Jürgen Wolff (Tandem Fundazioa): “Lotsak hitz jarioa moteldu edo moztu egin dezake”
- Ze eratako hitzaldia eskainiko duzu Eibarren?
Hitzaldia baino gehiago tailerra izango da, oso aktiboa (jendea arbelara irten gabe, noski, ez gaude ikastolan ...). Ahoskera, ulermena eta mintzamen librea landuko ditugu. Bukaeran trikimailuak emango ditut bakoitzak bere 'euskara mundua' hobetu dezan.
- Zergatik dira gurasoak klabe euskeraren erabileran, transmisioan?
Gurasoak (edo bere papera betetzen duten pertsonak) klabe dira edozein hizkuntzaren transmisioan. Lehen hizkuntza ikasi gabe 'edoskitzen' da, eta hor dago guraso euskaldunen papera. Hala ere, guraso erdaldunek ere badute zereginik euskarari laguntzeko, gazteleraren transmisioa kaltetu gabe. Hau beste tailerra izango litzateke, familia bakoitzean aztertu behar delako nolakoak diren hizkuntzen konstelazioak eta estrategia egokiak. Esate baterako bikotea mistoa balitz, bakoitzak bere hizkuntza eskaini behar du, eta elkarrekin umeentzako jardueretan bi hizkuntzetan parte hartu.
- Lotsak eta konplexuek zer nolako eragina dute hizkuntza bat erabiltzerakoan? Horiek nola gainditu daitezke?
Urduritasuna dela-eta, askotan zer esan jakin gabe geratzen gara; ulermena ere gutxitu daiteke, eta lotsak hitz jarioa moteldu edo moztu dezake. Hitzaldi-tailer honetan hau gainditzeko bide asko ezagutuko ditugu. Adibidez, mugimenduak lotsa gutxitzen du, argi ahulak eta musika xuabeak ere bai (mintzalaguneentzako leku aproposena 'piano-bar' bat dirudi)...
- Holako hitzaldiak bizipen pertsonaletatik etorri zaizkizu?
Bizipen ezkorretatik zein baikorretatik. Aleman irakasle izanik, baneuzkan ikasle batzuk maila altua iritsi arte ahoa ireki ez zutenak, bikaintasuna lortzeko nahian. Beste aldean, lehen klase egunetatik aurrera ikasitako hitzak kalean erabili zituen mutila ezagutu nuen. Nahiz eta lehen urtean ume txikia bezala hitz egin, estimulo asko zituen eta, ondorioz, gaur egun segurtasun handiz eta hiztegi aberatsarekin mintzatzen da.