June Gomez: “Burua da konkistatzaile batek izan behar duen ezaugarririk garrantzitsuena”

Eibartar gazteak 'El Conquistador del Fin del Mundo' lehiaketan hartu du parte
2024/06/07 11:32
eta kitto!

Eibarko parte-hartzailea izan dugu ETB2 katean ematen duten ‘El Conquistador del Fin del Mundo’ telebista-saioaren 20. edizioan: June Gomez ‘Junego’. 20 urte ditu, lehen aldiz eman du izena lehiaketan parte hartzeko eta Patagonian abentura horretaz gozatzeko aukera izan du. Gozatu eta sufritu, muturreko egoerak ere bizi izan dituztelako. Orain, etxera bueltan, telebistaren beste aldetik gozatzen du abenturaz.

Ekainaren 24an amaituko da ‘El Conquistador del Fin del Mundo’ lehiaketaren 20. edizioa eta Junek ezin izan digu sekreturik aurreratu, baina han bizitakoaren berri eman digu. Bide luzea egin arren, ezin izan da finalera iritsi, baina zaleen parte-hartzaile faboritoaren saria jaso dezake saioaren app-aren bitartez egiten den bozketen bitartez.

 

Zer moduzko esperientzia bizi izan duzu ‘El Conquistador del Fin del Mundo’ lehiaketan?

Orain dela pare bat aste amaitu nuen ibilbidea Conquisen. Nahiko esperientzia gogorra izan da, baina polita era berean. Azkenean, itxita ez dagoen toki batean sartzen zaituzte, aire librean zaudelako, baina itxita zaude benetan, ezin zarelako bertatik mugitu eta momentu oro toki berean zaudelako. Horren ondorioz, buruari buelta asko ematen dizkiozu eta neure burua hobeto ezagutzeko balio izan dit. Gainera, bertan egiten dituzun lagunekin harreman estua sortzeko balio du.

Gainera, muturreko egoerak biziarazten dizuete.

Hori da! Janaririk gabe, haitz baten gainean zaku barruan lo egiten... Beno, hori taldeen arteko lehia galduz gero; irabazten baduzu, ‘kanpamendu aberatsean’ lo egiteko aukera duzu eta han askoz hobeto lo egiten duzu.

Hori kontuan hartuta, nola bizi izan duzu lehiaketa lagatzeko unea?

Azkenean, lehiaketa pertsona bakar batek irabaziko du. Nirekin zegoen jendea ni baino askoz ere potenteagoa zela ikusten nuen eta, orduan, esperientzia amaitzeak pena ematen badu ere (azken unera arte bizi nahi duzun esperientzia delako), agurra oso pozik hartu nuen. Beno, pozik ez dakit, baina ondo bai, asko gustatu zaidan esperientzia izan zelako. Azken duelua nahiko eskasa izan zen, baina tira.

Kondorren taldean egon zinen lehenik eta bateraketara iritsi zinen. Ibilbide luzea egitea espero zenuen?

Hasieran ez nuen espero, baina immunitatea niri ematen hasi zirenean urrun iritsi ahal nintzela ikusi nuen. Oso polita izan da, gauza ezberdinak bizitzeko aukera izan dudalako. Batetik, taldean, Kondorrekin; eta bestetik, arlo indibidualean, bateraketaren ondoren.

Aldaketa asko dago egoera bien artean?

Aurten uste dut ez dela hainbestekoa izan, bi taldetako jendea bakarrik iritsi delako bateraketara. Orduan, taldean zaudenean harreman estuak egiten dituzunez, bateraketara iristean harreman horiekin jarraitzen duzu eta ez duzu zure taldean egon den inor kaleratzeko izendatzen. Kondorrok amets bat genuen: finala taldekideen artean lehiatzea. Beraz, hori horrela izateko, besteak kaleratu behar genituen.

Harreman estuak egiten dira, baina lehiaketa da azken finean. Zer gailentzen da?

Lehia gailentzen da, zure lagunak zapaltzen ez dituzun bitartean. Bakoitzak bere esperientzia nahi duen moduan bizi dezake eta norberak irabazi dezakeela pentsa dezake. Lagunak zapaltzen ez badituzu eta lagunen nahiak errespetatuz gero, oreka egokia aurkitu daiteke.

Zer behar da konkistatzailea izateko?

Burua da konkistatzaile batek izan behar duen ezaugarririk garrantzitsuena. Buruak esaten badizu ez duela bertan egon nahi, fisikoki bikain egon arren, gorputzak ez du aurrera jarraituko. Eta kontrara, itxuraz fisiko potente bat izan ez arren, buruz ondo baldin bazaude, aurrera jarraituko duzu. Conquis-eko konkistatzaile batek burua oso argi izan behar du, eta bertan egon nahi duela eta sufritu egingo duela argi eduki behar du. Era berean, fisikoki prest egon behar da.

Zorte puntu bat ere eduki behar da?

Zortea edukitzea ere beharrezkoa da. Adibidez, lehenengo saioetan zure gaitasun guztiak agerian geratzen badira, taldekideek kanporatzeko izendatuko zaituzte eta, orduan, oso ona izan arren, egunero duelua lehiatzen baduzu, gorputzak igartzen du.

Esperientzia guztitik zein gauza izan da gogorrena?

Janariaren eta etxean ditugun gauzen falta. Azkenean, gure egunerokoan ohikoak diren gauzak: ohea, adibidez.

Momentu txarretan nola egin duzu aurrera?

Hango kideen laguntzarekin. Momentu txarretan eurekin egin dut berba eta animoak eman dizkidate. Horrela, gutako edonork momentu txar bat edukitzen zuenean, elkarri animoak ematen genizkion.

Esperientzia horretatik zer ekarri duzu etxera?

Sufrimendua eta gauzak perspektibarekin ikustea. Batzuetan, zerbait gertatzen zaizunean, momentuan demaseko garrantzia ematen diozu, baina perspektibarekin ikusiz gero, konturatzen zara garrantzitsua dela, baina momentu zehatz horretan bakarrik. Arazoa pasa eta egun berria hasiko dela konturatzen zara.

Telebistaren bitartez hango momentu puntual batzuk bakarrik ikusi ditzakegu. Nolakoa zen egunerokoa?

Nahiko aspergarria. Kameralariak ez zeuden gurekin 24 orduetan eta denbora asko izan dugu libre. Hori bai, ez genuen ezer eskura. Lagunekin berba egin, eta kitto, besterik ez. Gainera, lehiaketan zehar asko jaten ez genuenez, ez genuen energia askorik. Beraz, lo egiten genuen ahal zen bakoitzean, atseden hartzeko. Ez duzu sentitzen hain nekatuta zaudenik, baina etzan eta lo gelditzen zara. Agian hiru orduz egiten duzu lo eta ez zara konturatu ere egiten.

Eibarrera itzuli zarenean indar falta hori igarri duzu?

Hemen betiko moduan sentitu naiz energia eta logure aldetik, baina han bai, igartzen zen indar falta hori. Adibidez, lehen egunean bost minututan eta nekatu barik egiten genuen ibilbide bat, baina 15. egunean bi minutu gehiago behar genituen bide bera egiteko eta nekatuta amaitzen genuen.

Janari faltari, gainera, lehiak gehitu behar zaizkie, askotan nahiko fisikoak izaten direnak.

Bai, hori da, baina Lur Errekondo eta Patxi Alonso aurkezleek “3, 2, 1... hasi” esaten zutenean, adrenalinari esker dena ahaztu eta proba topera egiten duzu. Hori bai, proba amaitzerakoan, lurrean etzan eta ezin zara mugitu ere egin.

Orain, saioa nola ikusten duzu etxetik?

Programa ikusten ondo pasatu dut. Noski, bertan parte hartu dudanez, emozio berezi batekin ikusi dut. Era berean, urduri ere egon naiz. Izan ere, nik modu batean bizi izan dut, baina ez nekien telebistan nola ikusiko zen eta jendeak zer esango zuen.

Eta, zentzu horretan, pozik zaude?

Bai! Sare sozialetan jendeak kritikak egiten ditu, baina ezin zara guztien gustukoa izan. Hori horrela izanda, berba onak jasotzerakoan babesa sentitzen da.

Zer moduz sentitzen zara telebista munduan?

Gustatzen zait, baina momentu baterako. Hortik kanpo bizitza dut eta gauza biak banatzen jakin behar da. Eguaztenetan ETB 2-n egiten den eztabaidara joaten naiz eta nire papera egiten dut, baina gero hankak lurrean ditut eta nire bizitzarekin jarraitzen dut.