JUAN SANCHEZ VALLEJO: “Jaiotzen garen momentutik bakardadean kokatzen gaituzten egoerak bizi ditugu”
Psikiatra jubilatua da Juan Sanchez Vallejo, medikuntza orokorrean ere urteetan jardundakoa, eta azken urteotan idazle lanetan ikusi dugu. Hainbat liburu kaleratu ditu, baina ez du albo batera laga bere ogibidearen esentzia, gizartean gertatzen diren egoeren eta arazoen inguruan idatzi baitu. Oraingoan, ‘Soledad y soledades’ liburuan, bakardadearen inguruko hausnarketa egin du.
Sarritan entzun dugun kontzeptua da bakardadea, baina Sanchez Vallejok erakusten duen moduan, gutxi hausnartu dugu horren inguruan eta, are gehiago, gutxi dakigu bakardadeari buruz. Berdina al da bakardadea eta bakarrik egotea? Zergatik sentitu gaitezke bakarrik mundu hiperkonektatu honetan? Iraganeko poeten berbak hartuta eta teknologia berriei so eginez, idazle eibartarrak gogoeta egin du bakardadeari buruzko entsegu honetan.
Zer da bakardadea?
Liburuan aipatzen dudan bezala, bi adiera dituen kontzeptua da. Batetik, bakardadea bakarrik egotea da, hau da, fisikoki edo sozialki bakarrik egotea. Adibidez, etxean bakarrik bizi den jendea (gero eta jende gehiago bizi da bakarrik) edo isolatzea nahiago duten pertsonak (liburuan aipatzen ditudan poetak bezala). Hori da bakardade hitzaren interpretazio zuzenekoena. Beste gauza bat da emozionalki oso bakarrik sentitzea, eta hain zuzen ere hori lantzen dut liburuan batez ere. Bakarrik sentitzen den pertsona, gehienetan, abandonatuta dago eta, gainera, egoera emozional tristea eta depresiboa du, ez maitatua eta ez preziatua sentitzen delako. Hori bakardade tristea da, bakardade mingarriena, eta osasunari kalte gehien egiten diona, buru-osasunari batez ere. Batzuetan bakardade hitza gaizki erabiltzen dela pentsatzen dut. Askok zera diote: “Nik badakit bakarrik egotea zer den”, eta abar. Arinegi erabiltzen dugu sarritan eta gauza potoloa da.
Batzuek bakardadea bilatu egiten dute, baina liburuan esaten duzun bezala, beste batzuetan bat-batean iristen da, nahi ez duzunean. Nola eragiten du kasu horietan?
Bat-bateko bakardadea egoera jakin batzuetan gertatu ohi da. Hau da, bakarrik egotean eta, gainera, bakarrik sentitzean. Adibidez, alarguntzean, nota txarrengatik eskolatik botatzen zaituztenean… Dena dela, bat-bateko bakardade guztiak ez dira txarrak. Adibidez, bizi osoan zehar konpainia txar batekin bizi izan bazara, pertsona horrek alde egiten badu edo hiltzen bada (adi, ez dut esaten hiltzeagatik poztuko zarenik), agian bakarrik egoteko gogoa duzu edo, behintzat, konpainia hori lagatzeko. Orduan, bakardade hori atseginez hartuko duzu.
Liburuan nola landu duzu bakardadearen gaia? Hau da, nolako kontakizuna egin duzu?
Poesia irakurle amorratua naiz. Poesia klasikoaren barruan, ehuneko handi batek (Quevedok, Lope de Vegak, Zorrillak, Teresa de Jesusek…) bakardadea goraipatu egiten du. Horregatik, liburuaren hasieran hainbat kontakizun poetiko txertatu ditut, autore hauentzat bakardadea zein ona zen ezagutarazteko. Beste poeta batzuek, ordea, tristetu egiten dira bakardadeari buruz berbetan (adibidez, Gabriel Zelaia, nire lagun handia). Bakardadea gustoko zuten poetek onartu eta bilatu egiten zuten bakardade egoera hori, sasoi horretan bi pertsona klase besterik ez zegoelako: onak eta txarrak. Jakintsuak, erregeak, aberatsak eta horrelakoak onak ziren; eta beste guztiak, herri xumea, txarrak. Beraz, pertsona kultu hauek bakartzea erabakitzen zuten euren meritua izango balitz bezala, bakartzea merezi zutelakoan.
Iraganera jo duzu adibide hauek jartzeko, baina gaur egungo egoerak ere aztertu dituzu. Nolako egoerak dira? Nola bizi dugu bakardadea gaur egun?
Gaur egun, konpainia eta komunikazio kontzeptuak nahastu egiten dira. Hiperkomunikazioa dago gaur egun. Mugikorrek, Internetek, adimen artifizialak eta horrelakoek guztiz komunikatuta gaituzte. Hainbestekoa da komunikazioa, gainkomunikazioa dagoela, baina benetako komunikazioa, komunikazio metodo berrietatik ez datorrena, hau da, arlo emozionalari eta afektibitateari dagokiona, urria da. Gizartearen herena baino gehiago mugikorraren esklabu da. Uneoro komunikatzen ari den jendea da, baina gero kalean edo etxean inork ez die jaramonik ere egiten. Edozeinen bizitzaren inguruko informazioa dute, etengabe ari dira komunikatzen, baina maitasunaren inguruan ez dute heldutasunik. Liburuaren zati batean alargun geratu diren pertsona nagusien gaia lantzen dut eta, ordenagailuak, bideo-jokoak…) esklabu diren 12 eta 22 urte artekoen gaia. Euretako ehuneko esanguratsu batek (%25 inguruk uste dut, buruz nabil orain) deprimituta amaitzen du. Patologikoki deprimituta, tratamendu psikiatriko edo psikologikoaren beharra dutelarik. Izan ere, autobakardadearengatik deprimituta amaitzen duten gazteen laurdenak bere buruaz beste egiten du.
Liburuan aholkurik ematen duzu bilatu gabeko bakardade horri aurre egiteko?
Modu zuzenean aholkuak ematea ez zait gustatzen. Psikiatra bezala ere inoiz ez zait gustatu izan aholkuak ematekoa. Nahiago izan dut pertsonak entzun eta entzundakoa modu ordenatu eta arrazionalean itzultzea. Jendeak adimena erabiltzea bilatzen dut, denok dugulako adimena. Beste kontu bat da adimen hori erabiltzen ez jakitea.
Liburua irakurtze hutsak, gutxienez, pentsatzen edo hausnartzen lagundu dezake.
Bai, hori zoragarria da, baina jendeari kostatu egiten zaio. Irakurtzeak pentsarazi egiten dizu eta pantaila baten aurrean egotea baino politagoa da.
Alargunak eta gazteak aipatu dituzu. Bakardadeak edonori eragiten dio?
Mundu guztia egon daiteke bakarrik bere bizitzan zehar momenturen batean. Modu ezberdinetan gertatu daiteke eta sentimendu ezberdinak bizi daitezke (bakarrik gustora ere egon gaitezke). Arazoa bakardade depresiboak direnean dago, horrelako ideiak dituzunean: tontoa zarela, inork maite ez zaituelako zaudela bakarrik, baztertu egin zaituztela, kulpa zeure buruari egoztea…
Orain jubilatuta zaude, baina aipatu duzun azken egoera horretatik irtetzeko, laguntza jasotzea beharrezkoa da?
Bai, noski. Edozein laguntza da ona: lan arloko laguntza, laguntza intelektuala, afektiboa, sexuala… Noski, laguntza hori onartu egin behar da.
Zerk eraman zaitu gogoeta hauek egitera?
Nire bizitzak. Bi urte eta erdi nituenean ama galdu nuen. Sasoi horretan ez nuen bakardadea ulertu, baina sentitu nuen. Horrelakoetan bakartzera jotzen duzu, negar asko egiten duzu (arrazoia ondo jakin gabe)… Nire kasuan bezala, laguntzarekin aurrera egiten duzu, baina jaiotzen garen momentutik bakardadean kokatzen gaituzten egoerak bizi ditugu. Nagusitan, badago psikiatrek sendatzen saiatzen garen buru-estatus bat, gaixotasunak eragiten dituelako, eta hori autoestima da. Psikiatrek kontsultan jaso ditugun pazienteen %70 ideia existentzialak ordenatzea behar duen jendea da (ekimen afektiboa, intelektualak, kulturalak…). beste batean, pantailen (mugikorrak,