Julen Zabaleta, 2018ko Gure Balioak saria: “Marrazten jaio nintzen”

Julen Zabaleta, 2018ko Gure Balioak saria: “Marrazten jaio nintzen”
2018/10/19 12:24
eta kitto!
6.000 lamina baino gehiago marraztu ditu Julen Zabaletak 90 urtetan zehar, eta horietako asko oparitu egin baditu ere, gehienak ondo ordenatuta ditu etxeko gela batean. Hori gutxi balitz, memoria fina dauka eta zehatz mehatz gogoratzen ditu egindako marrazkiak. Eibarko, Euskal Herriko eta beste hainbat tokitako kale, eraikin eta paisaiak marraztu eta gero, Debegesak 2018ko Gure Balioak saria eman dio, “bere legatu garrantzitsuarengatik”. Apaltasunez jaso du saria Zabaletak, bere afizioaz eta pasioaz berba egiten duen moduan. Marrazkigintzarekiko maitasunak ez du etenik eta 97 urterekin egunero marrazten jarraitzen du.

 

- Pozik Gure Balioak saria jasotzeagatik?

Ondo eta gustora jasotzen da horrelako sari bat. Beti gustatu izan zait marraztea eta beti maite izan duzun horregatik saria ematen badizute, sentsazioa oso polita da. Haserreak jasotzea baino hobea bai behintzat (barreak).

- Urte askotan zehar egindako lan onaren seinale da?

Niretzat polita da ikustea nitaz akordatu direla. Horrelako esker ona jasotzea, Debabarreneko biztanleek proposatuta, polita da.

- Horrelako sariren bat jasotzea espero zenuen?

Ez, ezta gutxiago ere.

- Nola jakin zenuen?

Nire seme Juleni esan zioten lehenik eta berak eman zidan abisua. Niretzat berri bat zuela esan zidanean beste gauza bati buruz izango zela pentsatzen nuen. Gero, Debegesakoekin berba egin nuen, bozketaren berri eman zidaten eta lortutakoaz jabetu nintzen. Elgoibarren jaiotakoa naiz eta Gure Balioak saria jaso dugun bederatzi irabazletatik bost elgoibartarrak gara. Elgoibarko Udalak pisu handia duela dio nire semeak (barreak).

- Beno, kasu honetan Elgoibar eta Eibar artean erdibana banatuko dugu saria, ez? Urte asko daramatzazulako Eibarren bizi izaten.

Eibartar batek bakarrik lortu du saria orain arte. Lehenengo edizioan izan zen, 2010ean, Tere Gantxegik irabazi zuenean.

- Zer dauka Elgoibarrek horrenbeste jenio edo pertsonaia nabari edukitzeko?

Ez dakit, zerbait edukiko du. Gauzak ondo egiten jakitea izango da kontua. Horrelako gauzetan nahiko argiak gara elgoibartarrak.

- Mallabiko frontoian emango dizute saria. Saria jasotzean zer esango duzun pentsatu duzu?

Zer esango dut ba nik? Semeak esaten dit ez dudala ezer esan behar, eskerrak eman eta kitto. Nire bizimodua nola eraman dudan kontatuko dut, egindako gauzen berri eman eta, batez ere, eskerrak emango dizkiet urte hauetan nire alboan egon direnei. Marrazten zelan hasi nintzen, gero Gerra Zibila tokatu zitzaida eta zelan pasatu nuen, gerraostean egoera zelan zuzendu zen, ondoren afizioa eta ofizioa batu eta tailerrean lanean zelan hasi nintzen... Ofizioa eta afizioa batera erabili ditut eta oraindik jarraitu egiten dut. Egunero zerbait egin behar izaten dut. Beti edukitzen dut erronkaren bat eta horrek bizitza ematen dit.

- Zergatik uste duzu eman dizutela sari hau?

Ez da bakarrik 6.000 lamina baino gehiago marraztu ditudalako, marrazki hauekin gauza askotan lagundu dudalako baizik. Adibidez, elkarte filateliko askorekin elkarlanean ibili naiz, baita elkarte gastronomikoekin ere, Elgoibarko jaiotzarekin... liburuak, aldizkarietarako kolaborazioak, kartelak, marrazkiak, diplomak, txirrindularitza lasterketen ibilbideak eta beste mila gauza egin ditut eta laguntza eskatu didaten askok, eskerrak emateko, sariak eman dizkidate urte hauetan zehar.

- Enkargu bitartez egindako lanak izan dira?

Bai. Zerbait egiteko eskatzen zidaten eta nik egin, beste barik. Denetarik egin dut.

- Arkatza hartu zenuen lehen aldia gogoratzen duzu?

Marrazten jaio nintzen (barreak). Sei urterekin San Lorentzoko eskolara joaten nintzen Elgoibarren. Gure ama baserrikoa zen eta nahiz eta gu kalean bizi ginen, amama gaixotzean baserrira joan ginen urte bitan edo, amama hil arte. Aitak lapitza erosi zigun anai gazteari eta bioi, bastoi itxurakoa. Anaiak handik gutxira galdu zuen lapitza, baina nik berehala hasi nintzen marrazten. Atxurra marraztu nahi izan nuen lehenik eta auto bat irten zitzaidan (barreak). Ordu hartan lehengusuen etxera asko joaten ginen eta eurak jolasean zebiltzan egun bat dut gogoan. Bederatzi urte inguru nituen. Liburu bat ikusi nuen, entziklopedia bat, eta irudi batean Don Juan Prim zaldi gainean agertzen zen eta gustatu egin zitzaidan. Irudi hori marrazten saiatu nintzen eta irten egin zitzaidan. Aitak marrazkia hartu eta denei erakusten zien. “Begira nolako gauzak egiten dituen nire semeak”.

- Berezko talentua zeneukan?

Demaseko afizioa neukan eta marrazteko konstantzia asko. Hobetzen saiatu naiz beti eta marrazkiak nahi nituen bezala gelditu arte ez naiz gelditu.

- Nola egiten zenuen teknika hobetzeko?

Dibujo eskolara joan nintzen, baina den-dena neure kabuz ikasi nuen, marrazkiak behin eta berriz egitearen poderioz.

- Zure marrazkiak oso errealistak dira. Beti izan da horrela?

Idazten eta berbetan abstraktua naiz, baina marrazten ez, marrazten zehatza naiz.

- Nolakoak izan ziren zure lehenengo marrazkiak?

Adibidez, koadrilan geunden eta foballeko taldeak marraztu eta “hau hi haiz” esaten nion lagunen bati. Karikaturak egiten nituen. Gauzak asko aldatu dira ordutik. Lehen gazteak pilotan, foballean edo jolasean ibiltzen ginen, eta gaur egun Elgoibarko gazte askok euren jatorria eta gauzen zergatia zein den jakin nahi dute. Hemen ez dut gauza bera ikusten.

- Zenbat denbora behar izaten duzu marrazki bat egiteko?

Ez dut denbora kalkulatzen, baina ez dut asko tardatzen. Marrazki batzuk egiteko egun bat irauten dut, baina beste batzuk goiz batean marrazten ditut.

- Zure marrazkiak Eibarko historiaren lekuko izan dira. Zer irudikatu duzu zure marrazkietan?

Eibarri buruzko nire marrazkien %90tik gora Gerra Zibilaren aurrekoak dira. ‘Eibar, tintaz eta lumaz’ liburuan daude jasota Eibarri buruz egindako marrazkiak. Eraikinak, kaleak, pertsonaia ezagunak... ehun bat marrazki daude.

- Nola pasatu zenuen Gerra Zibila?

Elgoibarren egon nintzen gerrak iraun zuen denboran eta orduan hasi nintzen lanean. Ez genuen kobratzen, dirurik ez zegoelako. Elgoibarren Gerra Zibila ez zen Eibarren bezain beste sentitu. Elgoibar Francoren tropen mende zegoen, Karakaten zituzten kainoiekin Kalamuan zegoen frentea bonbardatzeko. Gero, frankistak Eibarren sartu zirenean, Eibarrera etorri nintzen eta herria sutan ikusi nuen.

- Zein prozedura jarraitzen zenuen marrazkiak egiteko?

Argazkiak hartu eta marrazkietan irudikatzen nituen. Normalean Indalecio Ojanguren ‘Kajoitxo’-ren argazkiak erabiltzen nituen, lagun handia, baina baita Feliciano Castrillorenak ere, besteak beste.

- Antzinako Eibar marraztea gaur egungoa marraztea baino gehiago gustatzen zaizu?

Duda barik! Gaur egungo Eibar marrazteak ez du merezi.

- Marraztu nahi izan eta marraztu ezin izan duzun tokirik badago?

Ia horrelako zerbait gertatu zitzaidan, baina libratu nintzen. Deban bazegoen historia bitxia zuen etxe bat eta behin, arratsalde batean, hara joan nintzen argazkia ateratzera gero etxea marrazteko. Sasoiz joan nintzen, hurrengo astean etxea bota zutelako.

- Marrazteko orduan beti erabili izan duzu teknika bera?

Bai, beti. Lehenengo lapitza erabiltzen nuen eta gero rotringa (idazluma). Marrazki linealak egin ditut batez ere, baina baita puntuz-puntuko marrazkiak ere, marrazkiak horrela eskatzen bazuen. Auñamendirentzat egindako ‘Hombres ilustres’ bildumako marrazkiak, adibidez, puntuz-puntu egin nituen.

- Zure marrazkietan kolorea erabili izan duzu?

Ez, daltonikoa naiz, horregatik erabiltzen dut beltza bakarrik (barreak). Koloreak erabiltzen hasi nintzenean konturatu nintzen daltonikoa nintzela.

- Inoiz ez zara marrazteaz aspertu?

97 urte ditut eta atzo marrazten ibili nintzen. Orain zain daukat beste marrazki bat eta arratsaldean marraztuko dudala pentsatzen dut. Goizetan egunkaria lasai irakurri eta buelta bat ematea gustatzen zait, baina iluntzean pultsu eta bista hobea edukitzen dut eta orduan gustatzen zait marraztea. Gogoa edukitzea beharrezkoa da, ezin da gogoz kontra marraztu, ez zaizulako ezer irtengo. Berdin da bizitzako kontu guztietan.

- Gustokoa izan duzuna egin izan duzu?

Gustokoa baino zerbait gehiago izan da marrazkigintza niretzat, benetako pasioa.

 

 

 

 

Hilaren 25ean jasoko du saria Mallabian

Julen zabaletak hilaren 25an, eguena, jasoko du saria Mallabiko frontoian 19:00etan. Sari banaketa ekitaldia irekia izango da eta ekitaldiari hasiera emateko Jose Antonio Azpiazu historialari, antropologo eta idazle legazpiarrak hitzaldia eskainiko du ondarearen balioari buruz. Musikak ere bere tartea izango du ekitaldian, Mallabiko ‘Lagun Artean’ abesbatzaren eskutik.