Kaldereroak Urkizutik Untzagara kalejiran igotzeko prest
Sasoi batean gurera Hungariatik etorritakoak gogoan, Eibarko Kaldereroak prest daude minutu batzuk barru Urkizutik irten eta Untzagaraino kalejiran joateko. Kezka dantza taldeak, …eta kitto! Euskara Elkarteak, Txolartek, Ustekabe fanfarreak, Lagun Taldeak, Untzagako nagusien abesbatzak, Kaleetan Kantuz abesbatzak eta Adolfo Jainagaren trikitilari eskolakoak, animatu diren beste eibartar guztiekin batera hartzen dute parte kalejiran. Bidean euren abesti eta dantzak eskaini ostean, Eibar Eskubaloi Taldeak Aratosteetako pregoia irakurriko du 21.00etan Untzagan, …eta kitto! eta Kezkaren ekimenez. Eta gauean burua eta gorputzeko gainontzeko atalak mugitzeko aukera egongo da Baron Rojo taldearen kontzertuan, Untzagako karpan 23.00etatik aurrera, baina aurretik indarrak hartu beharko dira 21.30etatik aurrera karpan bertan egingo den herri-afarian.