Joxean Sagastizabal eibartarraren 'Kutsidazu bidea, Ixabel' eleberriaren berrargitalpena aurkeztu dute
Gaur goizean aurkeztu dute Donostiako Udal Liburutegian 100.000 aletik gora saldu dituen Joxean Sagastizabal eibartarraren Kutsidazu bidea, Ixabel eleberriaren berrargitalpena. Aurkezpen ekitaldian Inazio Mujika Iraola hitzaurrearen egilea, Joxerra Gartzia, eta Joxean Sagastizabal liburuaren egileak berak azaldu dituzte eleberri arrakastatsu honen nondik norako nagusiak. Izan ere, egilea bera harritu egiten da bere liburu honen arrakastarekin: “Kutsidazu bidea, Ixabel euskal literaturaren misterio misteriotsuena da. Nola da posible 1994an argitaratu zen liburu xume bat oraindik presente egotea abiada eskizofrenikoan dabilen munduan? Euskararen “saga” bakarra izango da, ziurrenik: liburua, CD jolasekin, antzerkia, pelikula, seriea, bigarren liburu bat, musikala; eta benetako bide bati, Hernialderen eta Alkizaren bitartekoari, “Kutsidazu bidea” izena jarriko zaio hilaren 14an, datorren ostiralean”.
Liburua argitara eman duen Alberdania argitaletxetik aitortu dutenez, “hasieran eskuizkribuari mesfidantzaz begiratu zioten orduko editoreek. Hala ere, liburuak sortzen zituen barre eutsiezinak bultzatu zuen Alberdaniak argitaratzea. Egia esan, ez zen espero umorezko eleberri batek halako arrakasta izatea. Zein da Joxean Sagastizabalen sekretua? Azalpen posibleak askotarikoak dira: umorearen tratamendu literario berritzailea; euskaltegietako ikasleak euskal landa giroan murgiltzean bizi izandako gorabeheren kontakizun dibertigarria, non irakurleak identifikatu ahal diren; gauza arinagoak eta dibertigarriagoak irakurtzeko gogoa. Alberdaniaren helburu nagusietako bat betetzen lagundu du ere: euskara eta euskarazko literaturaren hedapena”.
Joxean Sagastizabal Eibarren jaio zen, 1956an, eta Gasteizen bizi da. Ekonomia eta maisu ikasketak egin zituen. 1983an, “Café Iruña” saria irabazi zuen Jolasean izenburuko kontakizunarekin. Harenak dira hurrenez hurren liburu hauek: Zerura igotzeko (1986) eta Inguratuta gatxeuden (1989) ipuin bildumak; Jolasean (1983), Paixibo (1987), Gerturik daukagu odola (1999) eta Nomadak kantari doaz (2005) eleberriak; Zorotariko Euskal Hiztegia (1996); eta Moskatel Team (2005) antzerki-lana. Kutsidazu bidea, Ixabel arrakastatsua gaztelaniara itzuli zen 2007an, Monte arriba, ¡los vascos! izenburupean. Aurretik, 2006an, Kutsidazu berriz, Ixabel argitaratu zen, aurkeztu berri duten liburuaren bigarren zatia.