June Aranburu, Eneko Mariño, Jone Fuente eta Unai Fernandez izan ziren garaile 15. Galdaramiño Igoeran

Emakumeen parte-hartzea nabarmen igo da aurten, batez ere distantzia motzeko ibilbidean
June Aranburu, Eneko Mariño, Jone Fuente eta Unai Fernandez izan ziren garaile 15. Galdaramiño Igoeran
2025/06/18 18:17
eta kitto!

Joan den domekan ospatu den Galdaramiño Igoerak antxintxika eta mendi zaletasuna uztartu zituen beste behin. 2025eko edizioan 145 parte-hartzaile izan ziren guztira, bi distantziatan banatuta: luzea (18 km) eta motza (10 km), azken honetan emakumeen parte-hartzea asko igo delarik, % 37,5 hain zuzen ere. 

Eguraldi freskoarekin, parte-hartzaileak Unbeko atletismoko pistatik abiatu ziren Galdaramiñoko (669 m) lehen aldapa tenteak igotzeko. Ondoren, Azurtzagainetik pasa ziren (654 m) eta Arraotzeko anoan distantzia luzearen eta motzaren bideak banatu ziren. Luzekoek Azkonabitza (726 m) tontorretik beherantz jo zuten eta Basetxea parean bi diztantziek berriz egin zuten bat, motzekoek Unbera jaitsiz eta luzekoek Topinburu (590 m) eta Ilordo (541 m) igaroz. 

Amaieran mendizale antxintxikari guztiak Unben elkartu ziren eta indarrak berreskuratzeko hamaiketako eder bat dastatzeko aukera izan zuten. Gainera, antolatzaileek boluntario taldea eta laguntzaile guztiak zoriondu nahi dituzte (Eibarko Udala, Klub Deportiboa eta Urkiko Jai Batzordea). “Horiez gain, spontsorren babesa lagungarria izan da 15 edizio bete dituen proba hau aurrera ateratzeko. Mila esker guztioi!”, diote antolakuntzatik.

 

XV. Galdaramiño Igoera

LASTERKETA MOTZA (10 km):

Neskak

  1. June Aranburu (Arrasate) 1:07:30
  2. Iraia Beristain (Ondarroa) 1:07:52
  3. Maialen Zubizarreta (Eibar) 1:10:12

Mutilak

  1. Eneko Mariño (Donostia) 0:50:44
  2. Martin Egizabal (Elgeta) 0:53:34
  3. Eñaut Lertxundi (Ondarroa) 0:54:08

 

LASTERKETA LUZEA (18 km):

Neskak

  1. Jone Fuente (Galdakao) 1:54:10
  2. Jone Albisua (Zarautz) 1:55:59
  3. Oihane Alonso (Galdakao) 1:59:30

Mutilak

  1. Unai Fernandez (Eibar) 1:31:16
  2. Jon Feijoo (Ondarroa) 1:35:26
  3. Gorka Arrizabalaga (Zaldibar) 1:36:11

 

SAILKAPEN GUZTIA