Julen Teran Gipuzkoako Kros txapeldun eta Master taldea Gipuzkoako bigarren izan dira

Txindoki Krosean lehiatu da aurtengo Gipuzkoako Kros Txapelketa
Julen Teran Gipuzkoako Kros txapeldun eta Master taldea Gipuzkoako bigarren izan dira
2025/12/09 11:07
Ekhi Belar Errasti

Domeka goizean, abenduak 7, Txindoki Krosa lehiatu zen Oianguko zelaietan (Ordizia). Aurten, proba horretan lehiatu da Gipuzkoako Krosa Txapelketa eta CD Eibar taldeko Julen Tera izan da irabazlea.

Eguraldia lagun eta espero zena baino lokatz gutxiagorekin, atleta eibartarrak 19:57 behar izan zuen lasterketaren 6.350 metroak egiteko. Horrela, iaz Arraten irabazitako titulua berretsi du Teranek. Bigarren postuan AZK ETA AZP XEYE taldeko Bingen Aranbarri helmugaratu zen (20:12) eta Goierri Garaia taldeko Imanol Inza izan zen hirugarren (20:17). Gainera, CD Eibar taldeko Txomin Osorok 8. postuan amaitu zuen (21:23).

Master taldeak ere lan bikaina egin zuen, bigarren postua eskuratuz, Atletico San Sebastian taldearen atzetik eta Goierri garaiaren aurretik. Master taldea honako atletek osatu dute: Iñigo Trokaola, 3. postuan sailkatua, Roberto Gartzia, 7. postuan eta Marcos Untzetaberrenetxea, 13. postua helmugan, probarako prestatutako ibilbideak 2.750 metro zituelarik

Deporreko gazteenek ere emaitza onak lortu zituzten: Ugaitz Gartzia laugarrena sailkatu zen gizonezkoen Sub 20 kategorian, hirugarren sailkatua izan zen Super Amara BAT-eko Urko Ibarguen-en denbora berdinarekin (11:53); eta Nora Martinez laugarrena sailkatu zen Sub 18 kategorian emakumezkoetan, hirugarren izan zen Real Sociedad taldeko Anne Campanillas-etik oso gertu.