Juanjo Araolaza ...eta kitto!-ko lehenengo presidentea hil da
1992an ...eta kitto! Euskara Elkartea sortu zeneko lehenengo presidentea hil da. Bi urte egin zituen karguan, eta 1993an Elena Lakak hartu zuen haren lekua. Elkartea sortu berritan, honakoak izan ziren bere adierazpenak: “Inoiz baino gehiago ematen ari zaio euskarari laguntza klase bat, gehienbat diruarekin eman leikiena: Eusko Jaurlaritzatik, eskoletarako, ikusgailuetan... Baina horrekin ez da nahikoa, kalean ez delako hitzegiten. Ez da beharrik ikusten euskaraz egiteko. Kontzientziazioa lortu behar da eta, horretarako, derrigorrezkoa da presio soziala, euskal mundutik sortutako presioa, beharrezko hartuemanak euskaraz egiteko. Ea modu horren bitartez sartzen den jendea gurdi horretan”.
Juan Jose Araolaza Zizurkilen jaio zen 1943an. Aita tolosarra eta ama azpeitiarra zituen; Zizurkiletik Elgoibarrera bizitzera joan zen 11 urte zituela, aitaren lana zela eta. Zaragozan ikasketak egin zituen eta Elgoibarrera bueltatu zen, ondoren Eibarren podologo bezala jarduteko urte askotan, Bidebarrieta kalean. Euskal Herriko Podologoen Kolegio Ofizialaren lehenengo Batzordeko partaidea ere izan zen.