INGUMA datu-baseak Interneteko ARGIA saria jaso du
INGUMA, euskal komunitate zientifikoaren datu-baseak, Interneteko ARGIA saria irabazi du. Aitortza pasa den ostiralean banatu zuten Usurbilen egindako ekitaldian, non sei sari eman ziren guztira, horietako bat UEUren proiektuak eskuratuta. Udako Euskal Unibertsitateak Eibarren du egoitza nagusia.
INGUMAk 25 urte bete ditu unibertsitate mailako euskarazko ekoizpen zientifikoaren bilgune eta erakusleiho gisa. UEUk 2000. urtean sortu zuen datu-basea, azken sei hamarkadetan unibertsitate esparruan euskaraz ahoz zein idatziz sortutako jakintza eta ikerketari buruzko oinarrizko informazioa bildu eta herritarren eskura jartzeko helburuarekin.
Proiektuaren xede nagusia euskara batuaren sorreratik gaur arteko unibertsitate mailako produkzio zientifiko-intelektual osoa jasotzea da, komunitate zientifiko-intelektualari ikusgarritasuna emanez eta euskarazko ikerketa sustatzeko tresna erabilgarria eskainiz. Gaur egun, INGUMAn 14.342 egileren, 48.508 dokumenturen eta 220 erakunderen erreferentziak daude eskuragarri, klik bakarrean.
Sari banaketa ekitaldian izan ziren Ane Sarasua Aranberri UEUko idazkari nagusia, Oskia Agirre Orbegozoko UEUko Talde Eragileko kidea, Marije Bidaguren Ajuria-Auzokoa UEUko datu-baseen batzordeko kidea eta Goiaz Elgezabal Monasterio INGUMA datu-baseko teknikaria. UEUk eskerrak eman dizkio ARGIAri aitortzagatik, eta baita INGUMA posible egin duten eta egiten jarraitzen duten guztiei ere.