Juan Palacios: “Flyscha estratuetan banatuta dagoen bezala, pelikula estratu filmikoetan banatzen saiatu naiz”
Gipuzkoako kostaldea, Sakoneta eta Mendata inguruan, zinema-plato bihurtu da azken asteotan. Izan ere, bertan izan da Juan Palacios pelikula berria grabatzen. ‘Pedaló’ eta ‘Meseta’ lanekin gertatu bezala, zinemagile eibartarra bere erroetara itzuli da esperimentaziotik asko duen proiektu berria gauzatzeko.
Eguraldiaren eta mareen menpe ibili da Juan Palacios eta bere taldea Sakoneta eta Mendata inguruan bere pelikula berriaren grabazio batzuk egiteko. Flyscha osatzen duten harri-xaflek bezala, zinemagile eibartarraren pelikulak hainbat geruza izango ditu, harriaren bitartez denboraren eta gure izatearen inguruko gogoeta eginez. Azken orduko aldaketarik ez badago, ‘Irauteaz’ izango da pelikularen izenburua.
Zer moduz joan da aste hauetako grabaketa?
Bi-hiru aste egon gara Sakoneta eta Mendata inguruan grabatzen, flyschean, eta baita Zumaia aldetik eta Lemoizko zentral nuklearrean ere (hor gertatu zena pelikularen parte da). Hau izan da nire lehen aldia aktoreekin grabatzen (Jordi Vilches eta Joseba Apaolaza), benetako fikzioa egiten, lan-talde handiarekin (orain arte egin dudanarekin alderatuz) eta maila logistikoari begira, toki horretan grabatzea, arroka artean, nahiko zaila eta gogorra da. Bakarrik materiala haraino eramatea zaila da eta, gero, mareak kontuan izan behar dituzu. Egunean sei orduko leihoa zabaltzen zaizu bertan grabatu ahal izateko eta ez bazara erne ibiltzen, mareak harrapatzen zaitu. Grabaketa egiteko nolabaiteko presa modukoa zegoela iruditzen zait. Aldi berean, paisaiaren elementuak (sentsorialak, naturalak...) pelikulan sartzea gustatzen zait. Hau da, mareak, haizeak eta horrelakoek pelikularen forman eragina edukitzea. Mareen kontu horrek aktoreengan eragina du. Urduritasun eta premia bat sortzen zuelako, eta hori ere pelikularen istorio bat da, momentu batean aktoreak mareaz ihesi dabiltzalako.
Aire librean grabatzeko orduan eguraldia ere kontuan hartu behar da. Grabaketa baldintzatzen du?
Bai, pila bat. Ekoizleetako bat kataluniarra da eta ez zituen gauza batzuk ulertzen. Batetik, mareen kontua dago. Grabatzen genuen tokia urez betetzen zela ikusi zuenean flipatu egin zuen. Eta bestetik, eguraldiaren kontua. Orain dela urtebete inguru hasi ginen filmazioa prestatzen eta esan nion Euskal Herrian ia ezinezkoa zela euririk gabeko bi aste edukitzea, eta hor kanpoan euriarekin ezin da grabatu. Zorionez, lan-talde malgua eta ulerkorra eduki dugu, eta hiru aste hauetan atseden egunak eduki behar genituenez, atseden egunak eguraldi txarra egiten zuenean jartzen saiatu gara. Beraz, egunaren arabera moldatu behar izan zarete. Gauza asko hartu behar dira kontuan, eta eguraldiaren, mareen eta argiaren arabera, plano bat edo beste grabatzea erabakitzen joan gara.
Hau guztia pelikularen filmaketaren zati bat besterik ez da izan. Nola grabatzen da pelikula bat?
Uste dut zinemagile eta ekoizle bakoitzak bere modura egiten duela. Nire pelikuletan idazketa prozesua, muntaia eta grabaketa batera joan daitezen saiatzen naiz. Hau jada ezinezkoa da, ez doaz batera, baina noabaiteko aldiberekotasuna edukitzen saiatzen naiz. Orokorrean, nire pelikulen abiapuntua toki bat izaten da, espazio bat. Toki batera joan aurretik gauza bat idatzi dezakezu, baina bertara joan eta grabatzen hasten zarenean, aurretik pentsatu duzun errealitate hori ezberdina dela konturatzen zara. Beraz, berridazketa prozesua egon behar dela uste dut. Orduan, grabatzera noa, pixka bat muntatzen dut, nolako materiala dudan ikusi eta pelikula berridazten dut. Malgutasun hori edukitzen saiatzen naiz. Gertatzen dena da pelikula honetan lan-taldea 15 lagunek osatzen dugula eta, 15 lagun izanda, aipatu dudan prozesua edukitzea zaila dela. Izan ere, gauzak oso ondo zehaztuta egon behar ziren, baliabide asko zirelako eta ondo erabili nahi nituelako.
Nolako pelikula izango da?
Pelikula harriari buruzkoa da, flyschari buruz, paisaia horren ingurukoa. Edo, agian, gizakiaren edo gure zibilizazioaren denbora hau harrien denbora-eskalaren bitartez ikustea da asmoa. Hau da, euren ikuspuntutik gu begiratzea. Agian pelikula horri buruz doa gehiago. Dena dela, paisaia horri buruzko ikerketa da. Flyscha estratu ezberdinetan banatuta dago, milaka estratu daude, eta pelikula estratu filmikoetan banatzen saiatu naiz. Nire ideia da pelikulak, formalki, paisaia hau islatzea. Hau da, pelikulak paisaiaren forma hartzea. Estratu filmiko bakoitzak denbora bat islatzen du pelikularen istorioan eta estratu bakoitza formatu ezberdin batean dago grabatuta. Adibidez, dagerrotipoekin hasten gara, antzina argazkiak egiten ziren formatuan; gero, 35 mm-ko txuri-beltzeko emultsio zahar batera pasatzen gara; beste zati bat Super 8-an grabatuta dago; beste bat VHS-n... Oraindik ez dakit nola irtengo den, esperimentu bat da. Bestalde, pelikulak badu trama bat ere.
Teknikaren aldetik, nolako erronka izan da formatu horietan grabatzea?
Dagerrotipoen kontua ez dugu oraindik egin. Aita argazkiak egiten ibiltzen da eta dagerrotipoak egiten dakien azpeitiar bat ezagutzen du. Pelikula ia muntatuta dagoenean landuko dugu hori seguruenik.
Aita (Juan Antonio Palacios) eta harria aipatu dituzu, eta hain zuzen ere berak ‘Harria’ izeneko argazki-liburua egin zuen. Pelikularako inspirazio izan da?
Izan daiteke! Niretzat kasualitatea da, baina nork daki zure inguruan gertatzen diren gauzek zugan nolako eragina duten. Seguruenik nolabaiteko eragina izan du.
Zergatik aukeratu duzu flyschean grabatzea?
Gurasoak beti zebiltzan jendez beteriko hondartzetatik ihesi eta txikitatik Sakonetako kala batera joan izan naiz. Ondo ezagutzen dudan eta asko gustatzen zaidan tokia da. Gero, Ingurugiro Zientziak ikasi nituen eta Geologia eman nuenean flyscharen inguruko gauzak ikusi genituen. Lurraren historia hor erregistratuta dago, planetan gertatu diren gertakizunak, eta hori berez interesgarria iruditzen zait. Bestalde, Artistic Research in and trough Cinema (Ikerketa Artistikoa Zinemari Buruz eta Zinemaren bitartez) izeneko masterra egin nuen Amsterdamen. Hau da, zinema erabiltzea ikerketak egiteko. Orduan, gizakiak ez diren entitateen (‘non human’ esaten zaie ingelesez eta gizakiak ez diren beste bizidunak izan daitezke edo, arrokak bezala, bizitzarik ez duten entitateak) ikuspuntuari buruz ikertzen hasi nintzen, munduari euren ikuspuntutik begiratzea. Zinemak espazioa eta denbora iraultzeko gaitasuna du (adibidez, pelikulak irauten duen ordu eta erdian pertsona baten bizitza guztia kontatu daiteke), eta arte edo bitarteko egokia da aipatutakoa ikertzeko.
Danimarkan bizi izan zara, orain Amsterdamen, eta hango zinea ezagutzeaz gain, Euskal Herriko errealitatea ere ezagutzen duzu. Bata eta bestearen artean aldeak ikusten dituzu? Nolako aukerak daude batean eta bestean zinea egiteko?
Laguntzei dagokionez, Danimarkan eta Herbehereetan diru-laguntza gehiago dago zinea egiteko. Aukera gehiago dago eta horrek lasaitasuna ematen dit. Han bizitzen jarraitzeko arrazoietako bat izan daiteke, baina ez dakit zenbat denboran, hemen egiten den zinema gehiago interesatzen zaidalako. Gertukoagoa sentitzen dut. Bitxia da, baina orokorrean, Europa hegoaldean egiten diren pelikulak iparraldean ez dira asko ikusten, eta alderantziz. Adibidez, ‘Meseta’ pelikularen ondoren, ‘As the Tide Comes In’ izeneko pelikula egin dut Danimarkan eta toki askotan jarri dute, mundu guztian zehar, baina Frantziatik behera ez. Ez dakit zergatik den horrela. Agian urrutiegikoa dela sentitzen da edo hango errealitateak, hain urrunekoa izanda, ez du interesik sortzen hemen. Azken heinean, urtero pelikula asko egiten dira eta denak jaialdi guztietan egotea zaila da.