JUANMA CANO: “Antzerkiak, probatuz gero, engantxatu egiten du”
-Joan den urtean Coliseoan aurkeztu zenuten Republicados eta orain San Andres elizako klaustroan. Toki berezia.
Teatro Interiorren denbora gutxi daramat eta iaz aritu nintzen lehenengo aldiz klaustroan. Toki berezia da eta publikoari ere aukera berriak eskaintzen dizkio. Leku atsegina da eta gau ona egiten badu, zoragarri.
-Nolako harrera izan zuen Republicadosek joan den urteko emanaldian?
Jendeak oso ondo hartu zuen. Teatro Interiorrekin egin nuen lehen gauza izan zen eta nire kideek esan didatenez zerbait berezia izan zen, ordura arte poesia errezitaldiak egitera ohituta baitzeuden. Republicados Eibarko Udalaren enkargu bat izan zen II. Errepulikaren urteurrena zela-eta. 27.ko belaunaldiaren gaineko poesia errezitaldia egitea zen lehen asmoa, baina Eduardo Falcesi otu zitzaion antzezlanean 27.ko belaunaldiko kide bi heriotzondotik irrati emanaldi batera etorri zitezkeela elkarrizketatuak izateko, olerkiekin txandakatuz. Orduan, Teatro Interiorrekoen laguna nintzenez, ea irrati esatariaren papera egingo nukeen galdetu zidaten. Onartu egin nuen. Olerki emanaldi batetik, denetarik (umorea, akzioa…) duen antzerkira pasa zen proiektua. Bestetik, Teatro Interiorrek kalustroan egiten duen emanaldien 10. urteurrena ospatzen da aurten, beraz, zerbait berezia egin nahi genuen, eta jende asko Republicados ikusi barik geratu zenez, errepikatzea erabaki genuen.
-Nolako aho zaporea geratu zitzaizun zure lehen emanaldian?
Demasa izan zen, oso ondo pasatu nuen. Irrati esatariarena egin nuen obran eta horrek segurtasuna eman zidan. Nire ingurunean negoen eta paperak aurrean nituen. Gainera, nire kideak zoragarriak dira. Horrelako zerbait egiteko gogoa nuela ikusi nuen eta probatuz gero, engantxatu egiten zaitu. Hura debuta izan zen eta aurten Balada de perdedores antzezlana egin dugu. Azken hau askoz ere serioagoa da eta urduritasun gehiagorekin bizi izan dut.
-Zer moduz Balada de perdedores antzezlanarekin?
Lan handia izan da. Bonbardaketaren 75. urteurrenarengandik Udalaren aldetik jasotako enkargua izan zen eta oso pozik gaude emaitzarekin. Emanaldi gehiago egiteko gogoarekin gaude. Antzezlan bat prestatzen duzunean ez dakizu gero zer gertatuko den, agian behin bakarrik aurkeztuko duzu, eta hainbeste lan egin ostean, eszenatokian dena azkar pasatzen da.
-Republicados aurretik, izan zenuen antzerkia egiteko gogorik?
Ez, pentsatu ere ez nuen egiten. Nik pentsatzen nuen, “testu guztia ikastea…”, eta gero konturatzen zara gutxienekoa hori dela. Pertsonaiaren keinuak, berak sentitu beharko lukeena sentitzea… da zailena, horrela irtetzen direlako gauzak ondo. Antzerkian aritzeak inflexio puntu bat zehaztu du nigan.
-Antzerkiak zure lanean eragin du?
Ez dut uste. Baina nire bizitzan bai, lanetik kanpo deskonektatzeko beste zerbait izatea ondo dagoelako. Sortzailea izateko ere ondo dago. Antzerkia egiteko aukera sortu zitzaidan momentuan zerbait behar nuela sentitzen nuen. Orduan, hau irten zitzaidan eta hau zen behar nuena.
-Irratian entzule askori zuzentzen zara eta antzerkian publikoaren aurrean antzezten duzu. Alde handia dago?
Oso ezberdina da. Askotan esan dut, ez dela berdina irrati saio bat estudioan edo jende aurrean egitea, azken hau askoz gogorragoa da. Hogeitaka urte daramatzat irratian eta ohituta nago horretan aritzera, baina eszenatoki gainean aritzea gogorra da. Hala ere, eszenatoki gainean egoteko momentuaren heltzeko zain nago, momentuaz gozatzeko.
-Esan duzu hogeitaka urte daramatzazula irratian lanean. Aldaketa handia egon da profesioan hasi zinenetik hona?
Bai, zentzu guztietan. Orduan orokorrean egiten zen irratia ezberdina zen, Eibarren egiten zena ere, bitartekoak ezberdinak ziren eta orain, krisiaren kontuarekin, gauzak oso ezberdinak dira. Ikasten joan gara. Lehengo grabazioak entzuten baditugu, zenbateko aldea dagoen ikusten dugu. Orain askoz hobeto egiten dugu.
-Teknologia berrien agerpena egon da, internet, denbora aurrera joan da, baina irratiak hor jarraitzen du eta jendeak irratia entzuten du. Zergatik uste duzu gertatzen dela hori?
Telebista agertu zenean irratia hilda zegoela esan zen eta ez zen horrela izan. Irratia erreferente informatiboa izan da, telebista baino lehenago, duen berehalakotasunarengatik. Internetekin gauza bestelakoa da, baina irratia egokitzen dihardu. Eusko Jaurlaritzaren ikerketa batek dio Euskadiko irrati entzuleen adinaren batazbestekoa nahiko altua dela. Gazteek ez dute irratia erabiltzen informatzeko, baizik internet, eta irratian musika eta horrelakoak entzuten dituzte. Orduan, irratia erronka bat du aurretik, bizirauteko eta txikitatik beste errealitate bat bizi izan duten belaunaldi horiek erakartzeko erronka.
-SER irrati kateak 200 langile kaleratzeko EREa aurkeztu du. Honek eragina izan dezake Radio Eibarren?
Gu ez gaude SER irrati katearen egituraren barruan, baizik eta SERekin lotura duen kontsezioa duen enpresa baten barruan. Ikusiko dugu ea eragina duen SERen neurriak edo ez. Duela egun batzuk Jorge Hernandez kirol arloan aritzen zen kazetariak Radio Eibar utzi zuen, kontratua amaitzen zitzaiolako, eta hemendik aurrera ikusiko dugu zer gertatzen den. Komunikabideen kontua ez dago errealitatetik at eta, sektore guztietan bezala, irratian lan egiten dugunak kezkatuta gaude. Hala ere, krisiak komunikabideetan eragina izateak arriskua dauka, izan ere, kazetaritzak gizartean paper bat dauka, eta lan ezengonkortasuna kazetarien independentziaren eta hauek lana egoera onean egitearen kontra doa. Gai arriskutsua da. Gauza ez da bakarrik kazetariak langabezian geratzea (eraikuntzaren ondoren langabezia gehien duen sektorea dena), baizik eta norbanakoak informatzeko, informatua izateko eta ezagutzeko dituen eskubidea izatea.