Judash, iruzurrik gabeko metala
Judas Argarate izateari utzi eta Judash izen berriarekin diskoa kaleratu dute Markel Iraolak, Joseba Goñik, Hodei Otegik eta Ekaitz Vegasek. Hainbat urtetan zehar beste musika taldeen bertsioak egin ondoren, euren konposaketekin osatu dute taldearen izen bera daraman diskoa, taldearen esentzia hutsa daraman lan borobila. Rock metal musika barrenetik ateratzen zaio laukoteari. Beraz, iruzurrik ez metalgintzan diharduten lagunek sortutako taldea izanik.
Hainbat urtez oholtza gainean Judas Argarate moduan ezagutu ondoren, taldea osatzen duen laukoteak beste pauso bat eman nahi izan dio taldearen norabideari. “Iker Amutxastegi lankideari omenaldia egiteko sortu genuen taldea eta izena broma bezala jarri genuen. Izen horri eutsi diogu orain arte, baina diskoa egiteko izena aldatu behar genuela erabaki genuen”, azaldu digu Hodei Otegik. “Seriotasun puntu bat eman nahi genion”, zehaztu du Markel Iraolak. “Izan ere, berez, izena Judas Argarate and The Txoripans zen eta lotsa eta guzti ematen zigun”, diosku barrez.
Judash izen “motzagoa eta zuzenagoa” dela azpimarratzen du Ekaitz Vegasek: “Errazago ikasten da”. Hori bai, ez galdetu hitz amaierako ‘h’ horregatik. “Horrela irten zitzaigun eta gustatzen zaigu”, dio laukoteak. Gainera, uste dute dendenak ere ez duela azalpenik behar. Seriotasuna eman nahi izan diote, taldeak ere bide serioa hartu duelako lehen diskoa grabatuz.
Musika egiten urteak daramatzan taldea da Judash, baina beste taldeen bertsioak ikusi dituzte batez ere eta abesti propioekin sortu dute diskoa. “Bertsioak jotzea oso dibertigarria da, baina momentu baten gorputzak zerbait berria egitea eskatzen dizu”, azaldu digu Ekaitzek. “Poliki-poliki ideiak ekartzen hasi ginen eta lokalean garatzen joan ginen. Forma polita hartzen hasi zirela ikusi genuen eta denon artean osatzen joan ginen”, gehitzen du.
Abesti bat sortu zuten, ondoren beste bat, eta gero eta gehiago motibatzen hasi ziren. Sorkuntza propioak zituzten, baina taldekide guztiek ez zuten argi diskoa grabatu behar zutenik. “Eztabaidatxoak izan genituen. Nik, adibidez, ez nuen potrorik”, diosku Markelek barrez. “Asko iruditzen zitzaidan estudioan sartzea eta, egia esan, zaplastekoa hartu genuen”, zehaztu du.
Walterrekin grabaketa
Walter Tuzzeo lagunarekin hasi ziren diskoa grabatzen eta bere belarri finak taldearen hainbat uste dantzan jarri zituen. “Abestiak grabatzeko prest genituela pentsatzen genuen eta, berak entzun ondoren, irailera bidaltzen zigun, errekuperatzera”, gogoratzen dute barrez. “Erronka izugarria izan zen guztiontzat eta Walterrek asko lagundu zigun, asko”, diosku Ekaitzek. “Ez zen akatsak azpimarratzen ibiltzen, baizik eta hobekuntzak bilatzen”.
Walterren esku sartzea ez zen arlo teknikora bakarrik mugatu, abesti batzuen konposaketak ere aldatu egin zituztelako bere gomendioz. “Oso ideia onak zituen”, goraipatzen dute. “Oso zorrotza zen”. Walterrekin igarotako orduetan asko ikasi zutela diote laurek, ez bakarrik diskoa grabatzeko orduan, baita zuzenekoetarako ere. Musikari hobeak egin ditu Walterrek eta, beste hainbat gauzengatik aparte, oso eskertuta daude berarekin topo egiteagatik.
Diskoaren grabaketa-prozesu betean harrapatu zien Walterren heriotzak eta gogor eragin zien. Maila pertsonalean zer esanik ez, baina euren proiektuari dagokionez ere zer egin pentsatu behar izan zuten. “Ez genekien nora jo”, diosku Josebak. “Nik dena amaitzen zela pentsatu nuen”, Hodeiren berbetan. Aste batzuetan diskoaren inguruan berba egin gabe egon ziren eta Markelek dio ez zela batere erosoa izan Walterren artxiboetan bila ibiltzea eta arakatzea. “Baina Bea (Walterren emazteak) demaseko txapelduna da eta berehala esan zigun diskoa atera behar genuela, eta eskerrak, bestela ez baikenuen aterako”, azaldu digu Markelek.
Lanaren zatirik handiena eginda zegoen, nahastea falta zen batez ere, eta horretaz arduratuko zen beste pertsona baten bila hasi ziren. “Ez da gauza makala, teknikari batzuk oso lanpetuta zeudelako eta beste batzuek ez zutelako beste batek hasi duen lana amaitu nahi. Azkenean, bakoitzak bere egiteko moduak ditu eta ulertzekoa da”, diosku laukoteak. Azkenean, Mutrikuko AME estudioko Axular Arizmendirekin amaitu zuten diskoa eta horrek diskoari beste plus bat eman diola uste dute. “Axular nahiko espezializatuta dago estilo horretako musikan lan egitera eta beste kutsu bat eman dio diskoari, potentzia gehiago”, euren iritziz.
Estilo ugariko diskoa
Taldekideen berbetan diskoa estilo ugarikoa da. “Baten batek definitu zuen punk-rock-metal nahasketa arraro bat bezala”, diosku Hodeik. “Diskoko abesti zaharrenek punk kutsu gehiago dute eta kanta berrienek ñabardura heavyagoak dituzte”, zehazten digu Ekaitzek, “eta balada bat ere badago!”.
Taldeak beti jo du mota ezberdinetako musika, baina Markelek dio Ekaitz taldean sartzeak aukera gehiago eskaini ziela gauza ezberdinak egin ahal izateko. “Lehen, bateria Carlos Balseirok jotzen zuen, baina bera berez ez da bateria-jolea. Ekaitzek demaseko ‘zapatila’ ematen dio bateriari”, gehitzen du.
Judasheko kideak “flipatzen” ari dira diskoak izan duen harrerarekin. “Ia kopia guztiak saldu ditugu”, dioskue. Plataforma digitaletan ere entzungai dago diskoa eta erreprodukzio dezente ari dira edukitzen. “Pozik gaude, diskoa kaleratzearekin zenbait zuzeneko eskaintzeko aukera sortu zaigulako”, esan digu Markelek.
Hemendik urte amaierara hiru kontzertu eskainiko dituzte: Gasteizeko Orbain kultur elkartean (azaroak 30), Soraluzeko Gaztetxean (abenduak 21) eta Eibarren.
Azken kontzertu horren data eta tokia ez digute zehaztu. “Eibarkoa sorpresa da oraindik”, amaitzen du barrez laukoteak.