Juan Sanchez Vallejo, psikiatra: “Beldurrarekin pentsamena usurpatu digute”

Juan Sanchez Vallejo, psikiatra: “Beldurrarekin pentsamena usurpatu digute”
2020/03/25 12:19
eta kitto!
Juan Sanchez Vallejo psikiatra eta idazleak konfinamendu egoera kudeatzeko hainbat jarraibide eman dizkigu. Bere ustez beldurra da egoera honetan gizakiaren etsairik garrantzitsuena eta konfinamendua amaitzen denean momentu txarrak ahaztuko ditugula pentsatzen du.

 

- 10 egun daramatzagu konfinatuta eta beste 17 egun egon beharko gara horrela gutxienez. Nola egin diezaiokegu aurre egoera honi?

Egoera hau jasatea besterik ez zaigu geratzen, ez digute beste aukerarik uzten. Egoera honetan jarri gaituzte eta aginduak besterik ez dizkigute eman, animaliak izango bagina bezala. “Zuek etxera!”. Espainiako erregeak eta presidenteak diskurtsoak egin dituzte (gizartean alarma sortuz), baina zergatik ez dira epidemiologoak irten azalpenak ematera? Azken finean, eurek dute egoera honen inguruko jakintza. Koronabirusa zer den, nolako arriskuak sortu ditzakeen, sortzen dituen patologiek nolako garrantzia duten… azaldu beharko lukete. Epidemiologoen agerpena beharrezkoa da, beldurra erabili barik egoera azaltzeko, eta telebista kate guztiek eman beharko lukete euren agerpena. Gero, informazio horrekin bakoitzak erabaki dezala zein neurri hartu, higienikoak batez ere. Asko nabarmendu da maskaren garrantzia, bi metroko distantzia mantendu behar dela eta abar, baina ez hainbeste norbanakoen higienea. Hainbat tokitan agertu izan dira zientzialari batzuk, baina guztiok dakizkigun lau arruntasun esan dituzte. Hori da jaso dugun informazio urria, beste guztia aginduak izan dira.

- Epidemiologoek azalpen gehiago emanez gero, herritarrok beste modu batean kudeatuko genuke egoera hau?

Noski baietz. Modu errealago batean ulertuko genuke egoera hau, modu zientifikoago batean. Eta, batez ere, beldurra edukitzea ekidingo genuke. Beldurra inoiz ez da ona izaten, sekula. Beldurrak egoera kaotikoak eta harrigarriak sortzen ditu. Beldurrarekin jendeak agindutakoa betetzen du, bestela errepresaliatuko, zigortuko edo ospea kenduko digutelakoan. Beldurrak jendea kikiltzen du, pentsarazi beharrean. Eta, zentzu horretan, astakeriak egiten dira. Momentu honetan egoera kaotikoa bizi dugu beldurrak lagunduta. Izan ere, gezur asko esan dizkigute eta horren adibide dira esku artean ditudan bi albiste. Batek zera dio: “Eskolarteko kirol talde bateko 21 urteko entrenatzailea hil da Malagan koronabirusaren ondorioz”. Albiste barruan, ordea, pulmonia baten ondorioz hil dela jartzen du, ez birusagatik. Demaseko lotsagabekeria da! Eta beste albiste batek zera dio: “Koronabirusaren ondorioz hil da Vittorio Gregotti, Montjuiceko estadioaren arkitektoa”. Albistean, ordea, birusa izan duela diote, baina pulmonia baten ondorioz hil dela. Ezin da hori egin. Beldurrak lotu eta esklabu bihurtzen egiten gaitu, eta pentsamolde logikoa ezerezten du. Pentsamena usurpatu digute.

- Beldurra dugunean egoera normal batean onartuko ez genituzkeen gauzak onartzen ditugu?

Bai. Norbait esklabu bihurtu nahi baduzu, beldurtu ezazu. Kasu honetan informazio garrantzitsuena usurpatu digute, informazio zientifikoa. Gai honen inguruan inkoherentzia eta inkongruentzia asko dago. Birus honen epidemiologiaren inguruko ezjakintasuna dudala onartzen dut, ez da nire eremua, baina mediku moduan hainbat galdera etortzen zaizkit burura eta ez diet azalpenik aurkitzen. Dena dela, gutxienez apirilaren 11ra arte iraungo du alarma egoerak eta, etxean geratzeko esan digutenez, etxean geratu behar gara. Geure ongizaterako neurriak dira eta onartu egin behar ditugu. Nik, adibidez, 73 urte ditut eta egunero bi edo hiru orduz oinez ibiltzea gomendatzen didate trastorno batzuei aurre egiteko, baina egoera honetan ezin naiz ibiltzera irten. Beraz, etxean geratu eta zabor poltsak botatzera eta errekaduak egitera besterik ez naiz irteten.

- Nola kudeatu dezakete egoera hau arazo psikologikoak dituztenek?

Egoera honek ez dio inori laguntzen, are gutxiago patologia psikikoak dituztenei. Beldurraren ondorioz, egun hauetan ez da gauza konkretuen inguruko ikara bakarrik sortzen (kontagiatzeko beldurra, adibidez), baita larritasuna ere (beldur ilogikoa). Larritasun egoera horretan edozein gauzari izaten diezaiokezu beldurra, eta antsietatea eta sentsazio agresiboak sortzen dira. Hau da, pertsonen arteko harremanetarako kaltegarriak diren sintomak.

- 15 eguneko konfinamendua ezarri zuten lehenik, orain epe hori luzatu dute eta ez dakigu berriz gehiago luzatuko duten. Koarentena luzea izango dela onartzea komeni zaigu edo egunez egun joan behar gara?

Gauza biak egin beharko genituzke. Luzea izango dela sartu behar dugu buruan, baina egunerokoa da garrantzitsuena. Inportantea da esnatzen garen momentutik zereginak edukitzea (irakurtzea, idaztea, jolastea…).

- Noiz pasako da egoera hau?

Egoera hau berandu baino lehen pasako da. Genero honetako epidemiek 3 edo 4 hilabete irauten dute. Beraz, pandemia honek ez du 4 edo 5 hilabete baino gehiago iraungo, gripe arruntarekin alderatuz antzeko portaera birala duelako. Batzuetan patologia larriagoak sortzen dira eta beste batzuetan ez hainbeste. Dena dela, zenbakiak aipatuz, gaur arte 2.000 pertsona inguru hil dira Espainian koronabirusarekin. Iaz, adibidez, 300.000 minbizi kasu erregistratu ziren eta erdia hilko da epe laburrean. Eta 2018an, bestetik, 40.000 lagun hil ziren kutsaduraren ondorioz. Zifra horiek ez dira hainbeste aipatzen eta larriak dira baita ere. Horrek pentsarazi egin behar digu eta koarentena sasoi hau ona izan daiteke horretarako, pentsatzeko.

- Nola itzuliko gara normaltasunera? Nola eragingo digu guzti honek?

Gizakiak ahazteko gaitasun handia du. Sigmund Freudek esan zuen bezala: “pasatu dena pasatu egin da eta ez du arrastorik ere uzten”. Bizitakoa erreprimitzeko eta ahazteko gaitasun handia dugu. Nork gogoratzen du orain A gripearen pandemia? Inork. Sufriarazi diona ahazteko gaitasun handia du gizakiak, eta hori oso positiboa da.