JUANKAR OLAETA: “Garapenerako kooperazio proiektuak daude, baina ez bakarrik ikuspuntu material batetik, baita gizarte eta hizkuntza aldetik ere
Joan den ikasturtea amaitzerakoan, ikasleek gelak hustu ondoren, Perura bidaia egin zuen Egoaizia GKE-ko lagunekin batera Juankar Olaeta Aldatze ikastetxeko zuzendariak. GKE-ak eta ikastetxeko Aldatzen boluntario-proiektuak Perun garatzen ari diren proiektuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen eta, noski, askoz ere gauza gehiago ere.
Ekainaren 28tik uztailaren 14ra arte egon zen Olaeta Perun, baina mila gauza egiteko eta ezagutzeko aukera izan zuen. “Turismotik gutxi”, esan digunez, baina hango komunitate batzuen errealitatea ezagutzetik asko. Hezkuntza arloko gaiak landu zituzten batez ere Aldatzeko kideek eta hainbat urtetan eman den elkarlana sendotzeko balio izan zuen bidaiak.
15 egun egin zenituzten Perun, baina pentsatzen dut oso biziak izan zirela, ezta?
Egia esan, Perura joan aurretik hasi genuen bidaia, lehenagotik prestatu genituelako planak, jarduerak eta abarrak han dauden lankideekin edo partnerrekin. Oso egutegi trinkoa zehaztu genuen. Goizeko 07:30ean martxan jartzen ginen eta 18:00ak inguruan eguneko jardunarekin amaitzea zen asmoa, baina inoiz ez zen plana bete eta 20:00ak edo 21:00ak arte aritzen ginen, jarduerak luzatzen zirelako, beste proiektu batzuk ezagutzeko aukera sortzen zirelako, eta abar.
Peruko hainbat tokitan ibili zineten?
Bai. Lehenik, Limara iritsi ginen hegazkinean eta iparraldera jo genuen berehala, Piura goienera. CIPCA-k (Centro de Investigación y Promoción del Campesinado) Piura hirian du egoitza nagusia, eta mendialdean (‘sierra’ deitzen diote eurek) dauden herri eta komunitate txikiak bisitatu genituen. Gero, Trujillora jo genuen, hegoalderantz. Handik Limara egin genuen eta gero Cuzco ingurura. Beraz, iparraldetik hegoalderaino zeharkatu genuen Peru hegazkinak, ibilbide luzeko autobusak eta 4x4 autoak hartuta.
Hainbat proiektu bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zenuten. Nolako proiektuak dira?
Lehendabizi esan behar da partzuergoan egindako lankidetzak direla eta horko burua, gehienetan, Egoaizia dela. Horrela, Lierni Fernandez eta Marta Ferre ere etorri ziren bidaian. Horrekin batera, ikastetxean Aldatzen elkartea dugu eta proiektu txikiago batzuetan gu ere baginen buru, nahiz eta Egoaiziakoak jantziago egon. Bestalde, lehenengo astean gurekin egon ziren haurren psikologia ebolutiboan adituak diren Harremanak elkarteko bi kide, Olatz Berasategi eta Mireia Agirre. Orduan, proiektu mota ezberdinak ezagutu genituen.
Adibidez?
Piurakoei dagokienez, CIPCA-koen bitartez, hango udaletako arduradunekin, azpiegiturako ingeniariekin eta administrariekin elkarretaratzeak izan genituen hemengo erakundeei esker finantzatzen diren proiektuen garapena ikusteko. Adibidez, azpiegitura kontuen jarraipena egin zen (ura lortzea eta bideratzea, kasu). Toki horietan bizi diren pertsonen bizi-kalitaterako funtsezkoak diren proiektuak dira, baina diru-laguntzetan zehazten diren irizpideetan emakumeen ahalduntzea, genero berdintasuna eta estereotipoen kontrako alderdi pedagogikoa agertu behar dira beti. Horrela, komunitate bakoitzean horrelako gauzak kudeatzeko batzordeak daudenez, bertan gizonak eta emakumeak egotea bideratzea da helburuetako bat. Hemen ere dugun kontu sakona da, baina han ikusi dudanaren arabera, are larriagoa da hango emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna. Beraz, badaude garapenerako kooperazio proiektuak, baina ez bakarrik ikuspuntu material batetik, baita gizarte eta hizkuntza aldetik ere.
Emakumeen aldeko lanketa horretatik nabari dira aurrerapausoak?
Emakumeek osatzen duten APPROCAP kooperatiba bisitatu genuen, kakaoaren laborantzan eta salmentan lan egiten duen kooperatiba, eta erakutsi ziguten proiektua nola garatu duten diru-laguntzei eta ezagutzari esker: antolakuntza motak, produkzioa egiteko moduak, merchandisinga nola egiten duten... Oso pozik agertu ginen alde horretatik, baina Liernik esan bezala, Egoaiziaren erronka nagusia bertan beharrezkoak ez izatea da, Egoaiziaren presentzia bertan ez betikotzea. Hau da, eurak ahaldunduta, proiektuen bideragarritasuna lortzea. Burujabeak izan behar dute eta autonomiaz funtzionatzeko moduak landu behar dituzte, eta esan digutenez kosta egiten zaie zenbaitetan.
Hezkuntzari lotutako proiektuetan zer lantzen duzue?
Piuran hezkuntzari lotutako bi proiektu ezagutu ditugu. Batean, lankide batek eta nik neuk eskuhartze zuzena izan genuen bi komunitatetako bi ikastetxetan, nik irakasleekin eta lankideak 15 urte inguruko ikasleekin. Solasaldi dialogikoak izan genituen eurekin. Genero estereotipoen prebentzioa, ahultzea eta eraldatzea, emakumeen berdintasuna, emakumeen kontrako sexu erasoen inguruko gaia eta abar landu nahi genituen dinamika horren bitartez.
Zertan datza solasaldi dialogikoa?
Aldez aurretik, ebidentzia zientifikoetan oinarritutako gai horien gaineko testuak aukeratzen dira eta tertulia moduko bat antolatzen da moderatzaile edo gidari batekin. Kasu horretan, lankideak eta biok testuak aukeratu eta adostu genituen hara joan baino lehenago, haiek testuak irakurri eta landu behar zituzten guk esandakoaren arabera, eta gero, hara iritsita, solasaldia eduki genuen. Oso interesgarria izan zen. Norberak bere irakurketa pertsonala egiten du. Horregatik, solasaldiotan edonork hartu dezake parte.
Zein beste proiektu ezagutu zenuten Piuran?
Hau ez bakarrik Piuran, baina Piuran ere: estimulazio goiztiarreko proiektuak ezagutu genituen. Beharrak eraginda, hango ortuetan (txakrak) gizonek zein emakumeek egiten dute lan eta, askotan, emakumeei nolabaiteko lasaitasuna ematen die lan egiten duten bitartean, bizkarrean, euren gorputzari itsatsita, seme-alaba sentitzea. Kontua da, agian denbora gehiegiz izaten dituztela bertan (batzuetan 3 edo 4 urte bete arte) eta, gainera, euren bizkarrera begira, ez kanpoaldera, eta umeen lehen hiru urteak giltzarri dira pertsonaren garapen psikomotorerako eta kognitiborako. Amaren bizkarrean, umeek ez dituzte kognizioa eragiteko estimulurik, eta mugitu barik, ezta psikomotrizitaterako aukerarik ere. Horrela hiru urte emanez gero, badira gaitasun batzuk ezin garatuzko gelditzen direnak. Hori da diagnostikoa, baina horren aurrean zer egin? Diru-laguntzen bitartez, emakume batzuei prestakuntza ematen zaie, estimulazio goiztiarreko zentroak eratzen dira eta emakume hauek liberatu egiten dira, soldata kobratuz, arratsaldeetan seme-alabak hara eramateko. Horrela, han dauden bitartean aipatutako gauzak lantzen dituzte. Gainera, umeak ez dira hezitzaileekin bakarrik geratzen, gurasoak ere egoten dira (amak batez ere), seme-alabekin egiten dituzten jarduerak egiteko eta hezitzaileek eurei horren garrantzia azaltzeko. Horrela, gero jarduerak etxean egin ditzatela da asmoa.
Piuratik Trujillora jo zenuten. Nolako proiektuak aurkitu zenituzten bertan?
Bidaia honetan Fe y Alegria erakundeak Perun dituen bi ikastetxe bisitatzeko aukera izan genuen eta, era berean, hemendik diruz lagunduta ikastetxeotan aurrera daramatzaten hezkuntza proiektuen jarraipena egiteko, ikusteko eta abar. Ba ikastetxe hauetako bat Trujillon zegoen. Bitxia da, ze lehenik ikastetxea sortu zuten eta gero hazi zen auzoa bere inguruan. Hezkuntzak ekarri du aurrerapena eta aurrera egin nahi izatea. Sinergia tokia izan da, baita familien artean ere, elkarrekin gauzak egiteko, bizimodua hobetzeko eta abar. Hemen ezberdina da. Auzo batean jende asko bizi bada, ikastetxea jartzen da. Fe y Alegria Andra Mariaren Alaben ikastetxea da, eurek kudeatzen dute, Aldatze bezala. Beraz, oso harreman estua dugu eurekin. Kudeaketa pribatua dute, baina finantzazioa estatuarena. Dituzten proiektuen artean, unibertsitatera joateko aukerarik ez dutenek zein beste aukera duten ikusten ibiltzen dira eta oso harrituta gelditu nintzen irakasleen sormenarekin eta inplikazioarekin. Bestalde, euren integraziorako eta ikastetxearekiko loturari eusteko, musika sustatu dute eta musika banda bat dute. Horrekin batera, Trujillon, eta Perun oro har, kezka handia dute nerabeen nahigabeko haurdunaldiekin.
Zer egiten dute horren aurrean?
Trujillon, adibidez, ikastetxe horretako ikasle ohiak diren 22 urte inguruko hiru neska gaztek beka jasotzen dute unibertsitatean ikasi ahal izateko. Euren familiekin elkartu ahal izan ginen. Baten kasua miraria zirudien. Bere etxera joan ginez, ikastetxetik hainbat kilometrotara dagoena, eta etxola batean bizi ziren. Erabateko duintasuna beraiena, baina ez nintzen ondo sentitzen, euren intimitatea urratzen egongo banintz bezala. Erabat harkorrak izan ziren, baina bion arteko harremana ez zen parekoa. Zuk nahi duzu, baina hor beste interes batzuk daude. Azkenean, zu zara bere alabak unibertsitatean jarraitzeko giltza eduki dezakeena. Agian, beste testuinguru batean, “honek zer egiten du hemen?”, pentsa zezaketen. Sentsazio hori eduki dut esperientzia guztian zehar. Horren jakitun, saiatzen zara ez jokatzen euren gainetik egongo bazina bezala. Etxe hartan ez zegoen urik eta ikustea zelan zeuden garbi, ondo jantziak, duintasun horrekin… Nola da posible halako egoeran bizi den neska bat Liman egotea unibertsitatean eta aurrera egiten eta abar? Demaseko meritua da.
Lima aipatuta, zer egin zenuten bertan?
CIPCA-k Liman du egoitza nagusia eta bilera eduki genuen eurekin. Proiektuen garapena nola ikusi genuen, eurek zein behar ikusten zituzten… aipatu genituen hurrengo urteetara begira. Bestalde, hau ez zegoen planifikatuta, baina Limako bazter auzo batera joan ginen Jesuitek sustatutako ekimen bat ezagutzera, eurekin proiekturik garatu genezakeen ikustera.
Azken bisita Cuzcora egin zenuten. Nolakoa izan zen hango esperientzia?
Cuzcotik gora dauden komunitate batzuk ezagutzen ibili ginen. Fe y Alegriaren ikastetxe bat bisitatu genuen, Ausangate mendiaren oinean. “Errepidea amaitzen den tokian hasten da Fe y Alegria”, esan ziguten, ikusteko non kokatzen diren Fe y Alegriaren ikastetxeak, hau da, jende pobre bizi den tokietan. Han Ekolectura izeneko proiektua dute abian eta, horren bitartez, ketxua hizkuntza birbaloratzea nahi dute, besteak beste. Izan ere, ketxuek badute gutxiagotasun moduko konplexu bat. Eurekin enpatia apur bat lortzeko aprobetxatu genuen, badakigulako zer den hori, gure hizkuntzarekin ere bizi izan dugulako antzeko gauzarik, eta zein garrantzitsua den norberarena baloratzea. Bestalde, norberaren sustraiak ezagutu eta baloratu gabe pertsona bat suntsituta geratzen da. Sustrai gabeko pertsona airean dago. Cuzcon oso lan polita egiten dute alde horretatik.