Kaleak hartu dituzte kuadrillek, Ustekaberen doinuekin
Gogotsu irten dira Untzagatik herriko kuadrillak. Aurten, bero-boladaren eraginez, jaietako ekitaldi nagusiak ohikoa baino ordubete lehenago egin dira, eta kalejira ere aurreratu dute. Giro onean jaitsi dira Urkizuraino, Ustekabe txarangaren doinuek lagunduta.
Ondoren, Estaziñora joan dira, beste behin ere dultzaineroei merezitako ongietorria egiteko. Handik, berriz, Untzagara igo dira, jaietako pregoiaren eta txupinazoaren lekuko izateko.
Gaurkoan, beroak baldintzatuta, jaietako unerik esanguratsuenak ohikoa baino lehenago ospatu dira, baina horrek ez du festa-giro aparta lausotu. Kuadrillek gogoz eta alaitasunez eman diete hasiera jaiei.
Arratsalderako antolatuta zeuden hainbat ekitaldi bertan behera geratu dira: ez dira egingo kuadrillen arteko jokoak, ezta klarion tailerra ere, eta bertan behera utzi dute Lizarrako erraldoi eta buruhandien kalejira ere.
Gainera, barrakak itxita egongo dira 12:00etatik 20:00etara.
Beroari aurre egiteko, berriz, uretako puzgarriak jarriko dituzte Untzagan 20:00etatik 22:00etara.
Argazkiak: Silbia Hernandez






























