JSM Bekaren irabazleek Animen Gauaren bilakaera aztertuko dute
2015/12/12
21:58
eta kitto!
Etnologia izango da 2015eko Juan San Martin bekaren ikerketa esparrua eta beka eskuratu duten Josu Ozaitak eta Jaime Altunak Halloween edo Animen Gauaren ospakizunen inguruan Euskal Herrian eman den bilakaera eta partaideen diskurtso, bizipen eta praktiken azterketa egingo dutela eman zuten aditzera eguen goizean, bekaren irabazleak zeintzuk ziren ezagutzera emateko prentsaurrekoan.
Ikerketaren egileek esandakoari jarraituta, sasoi batean jai hori ospatzen zutenen esperientzia eta bizipenak bildu nahi dituzte, baina batez ere gaurko haurren begietatik eta diskurtsotik fenomenoa aztertzeko interesa dute: "Interes sozial handiko lana izango dela iruditzen zaigu, batez ere guraso talde, aisialdi elkarte eta hezkuntza eragileentzako. Beraien ekinbidea garbiago ikusteko lagungarri izan daiteke lan hau".
Juan San Martin beka 2001. urtean abiatu zen Eibarko Udalaren eta Udako Euskal Unibertsitatearen eskutik, euskarazko ikerketa sustatu eta Juan San Martin ikerlari eibartarra omentzeko asmoz. Horregatik, bekari esker lantzen diren ikerketa esparruak Juan San Martinek bere bizitzan zehar landutakoak dira. Urte hauetan guztietan 70 lagun aurkeztu dira deialdiotara. Beka 9.000 eurokoa da eta orain arte sari hori 11 lagunek jaso dute. Bekari eskr egindako lanetatik 9 amaituta daude eta horietako 6 argitaratu dituzte. Argitaratutako lan guztiak Juan San Martin Udal liburutegian eskuragarri daude.