta fikzioa uztartzen dituzu? Errealitateak fikzioa gainditzen duela esan ohi da. Kasu honetan horrela da?

Begira, nire lehen nobelan sekta bat agertzen zen, eta sekta horretako kideek beren buruaz beste egiten zuten beste dimentsio batera joateko. Ibon Egañak egurra eman zidan kritika batean. Honela zioen:

Erdialdera arte sinesgarri egiten bada, bigarren erdian nekezago egiten da istorioa distantziarik gabe irakurtzea, argumentua estranbotiko xamarra bihurtzen baita”.

Hiru adibide estranbotiko jarriko ditut, baina kontuan izan ehunka direla horrelakoak. Herriaren tenplua izeneko sektako 900 lagunek (umeek barne) beren buruaz beste egin zuten Guyanan 1978an, zianuroa edan ondoren. 90. hamarkadan, Eguzki-Tenpluko 100 lagunek beren buruaz beste egin zuten Frantzian, Suitzan eta Kanadan. Gehienak, erreta. Beste sekta bat: Zeruko Atea. 1997an 39 lagun suizidatu ziren San Diegon, Hale-Boop kometaren bisita aprobetxatuz. Sekta horretako kideek uste zuten estralurtarrak zirela, eta hilez gero, euren arimak kometaren atzetik zetorren espazio-ontzi batera joango zirela. Gorpuak aurkitu zituztenean, gizonezko guztiak barrabilarik gabe zeuden, soineko purpuraz jantzita eta Nike zapatila berriak oinetan. Beraz, errealitatea ere estranbotiko samarra izaten da.

Parisko Komunean ere errealitateak fikzioa gainditu zuen. Kontuan izan behar da matxinadak iraun zuen bi hilabeteetan 30.000 lagun inguru hil zirela, gehienak zibilak. ‘Larrutik ordainduak’ errealitate gordina kontatzen du, agerian jarrita noraino heldu gaitezkeen gauzak muturrera eramaten direnean. Alde horretatik, gizakiaren alderik onenak eta baita ilunenak ere azaleratzen ditu.

- Parisko Komunari buruz jendeak informazio gutxi daukala esan izan duzu. Zergatik izan daiteke hori?

Euskaldun gehienok gerla karlistak ezagutzen ez baditugu, nola demontre jakingo dugu zer ari zen gertatzen Parisen garai berean. Frantziako Iraultza aipatzen denean, jendeari, kasurik onenean, 1789. urtea eta gillotina etortzen zaizkio burura; baina, iraultza eta matxinada ugari egon ziren Parisen XIX. mendean zehar. Gaur egun ere, larunbatero biltzen dira “txaleko horiak” Frantziako zenbait hiritan, euren haserrea agerian uzteko. Nik uste dut gazteek jakin beharko luketela oraingo eskubide asko, esparru guztietakoak, ez direla opariak izan, baizik eta jende askoren borrokaren ondorioak.

- Nobela historikoa eta nobela beltza uztartzeak, liburua idazteko orduan, lana zaildu egin du?

Idazle askok uztartzen dituzte nobela historikoa eta nobela beltza: Philip Kerrek, Umberto Ecok, Arturo Perez-Revertek… Azken batean, beti izan dira hilketak, hiltzaileak eta hiltzaile horiek harrapatzeko ikerketak. Nolanahi ere, egia da nobela historikoa idazteak ahalegin berezia eskatzen duela, dokumentazio asko behar duelako. Ez bakarrik gertatutakoa historia errespetatuz kontatzeko, baizik eta deskribatzen diren hamaika kontu behar bezala azaltzeko ere: garai hartako ebakuntza bat, arma batzuen erabilera, opio-etxe baten funtzionamendua eta abar. Pariseko Komunaren inguruan dokumentazio asko dago; hala ere, irabazleek eta galtzaileek ez dute historia berdin kontatzen, normala den bezala: elkarri leporatzen diote gertatutakoaren errua. Kasu horretan, idazlearen zeregina da errealitatera gehien hurbiltzen dena hautatzen saiatzea.

- Eibarren irakurleekin solasaldia izango duzu. Gustora aritzen zara horrelakoetan? Jendearen iritzia baliagarria da eleberri berri bat idazteko orduan?

Tamalez, oso gutxitan elkartzen naiz nire irakurleekin;  baina, egiten dudanean, oso gustura nabil, saio horiek aukera bikaina ematen didatelako jendearen iritziak eta gogoetak ezagutzeko.  Gainera, ideiak sortu, sortu egiten dira horrelakoetan. Esate baterako, goratzen dut 2013. urtean Eibarren egon nintzela nire lehen eleberria aurkezten: Argiaren Erreinua. Aurkezpenean, irakurle batek galdetu zidan nondik ateratzen nituen nobeletarako ideiak. Nik adibide batekin erantzun nion; garai hartan berri bat argitaratu zen egunkarietan, eta berri hori berehala iltzatu zitzaidan burmuinean. Berriaren arabera, liburu batzuk gizon eta emakumeen larruazalez eginda daude. Esan nion eibartarrari, nire ustez ideia kilikagarria zela, eta hortik tiraka, agian, zerbait idatzi zitekeela. Sei urte geroago, Eibarrera bueltatu, eta ez dakit solasaldian eibartar hura egongo den ala ez, baina hala bada eta Larrutik ordaindua irakurri badu, ziur naiz barre batzuk egingo ditugula elkarrekin.