Juan Antonio Aznárez, gotzain laguntzailea: “Eliza oso etxe handia da eta bertan denetarik dago”
- Nola jaso zenuen zure izendapenaren berri?
Maiatzaren 22an izan zen, nire artzapezpikuaren ahotik jaso nuen berria. Oso zaila da horrelako une batean norberak sentitzen duena azaltzea. Sentimendu asko elkartzen dira: ezustea, barne konmozioa, bertigo modukoa… lurrikara baten parekoa da!
- Izendapenak eraginik izango du orain arte garatzen jardun duzun beharrean? Zein mailatan?
Bai, jakina. Oraingoz lehendik nere eskutan zeuden eginbeharreko askorekin jarraituko dudan arren, bikario orokor edo irakasle modura jarduteaz gain, gotzain laguntzaile modura ere jardungo dut. Bestalde, seguruenik gure artzapezpiku Francisco jaunak gotzain baten betebeharreko zuzenak diren lan berriak egiteko ardura ematen joango da.
- Iruñeako San Miguel Arcángel ikasketa teologikoetarako goi mailako zentruan zuzendaria zara. Zein da zure lana?
Elizbarrutiko seminaristak eta erlijioso batzuk formatzeko zentrua da eta zuzendari bati dagozkion zereginak egiten ditut. Hori bai, horiek egiteko orduan Anabel idazkariaren eta zentruko irakasleetako bat den Iñakiren laguntza ordainezina daukat.
- Horrez gain, hainbat ikastetxetan Eskritura Santua irakasten duzu. Nolakoa da zure irakasle lana?
Irakaskuntza gustoko dut. Niretzat horren garrantzitsua izan den eta izaten jarraitzen duen Jaunaren Hitzarekin zerikusia duten gaiak irakastean, gainera, are gehiago disfrutatzen dut: San Juan, San Pablo, Eskritura Santura sarrera, hebreera…
- Nolatan erabaki zenuen Elizaren bidea hartzea?
Seminarioan sartzea erabaki nuen Jainkoak ordurako Kristo eta Elizak zaintzen dituen bizitza berriko, egiazko, askatasunezko eta jakinduriazko erretserba amaitezinak deskubritzen hastea oparitu zidalako eta Jainkoak berak oso modu anitzetan adierazi zidan ni salbatzen, argiztatzen, sendatzen, askatzen, biziberritzen eta indartzen ziharduen Ebangelioa ezagutzera ematera nire bizitza osoa eskaintzera deitua nintzela.
- Nola ikusten duzu Elizak gaur egun bizi duen egoera?
Behin, bataiatuta zegoen kazetari batek Kalkutako Teresari galdetu zion: “Nola dago Eliza?”. Eta Teresak erantzun zion: “Nola zaude zu? Ba hala dago Eliza”, amaitu zuen erantzuna erlijiosa santuak. Elizan denetarik dago. Eliza oso etxe handia da, ikaragarri handia den ospital modukoa eta bertan orotariko izpirituz gaixo daudenak aurki ditzakezu eta, era berean, oso osasuntsu dagoen jendea ere (egia esan, gizakien bihotza barrutik sendatzen espezialista onena den Kristok sendatutakoak). Pozik bizi den jendea izan ohi da, euren bizitza besteengatik ematen duen jendea, bereziki behartsu, gaixo eta premia gehien dutenen alde.
- Zure bizitzaren zatirik handiena Eibartik kanpo eman duzu, baina nolako oroitzapenak dauzkazu? Etortzen zara hona?
Bai, lantzean behin joaten naiz Eibarrera eta oso gustora, gainera. Eibarren nire arreba Belen, bere senar Alberto eta Markel eta Julen ilobak dauzkat eta, horrez gain, nire osaba-izeko eta lehengusuetako asko ere han bizi dira. Eibarren eman nituen urteetatik oso oroitzapen politak dauzkat. Urkin bizi ginen eta kalean asko jolasten genuen, orduak eta orduak ematen genituen kalean jolasean, batez ere eguraldi ona egiten zuenean. Udan, El Bosque-n (Santander) ez geundenean, gurasoek trenez Debara eramaten gintuzten, eguna hondartzan pasatzera. Beste gauza askorekin gogoratzen naiz: San Andres eskola, Arrate, jai egunetan gurasoekin mendian edo kalean egiten genituen pasiadak, domeka arratsaldetako zinea, San Andres elizako meza eta katekesia hasieran eta geroago San José Obreron, familia arteko ospakizunak (batez ere Gabonak amamaren etxean)…