Kalean da martxoko Txikitto aldizkaria
Egun hauetan banatu dute TXIKITTO aldizkariaren 231. alea Eibarko ikastetxeetan LHko ikasleen artean (hemen daukazu PDF formatoan).
Zerura begira jarri gara Arrateko Andra Mari eskolako ikasleekin eta espazioa, unibertsoa, izarrak, planetak, astronautak eta, zergatik ez, estralurtarrak izan ditugu mintzagai. Eta nolako ezagutza erakutsi duten gainera!
Ez dakigu nagusitan espaziora joateko aukera izango duten, baina ziur gaude Manal Fenassii, Khadija Amir, Ines Bousbaanoam eta Imran Aktbach bikain moldatuko liratekeela bertan.
"Gure nagusiekin berbetan" atalean, Javi Charola aitxitxa eta Malen Mardaras biloba elkartu ditugu oraingoan La Salle ikastetxean. Gustura jardun dute kontu-kontari. Hemen duzue gure galderei eman dizkioten erantzunak.
Hori guztiaz gain, ikastetxeetako berriak, aratosteetako argazkiak, ikasleek egindako denborapasak, txisteak eta ipuina eta beste hainbat atal aurkituko dituzue.
Txikitto! aldizkaria irakurketa eta idazketa-trebetasunak lantzeko aldizkaria izateaz gain, ikastetxe-guraso-ikasle/seme-alaben arteko harremanak euskaraz izan eta ondo pasatzeko aukera ematen digun euskarri ezinhobea da. ...eta kitto! Euskara Elkarteak sustatuta, Ikasle eibartar guztiek HILERO eta DOAN ikastetxean bertan jasotzen dute aldizkaria. Egitasmoa partehartzaile eta irekia da: ikasle, irakasle eta gurasoen arteko elkarlanean oinarrituta dago. ALDIZKARIAK DESKARGATZEKO / BIDEOAK IKUSTEKO