Juan Sanchez Vallejo, psikiatra eta idazlea. “Zahartzaroari ezkortasuna kendu nahi diot liburu honekin”

Juan Sanchez Vallejo, psikiatra eta idazlea. “Zahartzaroari ezkortasuna kendu nahi diot liburu honekin”
2019/05/10 10:24
eta kitto!
La vejez’ izeneko liburu argitaratu du Juan Sanchez Vallejok. “Liburu hau ez da zahartzaroaren eta honek dakarren egoeraren gorazarrea. Ezta kontrakoa ere”, dio liburuaren kontrazalean. Zahartzaroa ikuspuntu ezberdinetatik aztertu du Toledon jaiotako psikiatra eibartarrak eta nagusiak zaintzen dituztenak omendu nahi izan ditu, “batez ere Ego Gain eta San Andres zentro geriatrikoko langileak”.

 

- Zahartzaroaren inguruko gogoeta egin duzu liburuan, baina zein ikuspuntutik?

Liburuaren tituluak dena esaten du, baina ez du ezer zehazten. Azpitituluak, ordea, pista gehiago ematen ditu. “Urteak bizitzari eta bizitza urteei”, dio. Liburu honekin ez dakit zahartzaroari baikortasuna eman nahi diodan, baina bai ezkortasuna kentzea eta errealitatean kokatzea. Bizi-itxaropena izugarri hazi da eta adituek diotenez Espainiako batezbesteko adina 54 urtekoa izango da mende honen erdialdean, munduko lurralde adintsuena izango delarik. Bestetik, Euskadin emakumeen bizi-itxaropena Europako altuenetakoa da. Beraz, aintzat hartzekoa da hemengo zaharren biztanleria dentsitatea eta gizartea ez dago horretarako prestatuta. Gizartea oso kontsumista da, oso azalekoa, eta pertsona nagusiengan zahartasuna eta axolagabekeria soziala bakarrik ikusten du. Zaharrek hori bakartasun eran sentitzen dute, baina ez dute berben bitartez azaleratzen.

- Euren berezko egoera hori izan dela onartzen dutelako?

Hori da! Zaharrek hedabideek esaten dietena onartzen dute, bere burua giza-hondakintzat hartzen dute eta bakartasun emozionalean murgiltzen dira.

- Egoera horri aurre egiteko prestatzen gaitu liburuak?

Liburuak baikortasun apur bat eman nahi dio egoera horri, gizarteak gai honen inguruan neurriak hartuko dituela pentsatuz. Alde positiboan, zahartasunera modu onean heltzen gara, izan ere orain dela 100 urte bizi-itxaropena 40 urtekoa zen.

- Nola eman ahal diegu bizitza urteei?

Zaharrei kasu eginez. Greziarren eta erromatarren aroan zaharrek agintzen zuten, adibidez. Gero eta urte gehiago bizi ahal bagara, are hobeago, baina naturak ere badu zeresan hor.

- Zergatik idatzi duzu zahartzaroari buruzko liburu bat?

Orain dela 11 urte ‘Senectud, divino tesoro’ liburua idatzi nuen, baina hainbat gauza falta zaizkiola konturatu naiz urte hauetan. Adibidez, zahartzaroa emakumeen ikuspuntutik lantzea. Zaharren zaintzaren inguruko gauzak ere falta ziren: nola zaindu, zaharrek nolako elikagai erregimena izan beharko luketen... Eta gazteek zahartzaroari buruz duten ikuspuntua ere faltan somatzen nuen. Hainbat pertsonaren laguntza jaso dut liburu berrian gai hauek jorratzeko. Isabel Lopez Aulestiak emakumeen ikuspuntutik landu du zahartzaroa, Mikel Diez Oregi psikologoak erresilientziaren eta zaintzaren arloa landu du, eta Asier Ezenarrok gazteen ikuspegitik aztertu du gaia.

- Beraz, liburua zahartzaroaren gida izan daiteke?

Gazteek eta zaharrek ez dute zahartzaroaren ikuspuntu bera, beraz, gazteentzat baliagarria izan daiteke. Diez Oregik, adibidez, 4. adina kontzeptua aipatzen du bere testuan.

- Bizi itxaropena hazten ari dela aipatu duzu. Zahartzaroan sartzen garen momentua ere aldatu egiten da?

Noiztik gara zaharrak?”, galdetzen dut liburuan. Jubilazioa izan daiteke irudizko lerro banatzailea, baina jubilatzen den pertsona oro ez da zahar sentitzen. Hor dago gakoa. Zein den zaharra eta zein sentitzen den zaharra.