Euskal Herriko Torturatuen Sarea: "Aitortzaren garaia da, eta Euskal Herri mailako prozesu ofizial eta integrala behar dugu"

Euskal Herrikoko Torturatuen Sareak (EHTS) II. Nazio Batzarra egingo du otsailaren 14an Eibarren. Ingeniaritza Eskolan elkartuko dira, sarea sendotu, aitortza-prozesuan eragin eta etorkizuneko ildo estrategikoak zehazteko.
Euskal Herriko Torturatuen Sarea: "Aitortzaren garaia da, eta Euskal Herri mailako prozesu ofizial eta integrala behar dugu"
2026/02/04 14:00
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Euskal Herriko Torturatuen Sareak (EHTS) II. Nazio Batzarra egingo du otsailaren 14an Eibarren, Ingeniaritza Eskolan. Bi urteko saretze-lanaren ondoren, topaketa honek mugarri izan nahi du tortura jasan duten pertsonen arteko antolaketa sendotzeko, aitortza ofizialaren bidean urratsak emateko eta etorkizuneko lan-ildoak zehazteko. Goizean barne-bilkura egingo dute, eta ondoren prentsaurrekoa eskainiko dute. Sareko kideekin hitz egin dugu hitzorduaren garrantziaz, helburuez eta torturaren biktimen aitortzaren egungo egoeraz.

Otsailaren 14an Eibarren egingo duzue Nazio Batzarra. Zergatik da hitzordu garrantzitsua sarearentzat?

Duela bi urte hasi ginen torturatu talde bat elkartzen eta torturaren gaia mahai gainean jartzen. Nafarroako esperientzia oinarri hartuta, Euskal Herri mailako sare bat sortzea izan da gure helburua. Horretarako, talde sustatzaile bat osatu genuen, eta udazken hartan eskualdez eskualde torturatu ezberdinekin biltzen hasi ginen Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herrian.

20 batzar baino gehiago egin genituen, eta 700 torturatukin biltzea lortu genuen. Horiek izan ziren Euskal Herriko Torturatuen Sarearen hastapenak. 2025eko otsailaren 14an izann zuen EHTSk bere sorrera ofiziala.

Urte honetan guztian sarea egonkortu eta indartu egin dugu, eta garrantzitsua iruditzen zaigu II. Nazio Batzar hau egitea, I. Nazio Batzarrean finkatutako helburuetan berresteko eta etorkizuneko lan-ildoak definitzeko. Aldi berean, zaintzaren ikuspegitik oso garrantzitsua da gure arteko gune seguruak eraikitzea, eta hau horietako bat izango da.

Zer helbururekin bilduko zarete?

Gure ustez, gaur egun torturaren gaia lantzeko aukera berriak daude Euskal Herrian, eta gure helburuak lau ardatz nagusitan zehaztu ditugu.

Lehenik eta behin, saretzea. Gure anbizioa da saretze-prozesu honetan Euskal Herri mailako auzolan erraldoi bat egitea, ahalik eta torturatu gehienen artean. Modu zabalenean egitea nahi dugu, Euskal Herrian torturatua izan den inor prozesu honetatik kanpo gera ez dadin.

Bigarrenik, errelatoan eragitea, gure kontakizuna eta egia argitara ateratzea. Milaka gara Euskal Herrian tortura sufritu dugun lagunak, hamarkada luzez isilaraziak.

Hirugarrenik, aitortzaren bidea urratzea eta ateak irekitzen joatea. Gure ustez, hemen gertatu den guztia argitara ateratzea eta modu ofizialean aitortzea ezinbestekoa da. Aitortzaren garaia dela diogu guk, erreparaziorako bideak irekitzeko eta berriro ez errepikatzeko bermerik eraginkorrena baita.

Laugarrenik, zaintzaren elementua erdigunean jartzea. Lagun torturatuok sufrimendu handia dugu oraindik barruan, eta elkarzaintzaren bidez sufrimendu hori aitortzaren bidean erregai bihurtu nahi dugu.

EHTS-ko kideak Eibarko Ingeniaritza Eskolan.
Zer esan nahi du zuen kasuan sarea nazio mailan egituratzeak?

Nafarroako Torturatuen Sareak bide bat erakutsi digu: torturatuak ahalduntzea eta aktibo bihurtzea, eta aldi berean torturaren errealitatea azaleratu eta kaleratu beharra zegoela. Esperientzia hori abiapuntutzat hartuta, dinamika Euskal Herri osora zabaltzea izan da hurrengo urratsa.

Tortura sei hamarkadatan zehar Euskal Herri osoko herritarrek pairatu izan baitute modu sistematikoan. Lurralde bakoitzean dimentsioak ezberdinak izan arren, torturak dimentsio nazionala izan du, eta horregatik iruditu zitzaigun sareak ere dimentsio nazionala izan behar zuela.

Herrialdez herrialde egindako aurkezpenek zer ekarpen egin diote sareari?

Saretze-prozesuan, gure artean elkar ezagutzea, esperientziak partekatzea eta elkar zaintzea oso garrantzitsua da. Auzolan erraldoi bat eskatzen du horrek, ahalik eta modu zabalenean eta inor kanpoan utzi gabe. Aldi berean, torturak Euskal Herrian izan duen dimentsioa marrazteko eta kaleratzeko balio izan digu.

Hori guztia lortzeko, aurkezpenak tresna askoren artean beste bat besterik ez dira izan. Badira, ordea, beste hainbat tresna ere, kolektiboak zein bakarkakoak, saretze-prozesu horretan baliagarriak izan daitezkeenak: bakarkako elkarrizketak, infoguneak…

Zein da gaur egun torturaren biktimen aitortzaren egoera Euskal Herrian?

Agertoki berri bat ireki da Euskal Herrian, estatuaren indarkeria pairatu dugun pertsonen aitortza ofizialerako. Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroa Garaian —egoera ezberdinak izan arren— legeak sortu dira horretarako, eta guk tresna horiek ahalik eta gehien baliatu nahi ditugu.

Nafarroan legea martxan dago, eta ahalik eta torturatu gehienei aitortza ofiziala ematea bilatzen da. Une honetan, 71 torturatuk jaso dute aitortza ofiziala.

Euskal Autonomia Erkidegoan, legearen babespean 260 torturatu inguru aitortu ziren ofizialki, baina gaur egun eskaerak egiteko epea itxita dago. Ezinbestekoa da epe berri bat irekitzea, mugarik gabea, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan izandako tortura kasu guztiak aurkezteko aukera izan dadin —erroldaturik dugun azken kasua 2014koa da—. Gainera, aitortza eta erreparaziorako mekanismo integral bat izateko beharrezkoak diren hobekuntzak edo aldaketak jaso beharko lituzke.

IVAC-KREIk egindako ikerketen arabera, 5.394 tortura kasu daude dokumentatuta. Orain arte, legeen bidez aitortutako kasuak ez dira %10era iristen. Horrek agerian uzten du torturatuen aitortza-prozesu ofiziala oso-osorik gauzatzeko konpromiso politiko handiagoa behar dela.

Hain kopuru txikia izatea baliabide eta mekanismo faltaren ondorio da, Juana Balmasedak eta Jon Mirena Landak 2024ko urriaren amaieran Eusko Legebiltzarrean azaldu zuten bezala. Guk argi diogu: aitortzaren garaia da, eta Euskal Herri mailako prozesu ofizial eta integrala behar dugu.

Zein neurri konkretu falta dira erreparazioari dagokionez?

Gure ustez, aitortza-prozesua bere osotasunean eman ez den bitartean, oso zaila da erreparazio-neurriez hitz egitea. Lehen neurri erreparatzailea aitortza bera dela uste dugu, eta hortik aurrera etorri behar dira torturatuentzako erreparazio integraleko neurriak: maila sozialean, osasun arloan, maila politiko-instituzionalean, zaintzan…

Aitortzarik gabe ez dago erreparaziorako biderik. Horregatik da hain garrantzitsua guretzat aitortza, bere osotasunean ematea eta, aldi berean, berriro ez errepikatzeko bermeak ezartzea. Horretarako, tortura ahalbidetu duten mekanismoak desagerrarazi behar dira.

Gure herrian tortura modu sistematikoan erabili da, eta egitura oso batek sostengatu du: indar polizialek ez ezik, inkomunikazioak berak, mediku forentseek, epaileek eta zenbait hedabidetako kazetariek ere. Tortura desagerrarazteko benetako borondatea badago, egitura horiek guztiak desegin behar dira, bereziki inkomunikazioa ahalbidetzen duen legea.

Gizarteak nahikoa ezagutzen du torturaren errealitatea?

Euskal Herrian ia denok izan dugu inguruan torturatua izan den norbait; beraz, oso hurbiletik bizitako errealitatea izan da. Gizarteak ezagutza hori handitzeko baliabide asko sortu ditu: filmak, dokumentalak, kantak, bertsoak, prentsako artikuluak, hitzaldiak… Orain, instituzioei dagokie zerbait egitea.

Legeak torturaren infernua ahalbidetzeko eta ezkutatzeko erabili dira; orain, lege horiek sortutako zauriak ixteko eta mamuak uxatzeko balio behar dute. Egia osoa azaleratzeko ordua iritsi da, eta egia horrek dakartzan ondorioei aurre egiteko eta erantzukizun publikoa hartzeko garaia da.

Zer garrantzi du torturatuak aurrez aurre zein Nazio Batzarrean biltzeak?

Aurrez aurre biltzea eta Nazio Batzarrean elkartzea funtsezkoa da saretze- eta zaintza-prozesuetan. Horregatik, egun honetan torturatu guztiei dei berezia egiten diegu, ahal duten heinean otsailaren 14an Eibarrera hurbil daitezen.

Aitortza-prozesuan aurrerapausoak eman nahi ditugu, eta bide horretan torturatuok subjektu aktibo izan nahi dugu. Bizirik gaude gertatu zaiguna kontatzeko, eta gure ondorengoek ere hemen gertatutakoa ezagutu behar dute. Gure esku dago hori transmititzea. Askotan esan dugun bezala: garrantzitsuena ez da egin ziguten hori, baizik eta egin zigutenarekin zer egiteko gai garen.

Eibarreko herritarrei zer esango zeniekete?

Ariketa erraldoi bat egiten ari gara Euskal Herri osoan, baina lanketa hau diskrezioz, errespetuz eta zainduz egitea oso garrantzitsua da guretzat. Jendearengandik hurbil egin nahi dugu lana, tokian toki eta eskualdez eskualde.

Euskal Herrian bezala, Eibarren ere torturaren errealitatea ezaguna da. Herrian eta eskualde osoan hainbat pertsonek tortura pairatu dute, eta haiekin egongo gara otsailaren 14an, eta baita data horretatik aurrera ere.