Kaldereroen kalejirak eta dantzek girotuko dute Barixaku Erregularra

Kaldereroen kalejirak eta dantzek girotuko dute Barixaku Erregularra
2015/02/13 00:00
eta kitto!

Aspaldiko partez, primerako eguraldiak lagundu zien atzo Eguen Zuria ospatzeko antolatutako kalejira eta bestelako jarduerei (ikus argazkiak hemen): eskoletako kalejirek eta umeek gure kaleak kolore biziz bete eta gero, gaurkoa (Barixaku Erregularra) nagusiek erreleboa hartzeko eguna izango da. Urtero lez, Hungariako kaldereroak ailegatuko zaizkigu. Iluntzeko 20.00etan Urkizun elkartu eta gero, Untzagaraino kalejiran igoko dira motxailien azalean sartu ohi diren taldeetako ordezkariak: Kezka Dantza Taldea, …eta kitto! Euskara Elkartea, Txolarte, Ustekabe fanfarrea, Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako trikitilariak, Lagun Taldea, Untzagako zaharren egoitzako abesbatza, Kaleetan Kantuz, Eibarko Kantuzaleak eta Adolfo Jainagaren trikitixa eskola. Behin Untzagara ailegatuta, 20.30ak aldera Kaldereroen kantu eta dantzekin gozatzeko aukera egongo da eta jarraian, 21.00etan, Aratosteetako pregoia irakurriko dute Astixa aisialdi taldekoek. Eta afaltzeko atsedenaldi laburra egin eta gero, karpa barruko jaiak gauean jarraituko du, 23.00etatik aurrera herriko DJ-ek eskainiko duten saioari esker. Jarraian, egitarau osoa:


Barixaku Erregularra
20.00.- Kaldereroen kalejira. Urkizutik Untzagaraino.
20.30.- Kaldereroen abestiak eta dantzak.
21.00.- Aratosteetako pregoia.
23.00.- Herriko DJ-en emanaldia. Untzagan.

Aratoste Zapatua
12.00.- Animazioa Aratosteetako karpan, San Kristobaleko Jai Batzordearekin girotuta. Ardo-dastaketa.
12.30 / 14.00.- Untzagatik hasita, Rockalean kalejira.
13.30.- Aratosteetako taberna eta kartel lehiaketen sari banaketa.
17.00.- Koko-jantzi lehiaketa, Galiziako Etxean.
18.00 / 21.00.- Kalejira Ustekabe fanfarrearekin.
18.30 / 20.30.- Umeendako berbena, Drindots taldearekin.
23.00 / 02.00.- Dantzaldia, Drindots taldearen eskutik. Untzagako karpan.

Aratoste Domeka
11.00.- Aratosteetako kalejira, Usartza Txistulari Bandaren eskutik.
17.00.- Umeendako Playback lehiaketa LH 5-6 mailetako ikasleentzat, ...eta kitto!-k antolatuta.
18.30.- Umeendako diskoteka DJ Arnorekin. Untzagako karpan.