Julen Bollain: “Gaur egun lanak ez du bizitza duina bermatzen, beste alternatiba batzuk bilatu behar ditugu”

Julen Bollain: “Gaur egun lanak ez du bizitza duina bermatzen, beste alternatiba batzuk bilatu behar ditugu”
2021/12/09 09:12
eta kitto!
Julen Bollain ekonomialari eibartarrak ‘Renta básica: una herramienta de futuro’ izenburua duen liburua aurkeztu zuen atzo Portalean (salgai dago liburu-dendetan). Liburuaren helburua gure eredu ekonomikoa eta soziala birpentsatzea eta modernizatzea da, eta bere iritziz oinarrizko errenta erreminta aproposa izan daiteke horretarako. Bollainek, gainera, doktore-tesia amaitu berri du, cum laude lortuz.

 

Doktorego-tesia aurkeztu berri duzu. Nolako lana izan da zuretzat?

Prozesu astuna eta luzea izan da. Karreran gauza batzuk ikasten dituzu, masterrean gai batetan espezializatzen zara, baina doktorego-tesia askoz ere espezializatuagoa da. Argi neukan zer nahi nuen aztertu: oinarrizko errentaren bideragarritasun ekonomikoa EAEn.

 

Eta bideragarria da?

Bai, EAEn bideragarria da oinarrizko errenta finantzatzea.

 

Nola?

Errenta eta aberastasunaren birbanaketa egon beharko litzateke. Aberatsena den %20ak zerga gehiago ordaindu beharko lituzke eta, horrela, beste %80aren egoera hobetuko litzateke. Pobrezia desagertuko litzatekeela esatea nahiko esanguratsua da. Gainera, proposamen hau martxan jarriz gero, aztertutakoaren arabera, EAE Europako herrialde berdinzaleena izango litzateke eta, logikoki, baita mundu mailakoa ere.

 

Proposamen hau errealitate izateko, nork bultzatu beharko luke aldaketa?

EAEn herri-ekimen legegile bat dago martxan, Eusko Legebiltzarrean oinarrizko errentaren inguruko eztabaida egon dadila bultatzeko. 8.000 sinadura lortu dituzte orain arte eta 10.000 behar dira. Lortuz gero, alderdi politikoek oinarrizko errentaren alde edo kontra dauden, etorkizunerako posible ikusten duten eta momentu honetan ez... eztabaidatu beharko dute. Azkenean, oinarrizko errenta ezartzeko borondate politikoa behar da. Alderdi politikoak boteretik gero eta urrunago egon, gero eta atxikimendu handiagoa dute oinarrizko errentarekiko, eta alderantziz. Paradoxikoa da, baina horrek esan nahi du jendea oinarrizko errentaren aldekoa dela ikusten dutela. Hori diote inkestek ere: gero eta jende gehiagok ezagutzen du oinarrizko errenta eta horren alde daude. Europarren %68k oinarrizko errentaren alde bozkatuko luke.

 

Ez da kopuru baxua.

Errealitatea aldatzen doa eta errealitatearen eraldaketara moldatzen ez diren herrialdeek arazoak izango dituzte. Hainbat erronka ditugu aurretik. Esaterako, lan merkatuaren eboluzioa. Etorkizunean enplegu suntsiketa ematen bada, egoerari erantzun batzuk eman beharko dizkiogu. Paradigma ezin da izan gaur egun dugun kontratu soziala, non enpleguak bermatzen dizun eskubide batzuk edukitzea edo ez.

 

Hortik abiatzen da zure liburua? Erronka berriei erantzun berriak emateko gogotik?

Tesiaren hasieran oinarrizko errenta eta errenta minimoa alderatzen ditut. Errenta minimoek oso emaitza kaskarrak erakutsi dituzte azken urteotan eta koronabirusarekin are gehiago. Oinarrizko errentak, ostera, errenta minimoak dituen arazoak ondo gainditzen ditu. Gainera, egin ditugun azterketen arabera, ekonomikoki bideragarria da. Kontua da oinarrizko errentari buruz berba egiterakoan beti aipatzen dela pobrezia, errenta minimoa zein txarra den, eta abar. Liburuarekin, defentsiban egon ordez, erasora jokatu nahi izan dut. Iruditzen zitzaidan oinarrizko errenta erreminta potentea izan daitekeela etorkizuneko erronkei erantzuna emateko.

 

Zeintzuk dira etorkizuneko erronka horiek?

Krisi ekologikoa, lan-merkatuaren krisia eta zaintzaren krisia. Oinarrizko errentak pertsonen existentzia materiala eta askatasun-kota batzuk bermatzen ditu oinarrian, baina erronka batzuekin topo egiten badu, erreminta potentea izan daiteke egoerari aurre egiteko.

 

Nola?

Adibidez, krisi ekologikoaren ondorioz, Afrikako toki batzuetan lurrak ez dira emankorrak izango eta, horregatik, ez dute jatekorik izango, ezta edatekorik ere, eta horrek migrazioa ekarriko du. Bestetik, itsasoaren maila metro bat igotzen bada, Bangladesheko %50 ur azpian geratuko da. 160 milioi biztanle dituen herrialdea izanik, zer egingo du jende horrek guztiak? Horrek errekurtso-lehia sortuko du mundu mailan (nork hartuko du lurra, materia, ura, elikagaiak…). Beraz, krisi ekologikoari buruz berba egiten dugunean, mundu mailako bakeari buruz gabiltza. Zer dago horren guztiaren atzean? Eskasia krisia. Planeta finitoa dugu eta nahi mugagabeak ditugu. Horri aurre egiteko, desazkundea da irtenbide bat, baina liburuan aipatzen dudan bezala, badaude beste teoria batzuk (Kate Raworthen ‘erroskila ekonomia’, adibidez). Desazkundea ezarriz gero, nola eusten diogu ordena sozialari? Izan ere, gaur egun dugun mentalitatearen aurka doa. Orduan, dugun aukera bakarra daukaguna birbanatzea izango litzateke, eta oinarrizko errenta gakoa izan daiteke hazkundearen eta krisi ekologikoaren dilemari irtenbidea emateko. Bestetik, oinarrizko errentak gaur egungo eredu kapitalistak duen ikuspuntu produktibistarekin apurtzen du. Oinarrizko errentarekin ez dugu enplegu baten beharrik izango gure biziraupena bermatzeko.

 

Zenbait tokitan ezarri dute oinarrizko errenta, proba pilotuak egin dira… Baina nahikoa da herrialde jakin batean ezartzea edo mundu mailan hedatu beharko litzateke?

Herrialde batean ezarrita ere, bertan funtziona dezake. ‘Sputnik une’ antzeko batean gaude, hau da, lasterketa espazialaren sasoian bezala. Oinarrizko errenta ezartzen duen herrialdeak abantailak izango ditu besteekiko. Europa mailan ezartzeak demaseko onurak izango lituzke. Hemendik kanpo, zenbait herrialdetan hasi dira oinarrizko errentari buruz berbetan, Mexikon adibidez. Han hezitzen eta sortzen den giza kapital asko AEBra joaten da. Era berean, azken urteotan EAEko jende asko joan da Europako beste herrialde batzuetara lan egitera, hemen ez zutelako aukera nahikorik euren bizitza-proiektua aurrera eramateko. Oinarrizko errentak kapital-ihesa ekidingo luke.

 

Zer gertatuko litzateke erronka berriei erantzun zaharrak ematen jarraitzen badugu?

70. eta 80. hamarkadetan enplegua bizitza duina bermatzeko erreminta egokia zen, baina gaur egun ez. Ikuspuntu horrekin jarraitzen badugu (ezkerreko alderdi eta sindikatu batzuek egiten duten bezala), errealitatetik kanpo egongo gara guztiz. Gaur egun lanak ez du bizitza duina bermatzen eta beste alternatiba batzuk bilatu behar ditugu.