Lanbide Heziketako 3.000 ikasletik gora elkartu dira Ikasenpresa Azokan
Eibar Lanbide Heziketaren elkargune bihurtu da gaur goizean. Euskadiko 61 ikastetxetatik etorri diren 3.000 ikasletik gora bildu dira herrian, 622 proiektu aurkezteko (15 izan dira Debabarrenekoak). Tipologia ezberdinetako proposamenak ikusi ahal izan dira herrian zehar jarri dituzten lau karpetan, Lanbide Heziketaren aniztasunaren erakusle.
Zer da Ikasenpresa?
Hezkuntza Sailak bultzatutako programa bat da Ikasenpresa, Lanbide Heziketaren barruan kultura ekintzailea sustatzen duena, erronketan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza-eredu baten txertatua. Ekimen honen bidez, ikasleek ideia ekintzaileak sortu eta kudeatzen dituzte ingurune praktiko eta errealista batean; hainbat gaitasun lantzen dituzte, hala nola talde-lana, berrikuntza, erantzukizuna eta komunikazioa, eta beren espezialitate teknikotik, balioa emanez, erantzuna ematen diete egungo behar sozial, teknologiko eta produktiboei.
Eibarko azoka formakuntza-prozesuaren azken etapa da. Simulazioa bada ere, erakusten diren produktuak eta zerbitzuak benetakoak dira eta sektore profesional jakin batzuei lotuta daude, parte hartzen duten ikastetxeetako irakasleen laguntzari esker.


















